Duela dozena bat urte iritsi zen Fagor Etxetresnak kooperatibaren hondamendia, bereziki Debagoiena eskualdean pairatu zena. Soka luzea ere ekarri zuen itxiera hark, eta bukatzear dagoen urte honetan bertan Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu du bazkide ohi batzuek jarritako salaketaren inguruan, borondatezko ekarpenen, maileguen eta erretiro osteko ordainketei buruzkoa. Baina fokua gaiaren beste hari-mutur batean jarri nahi dugu gaurkoan.
Izan ere, enpresa aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzaren eskutik egin zen azken ahaleginaren inguruan xextra handi samarra sortu zen. Kontua da 30 milioi euro jarri zirela Ekarpen funtsaren bidez (Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Kutxabank) eta beste 10 milioi Socade funtsetik (Jaurlaritza). Eta bitxia da orduan Arantza Tapia sailburuak entzun behar izan zituen guztien errepasoa egitea: hilabete batzuk lehenago kooperatiba salbatzeko lehenbailehen ahalegin handiagoa (diru gehiago) exijitu zioten askok, hain zuzen, arriskuak baloratu gabe diru publikoa xahutzeagatik salatu zuten dena pikutara joan zenean. «Kontxo!», esan genion askok geure buruari, horrela oso erraza da beti arrazoia edukitzea! Sailburuak, bide batez, onartu zuen erabaki zaila izan zela dirutza hura jartzea, baina ez zuela damurik. Egin behar zena egin zela.
Baiki, ez da samurra erabaki batzuk hartzea, are gehiago herri baten ekonomiaren eta langileen etorkizunera begira sekulako garrantzia izan dezaketenean eta begirada zorrotz askoren aurrean hartzen direnean. Ayesa-Ibermatica aferaren inguruan Gipuzkoan sortu den kalapitaren harira etorri zaigu gogora hasieran aipatutako historia. Laburbilduz, Gipuzkoan 1973an sortutako Ibermatica enpresa bere barnean duen Ayesa talde andaluziarraren sail teknologikoa berriz hona ekartzeko apustua egin da, eta horretan dihardute Kutxabankek eta Eusko Jaurlaritzak. Baina baita Bizkaiko BBK Fundazioak ere. Agian laster Vital Fundazioa arabarrak ere bide bera hartuko du.
Paradoxikoa dirudien arren, enpresaren sorlekukoa den Kutxa Fundazioak eman du ezezkoa. Etxeko adituek egindako txosten batek aholkatu du horrela jokatzea, inbertsioa egitea merezi ez duela iritzita. Horregatik eman zioten ezezko botoa EAJ eta Podemoseko ordezkariek. EH Bildu baiezkoaren alde atera zen; baita PSE ere, baina ñabardura batekin: soilik enpresaren egoitza Gipuzkoan ezartzen bazen. Hortik aurrera, eztabaida politiko sutsua, batez ere kritika gogorrak EAJri. Zehaztuz, Gipuzkoako EAJri, begi bistakoa baita operazio honen bultzatzaile nagusiak ere jelkideak direla, Mikel Jauregi sailburua lemazain.
Gauza asko entzun eta irakurri ditugu aldekoen eta kontrakoen artean, baina benetako arrazoibide gutxi. Etxeko adituek egindako txostenari heltzen diote batzuek ezezkoa zuritzeko, Gasteizen eta Bilbon kontrakoa dioten txosten batzuk ere badaudenean. Ahul samarra, beraz, azalpena. Besteek, ordea, hitz potoloak: progresoaren kontrako botoa, eliteen erabakia, eta abar. Hori ere ahula: inork benetan pentsatzen al du Gipuzkoako jelkideen baitan eromena, sadismoa eta masokismoa gailendu direla supituan eta bururatu zaiela Gipuzkoako ekonomia zigortzea eta euren buruari harrika hastea? Eztabaida mamitsuagoa espero genuen, baina ezin asko eskatu mamia ezagutu barik esaldi borobilak botatzen hasten direnei.
Aitortu beharko da, hainbat bider galdutako edota pasatzen utzitako tren askoren ondoren, estrategia dagoela orain, bertan errotuta dauden enpresak bertan mantentzeko edota garai batean errotuta zeudenak aberriratzeko. Ez soilik erakundeen artean, gainera. Talgo eta Uvesco horren lekuko. Erabaki zailak direnez, arriskutsuak beti, espero dezagun eragile politikoen artean Ibermaticarena hartu duten baino tenple hobexeagoarekin hartuko dituztela hemendik aurrerako eztabaidak. Inoiz ikusiko ez duguna da, denbora bat pasatzean, bata besteari onartzen arrazoia zuela, norbera zebilela oker.