Garazi Kamio Anduaga.

Erakusketa

2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Akordatzen zara Christian Karembeu futbol jokalariaz? Frantziako futbol taldearekin loria lortu zuen jokalaria izan zen Kaledonia Berriko arbasoak zituen mutila. Albiste izan zen, besteak beste, Madrilgo aireportuan bi kazetari jotzeagatik eta joko zikin samarra erabiltzeagatik. Hala ere, Karembeuren familia ere izan zen protagonista pasa den mendearen amaieran jazo zen albiste baten harira, eta ez, ez du zerikusirik futbolarekin. Hain justu, 1931n, Karembeuren arbasoak kaiola batean eraman zituzten Kaledonia Berritik Parisera, bertan erakusketa batean ikus zedin Frantziak zuen boterea, kanibalak ziren esklaboen jabetza erakutsiz. Sei hilabete egin zituzten kaiolan sartuta, harik eta Kaledonia Berrira itzuli zituzten arte.

Karembeuren familiaren kontua etorri zitzaidan burura galdera egin zidatenean: «Therian bat bazina, zein animalia hautatuko zenuke?». Ez dakit sekula galdera egin ote dizuten edo, lerro hauek idazteko denbora hartu duzula ikusita, halako zerbaitetan pentsatzen jartzeko gogorik izango ote duzun. Tira, baina hemen zaudela, nik ere nire erantzuna emateko probestuko dut abagunea: ez dakit zein animalia hautatuko nukeen, ez baitut sekula halako beharrik izan. Baina ikusirik therian-en mugimendua nerabeek jarraitzen dutela gehienbat eta noizbait nerabe ere izan nintzela, ama ekarriko dut akordutan: zerriek zuk baino garbiagoa dute ukuilua. Horratx familia bidez jasoko nukeen animalia. Karembeuren arbasoen ondoan jartzeko modukoa nintzen, antza.

Ezustean harrapatu gintuen bat baino gehiago gure inguruan therian horiek bazirela ikusi genuenean. Eta ez hori bakarrik; therian mugimendua bera baino, atzetik ekarri duen guztia ere izan baita deigarria. Begira ibili naiz, ez pentsa, eta ikusi dut 1990eko hamarkadan sortu zela Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan, eta ez dela ez antzerki kontua, identitatea baitu guztiaren erdigunean. Berrogei urte baino gutxiago da hau guztia sortu zela eta, kasualitatea izan ala ez, lehenengo therian topaketak otso-aldrenak izan ziren, eta barkatuko didazue atrebentzia, baina otso-taldeen kontua asko zabaldu da hamarkadatan barrena, eta zoritxarrez oraindik orain, Iruñea eta Sanferminak etortzen dira gure baitara.

Madrilen jendetza therian-en atzetik ibiliko dela jakin denean, transexualen bila has daitezkeela ere esan da. Eta argi halako inozoei, ez baitago haiei boterea ematea baino gauza okerragorik

Zabaldu du globalizazioak therian-en mugimendua eta atzetik ekarri duen olatu luzea. Gure nerabeen joko gogokoena bihurtu da animalien identitatea duten horien atzetik ibiltzea. Hala pasa zen Iruñean duela egun gutxi eta Euskal Herriko hiriburuetara barreiatu den moda berria da. Nerabe batek kontatu zidan pasa den astean: Donostian bertan omen zegoen therian delakoen topaketa bat eta Christian Karembeuren arbasoak ikustera joaten zirenak bezala irudikatu nituen nerabeak: Altzoko Handia berria dela katu sentitzen direnak kalean ikustea. Pentsa dezaket zuek, nik bezalaxe, halako gauzatan ez zenuketela denborarik galduko, eta pena handiagoa ematearren, badakizuela topaketa horiek ez direla existitzen eta azken batean gazte jendea biltzeko aitzakia bat dela.

Kezka iturri dira, hala ere, talde izugarri handietan mugitzen diren therian-en bilatzaile horiek. Pokemonak bilatzen ibiltzen ziren gaztetxoak duela hamar urte eta taldetan biltzen ziren orduan ere. Orain, therian-en atzetik doaz. Zer izango da hurrengoa, transexualen atzetik ibiltzea eta euren identitatea lupa batekin aztertzea? Izan ere, bada kontu hauek ulertu ez eta therian-ak eta transexualak talde berean sartu dituenik ere; Madrilen jendetza therian-en atzetik ibiliko dela jakin denean, transexualen bila has daitezkeela ere esan baita. Eta argi halako inozoei, ez baitago haiei boterea ematea baino gauza okerragorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA