Ana Malagon.

Errespetagarrien kluba

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

David Garrick aktore eta enpresa gizon ezagun bat izan zen XVIII. mendeko Ingalaterran, mende batzuk lehenago William Shakespeare edo ondoren Laurence Olivier izango zenaren antzera. Londresko West End-ean antzoki batek bere izena darama eta baita azken asteotan zeresana eman duen gentlemen’s club batek ere. Kluba irudikatzen ari zara dagoeneko, ezta? Larruzko Chesterfield besaulkiak eta sutondoan The Times egunkaria irakurtzen ari den marra diplomatikodun traje baten galtzak, hankak gurutzaturik, aldamenean whiski garesti batek itxaroten duen bitartean. Espioitza sare baten ohar kriptikoak ikusten ari zara alde batetik bestera zilarrezko bandeja batean bidaiatzen. Edo Michael Caine norbaitekin bazkaltzen. Hori dena.

1831n sortu zen The Garrick Club, «aktoreek eta errefinamenduzko gizonek maila berean elkartzeko» toki bat izan zezaten. 2015ean Amelia Gentleman kazetariak (hori da bere abizena, benetan) The Guardian-en idatzi zuenez, garai hartan «aktoreak ez baitziren gizartearen partaide hain errespetagarritzat hartzen». Errespetagarritasuna lortzeko oso garrantzitsua zen (eta da) ondo harremantzea, meritua baino gehiago.

The Garricken bazkide zerrenda filtratu zen duela aste batzuk, hortik zalaparta. Gizonezkoak dira izen guztiak, klubak ez baitu emakumezkorik onartzen. Klubaren baitan ematen diren harreman horiek izatea ukatzen zaie. Bertan epaileak, politikariak, Charles erregea bera, establishment-aren eta kulturaren bestelako pertsonak daude. Eta aktoreak. Beti egon direlako aktoreak. Hauei bereziki, suposatzen zaien aurrerakoitasunagatik edo, batzuek bere burua feministatzat edo sozialistatzat dutelako gainera, oraindik emakumerik onartzen ez duen instituzio baten parte izatea leporatu zaie. Kultur arloko pertsona «errespetagarriek» aldaketa barrutik egiten saiatzen ari direla diote, beste batzuek ziurrenik ez zioten bere inguruan eserita dauden ile zuriko gizonei begirada bat bota ostean buelta askorik emango.

Gauzak aldatzen joan diren arren badira, The Garrick bezala, oraindik emakumerik onartzen ez duten hainbat klub. Gonbidatu bezala sar daiteke bakarrik emakumea, inoiz ez bazkide. Gizonezkoen artean lasai egoteko santuariotzat hartzen da, emakumeek ezartzen duten presiotik libre. Non entzungo genuen lehenago diskurtso hori? Ez zen Chesterfield besaulki batetik izango, egurrezko aulki batetik baizik. Emakume etorkin batek garbituko duen sukalde batetik akaso. Musean banatutako karta kaxkar batzuen atzetik.

«Emakumeek beraien klubak sor ditzatela, ez luke inork ezer esango», komentatu zidan aurrekoan batek. Zeozer esango luketela ziur egoteaz gain, botere harremanen eraginaren aurrean agertutako itsutasunak harritu ninduen. Gauza ez da emakume klubak egotea ala ez egotea (badaude), gauza da gizakiok onerako eta txarrerako ez garela konpartimentu estankoak eta gure harremanak lanetik maila pertsonalera eta alderantziz permeatzen direla. Eta boterearen zati nagusi bat gizonezkoa eta zuria da. Aurrekoan bridge-ra jolasten, gauza pare bat komentatu eta litekeena da bihar onartuko den legedian bere eragina izatea. Harreman eta eragin sare horrek eta esklusibitateak sor dezakeen isiltasunaren xarmak mantendu ditu halako lekuak. Batzuentzat ez dagoelako etxean ez egotea bezalakorik etxean sentitzeko.

Antzerkiaren naturaltasun eta errealismoaren bultzatzaileetako bat izan zen David Garrick eta klubak antzerkia biziberritzeko helburua izan zuen bere sorreran. Naturaltasunez eta errealismoz biziberritzeko ordua duela ematen du, Phileas Foggen Reform Clubekoek galdu zuten bezala, garai berri haiengandik desberdinak diren hauen apustua ez galtzeko. Hala ere, elitismoaren hertsitasunarena gainditzeko, Foggena baino askoz ere buelta handiagoa beharko dugu tamalez. Errespetagarritasun mota jakin horri buelta ematen badiogu inoiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.