Garazi Kamio Anduaga.

Errezelak

2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kalbinismoa Herbehereetan errotu zenean, etxeko errezelak kentzeko ohitura hartu zuten bertako biztanleek. Erlijioak hala eskatuta, anpulutasun eta handikeriarik gabe bizitzeko hautuari heldu behar zioten, eta horretarako, ezkutatzeko deus edukiko ez zutelakoan, etxean bertan zegoen oro ikus zezaketen kanpoan zebiltzanek. Ohitura hura gure garaietara iritsi da eta erabat arrunta da Herbehereetan errezelik ez izatea etxeetan.

Urte berrian, ohituraz eta menturaz, ezkutatzen ez ditugun desira eta nahiak ekartzen ditugu gogora: dena hobeto joango da, bizitza errazago zein ulergarriago baten alde joko dugu eta elkar ulertuko dugu elkarbizitza duin eta historiko baten alde, gure seme-alaboi begira begiak malkotan urtzen zaizkigula. Kaka.

2026 berri honek zelofan paperean bilduta ekarri du La Oreja de Van Gogh taldearen itzulera. Pelikuletako indioen danbor-hotsak bezala hurbildu zen albistea eta estreinaldia, marketing jokaldi borobil batekin lotuta, Urtezahar egunean etorri zen. Hego Euskal Herriko Whatsapp-ak dantzan jarri ziren izkiren biboteen lekua telefonoak har zezan edo telebistan Espainiako lehenengo katea ikus zedin.

Ordutik hona, milioika lagunek ikusi dugu bideoklipa, izan zuzenean edo Urteberriaren ajeak ondo astinduta. Ez naiz taldearen zalea, aspaldi entzuten nituen euren kantak, nerabezaroaren azken astinaldietan, eta oso gertutik eta drama tantarik gabe, pasa den udan sortu ziren txutxu-mutxuak jarraitu nituen, Leire Martinez eta Amaia Monteroren izenak hainbat elkarrizketatan entzunda.

Ez dakit notak pentagrama batean jartzen eta ez naiz nor melodiaz eta harmoniaz hitz egiteko. Kantaren hitzak? Ez ditut askorik gustuko baina duela 25 urteko disko haietan entzuten zirenen antzekoak direla esango nuke. Jainkoa dutela hizpide? Egin dezatela nahi dutena eta, jarraitzaileak pozik baldin badaude, bejondeiela.

Gogoratzen duzu artikuluaren hasieran esan dudana? Urtezahar gaua eta helduak euren umeei begira, begiak malkotan urtuta, urte berriak oparotasuna ekar diezaien desira bizitan. Eutsi argazki horri, arren.

Sekulako egurra jaso du Amaia Monterok. Izugarria da jendeak sare sozialen bidez eman dion jipoia: janzkera, ilea, makillajea, kantatzeko modua, aurpegian sortu zitzaion zimur bakoitza edo sortu zuen imintzio oro; dena pasa zen galbahetik. Egia esatera, ez dakit zenbat profesional egongo diren sare sozial horietan baina dirudienez milaka dira, kasualitateari ondo helduta, emakume baten itxura goitik behera larrutu dutenak. Psikiatrikora joateko gomendatu dionik ere bada, ez pentsa.

Ez dakidana da, inguruan zituen lau gizonezkoekin galbahe horrek zergatik ez duen funtzionatu. Izan ere, jipoi emozionalak ematen hasita, guztiek izan dezakete zerrenda luze bat kritika zorrotzei punta ateratzeko. Eta zuzen-zuzenean esanda, Monterok jasan duena ziberjazarpena da. Begiak urtuko baitzaizkigu seme-alaba ulerkor eta enpatikoak izango ditugula sinistuta, gero guk halakorik egiten ez dugunean. Esango diegu emakumeok libre bizi behar dugula eta aske izan nahi dugun moduan janzteko. Bada ez, hori guztia kritikatzeko zilegitasun osoa dugu. Utziozue nahi duen bezala janzten eta orrazten, ahotsa badu eta. Beraz, argi dago: gure umeentzat nahi ez dugun hori, helduok libre eta lasai egiten dugu.

Onintza Enbeitak Gabonak gustuko dituela esateagatik bereak eta bi entzun behar izan zituen, eta nago oso ohituta gaudela errezelak ondo itxita daudela bizitzera: apustu egingo nuke kritika mingarriak egin dituzten askok abestia goitik behera kantatu dutela etxean eta estrategia fin bat josten ari direla taldearen kontzertura joango direla inork jakin ez dezan.

Galdera oso sinplea da: norbaiti min ematen al dio? Erantzuna ezezkoa bada, utzi bakean. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.