Sabel puztuak besterik ez ditut inguruan. Bai, esana zidaten 30ak igarota hori gertatuko zela, baina ez nekien tsunamia hainbesterainokoa izango zenik. «Ugalketa krisia? Bai zera!», esanez amaitzen ditut azkenaldian gaiari buruz izaten ditugun elkarrizketak. Eskerrak dagoeneko lezio parea ikasia dugun, eta ia inork ez didan «eta zu, zer?» galdetzen.
Ez baitut inoiz jakin galdera horri zer erantzun. Nire lagunak, senideak, lagunen lagunak jada bigarrenaren esperoan; eta ni, zer? Bada, zer nahi duzu esatea… uste dut ez dudala inoiz jakingo ama izan nahi dudan ala ez. Bai, baietz, badakit egun ama diren askok ez zutela sekula argi izan ama izango zirenik testean positiboa agertu zen arte; baina bi erabakien arteko soka tenkatu horretan funanbulistarena egin eta, hara! Ama izatearen aldetik erori ziren sarera azkenean. Borondateren bat egongo zen hor, diot nik.
Erabakiak hartu beharrak paralizatu egiten nau sarritan. Jendeak pentsatu izan du, akaso oholtzara sarritan igotzen naizelako, pertsona ausarta naizela; baina nik behintzat ez dut nire buruaren sentsazio hori. Erabakien aurreko paralisia, horren adibide.
Iseo abeslariari behin entzun nion hautatu gabe gelditutako errealitate horiek existitzen ziren leku baten inguruan amestu zuela. Errealitate horiek oihuka eta negarrez bizi ziren, hautatuak ez izanaren tristurak eta arrangurak janda. Ideia ederra iruditu zitzaidan arren, nik ezin izan nuen leku beldurgarriagorik imajinatu. Bizitza osoan zehar baztertzen joan naizen aukera guztiak oraindik ere bizirik daudela jakiteak sekulako antsietatea eragiten dit. Nahikoa izan nuen bere garaian erabaki bat hartu eta bestea errefusatzeko lana hartzen!
Ni baino dexente zaharragoa den eta asko maite dudan senide batekin amatasunaz hitz egiterakoan, berak familia ugaltzeari buruz duen perspektiba kontatu zidan. Spoiler: ez ninduen lasaiago utzi. Bere ustez, haurrak izatearen garrantzia ez dator bat familiaren zabalkundea zentzu kristauan ulertzearekin. Ez dio ardura abizena galtzeak, ez dio ardura ondare immaterial bat transmititu gabe gelditzeak, ezta gabonetako afarietan gero eta jende gutxiago biltzeak ere. Ardura diona, funtsean, gizarteak berari txikitatik eman diona itzultzea da.
Eta gizarteari, bere demokrazia eta zerbitzu eta aurrerapen guztiekin eskaini dizuna bere horretan itzultzeko, pertsona gehiago ekarri behar omen dira mundura, demokrazia eta zerbitzu eta aurrerapen gehiagoren sustatzaile izan daitezen. Ene! Hori hala bada, a ze existentzia makabroa gurea.
Egia da batzuetan pentsamendu horren haritik tiraka hasi eta leku kezkagarri batzuetara iritsi izan naizela. Alaba bakarra naiz, eta gurasoak zahartzen direnean, eurak zaintzeko senide zuzen baten laguntzarik izango ez dudala pentsatzeak batzuetan kezkatu egiten banau, ondorengorik gabe zahartzen banaiz... pentsa!
Baina ez dakit, hasi beharko genuke benetan pentsatzen zaintza sareak ez duela zertan familiatik etorri, ezta? Denok dugula maite gaituen norbait baino gehiago, eta denok maite dugula pertsona bat baino gehiago, nahiz horiek ez familia zuzenetik etorri, ezta? Agian utopia handiegia planteatzen ari naiz.
Eta, inguruan ditudan amekin hitz egiterakoan, azken dardoa: ez omen dago haur batekiko izan daitekeenaren adinako maitasunik. Hori zer den jakin gabe geldituko naiz?
Bitartean, irakurri dut Karena, irakurri dut Amek ez dute, irakurri dut Hamnet. Nire funanbulista-sokak tenkatuta jarraitzen du eta hortxe noa aurrera, makila luze bati horizontalean helduta, beheko sareari ez begiratzeko ahaleginetan. Zein aldetatik eroriko naizen; ez dakit oraindik.