Aner Euzkitze.

Euskara erakargarria

2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz artea, politika edo, are, bizitza egiten duen edonori tarteka eta ziklikoki gertatzen zaion gauza bat da euskarari buruz galdetzen diotela. Euskarazko zutabegile baten idatzi gabeko arauetako bat da batzuetan euskarari buruz idaztea. Bertsolari batek badaki gutxienez hiruzpalau saiotik behin euskara hitza errimatuko duela. Euskal egunkariek arlo tematiko beregain gisa izaten dute. Euskara-taldeak daude herrietan, unibertsitateetan. Euskalgintza egituratu bat existitzen da.

Hori dena da, noski, euskaraz hitz egitea ez delako neutroa, ez delako edozein hizkuntzatan hitz egitea, posizionamendu politiko bat adierazten duelako. Hori, euskara hizkuntza gutxitu bat izatearen ondorio da, baina ona da nire ustez. Hizkuntza mailu bat bada, jo egin behar du. Euskaraz egiteak ez balu esanahirik, funtzio emantzipatzailerik, balio semantiko erantsirik, gauza bera litzateke euskaraz edo erdaraz hitz egitea, lau filologo frikirentzat salbu.

Erdi brometan baina ez hain brometan, esan daiteke euskaldun oro dela pixka bat hizkuntzalari eta aski soziolinguista. Ez zaie gauza bera gertatzen espainol, frantses edo ingeles-hiztunei. Haiek ez dira kezkatzen haien hizkuntzaren erabileraz, iraupenaz, galbideaz. Hori, euskararen biziraupenerako, aldi berean da txarra eta ona.

Kezka horretatik eta ziklikotasunaren barruan, duela zenbait denbora zera galdetu zidaten: nola egin euskara erakargarri gazteentzat? Galderak asumitzen du badaudela gazteak erakartzen dituzten gauzak eta ez dituztenak, eta euskara ez dela haietako bat. Pentsatu egin beharko genuke, ordea, baldin eta hala badira, zergatik diren erakargarri erakargarri diren gauzak. Ez da hain kontu sinplea, inondik ere.

Erakargarritasuna eta desiragarritasuna ezin dira ulertu propietate finko eta aldaezin bezala. Plazera, erakarmena, desira... ez dira gertatzen, gertarazi baizik. Desirak produzitu egiten dira lehenik, estimulatu gero, eta horren ondoren desiratzen dira, ez lehenago. Existitzen ez dena ezin da desiratu. Alegia, uste baino errazagoa izango dela kontua, ziurrenik: gaztelania, frantsesa edo ingelesa Euskal Herrian ez dira desiragarriagoak politagoak, errazagoak, espresiboagoak edo txukunagoak direlako, haien aldeko indar soziopolitiko, mediatiko eta ekonomiko handiagoa egin delako baizik. Gehiago inposatu direlako, besterik gabe. Ez da azkarrago joaten vite edo rápido joaten dena, baina errekonozituagoa da bere abiadura.

Euskara erakargarriaren alde, hortaz, bi gauza egin daitezke. Estimulatuta dauden desirak identifikatu eta euskaratzea da bide bat, baina atzetik joatea dakar. Erdal industria handiek sortu dutena imitatzea litzateke, funtsean, eta ez da oso eginerraza. Bigarren aukera litzateke euskalgintza herritarretik eta instituzionaletik pentsatu eta erabakitzea zein desira izan daitezkeen estrategikoak euskararentzat, eta indarra egitea desira horien produkzioan eta estimulazioan.

Hizkuntza baten ezaugarri metalinguistikoek inor xarmatzea zaila da. Hortik komunitate sendo eta bizigarriak sortzea irreala. Baliteke, euskararen alde egiteko, euskarak eduki izateari utzi behar izatea pixka bat, eta tresna bilakatu. Sor ditzagun euskal komunitate desiragarriak, hizkuntzak inguratuak, eta ez hizkuntzaren ingurukoak. Arriska dezagun desiren produkzioan. Sor ditzagun beste hizkuntzetan funtzionatu ez duten gauzak, probatu ez direnak, euskaraz bakarrik egingo direnak. Bihur dezagun interesgarri euskararen komunitatea bera, eta ez euskara edo ergatibitatea edo etimologiak edo Irulegiko Eskua. Hizkuntzak komunikatzeko dira, ez maitatzeko.

Beharbada ez da hain zaila. Nola egin erakargarri euskara gazteentzat? Ba zaharrentzat bezala: gauza erakargarriak eginda.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.