Lide Hernando.

Ez da alferrik

2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten alaba ingeles klaseetara eramatea erabaki dute gurasoek. Astelehenetan eta asteazkenetan izango ditu saioak, ordubetekoa bakoitza. Horrez gain, aurreko ikasturteetako eskolaz kanpokoekin ere jarraituko du, noski: igeriketa saioak ostegunetan bi orduz, xake klaseak asteazken eguerdian, bazkaldu bezain laster; eta txeloa, astearte iluntzeetan. Asteburuetan, eguraldia lagun badute, mendira aterako dira; euria ari duenean, ordea, alabak telebistako animaziozko telesailak ikusten gelditu nahi izaten du sarritan, eta, beraz, beste hainbat denbora-pasarekin tentatzen saiatuko dira gurasoak: liburuak, mahai jokoak, gurutzegramak. Burua elika dakiokeen edozer.

Izenik jarri ez dudan arren, badakit irakurle asko identifikatuta sentituko direla egoera honekin; bai gaztetxotan hezur-haragitan bizi izan dutelako, bai guraso gisa euren seme-alabekin duten egunerokoa delako. Ni ez naiz ama, baina deskribatu dudanaren antzeko bizitza neraman gaztetxoa nintzenean; eta, kasualitatea, egun ere hala jarraitzen dut. Ez txeloarekin, xakearekin, igeriketarekin eta ingelesarekin; baina bai iritzi artikuluekin, jornada erdiko lan batekin, ikastetxeetako hitzaldi musikatuekin, irratiko kolaborazioekin eta musika proiektu batekin.

Zutabe honen norabidea zein den gaizki ulertu duenarentzat: ez, ez naiz ari guraso bezala zuen haurrei gero eta heziketa kaxkarragoa ematen diozuela esan nahian. Kontuaren erroak askoz ere sakonagoak direla uste dut: alegia, gizakiaren eboluzioaren punturen batean, ahaztu zitzaigula produktibo ez izatea ere gizaki izatearen zati esentzial bat dela. Galdu behar ez den dohain bat dela —eta bai, dohaina esan dut—, pikutara joan nahi ez badugu.

Zenbatek neurtzen duzue zuen balioa egiten duzuen horretan? Edo, aitzitik, zenbatek uste duzue ez duzuela tutik ere balio, ezer produktiborik egiten ez baduzue? Nik oso gogoan dut ikasketak amaitu osteko hiru urteetan, krisiaren azken buztankadek lana lortzea ezin zailago egin zuten garai hartan, zein zen nire buruak egunero igortzen zidan mezua: inutila zara. Ados, baliteke gurasoen etxetik alde egin eta nire bizitzaren gastu ekonomikoaren erantzukizuna hartzeko behar morala sentitzen nuela, euren lasta bat izaten ez jarraitzekoa. Baina, urteak joan ahala, ohartu naiz barren-barrenean arrazoia bestelakoa zela: produktibotasunaren jonkia naizela, eta puntu. Gauzak egiten egotea ez dela soilik nire ongizatearekin guztiz lerratuta egon beti, baizik eta nire kapital erotikoa ere egiten dudanaren menpe jarri izan dudala, berez, egonean, naizenaren menpe jarri beharrean.

Zutabea haur baten eskolaz kanpoko jarduerak zerrendatzen hasi badut, ez dut hasi inondik inora ere gurasoak horren erantzule eta errudun absolutu direla esateko; baizik eta produktibotasunaren sukar hori haur garenetik hasten dela ikus dezagun. Txikitatik irakasten zaigu alfer izatea bekatu mortala dela; egiten dugun orok izan behar duela zerbait eraikitzailea, hezitzailea, hazkundean integra daitekeena. Baina ez hori bakarrik: oporrak ere, hondartzan botata egoteko erabili beharrean, burua elikatzeko erabili behar direla, aizu! Eta zinemara zoazenean ere, ekarpenen bat egingo dizun film bat hauta ezazu The Avengers-en azkenaren ordez, faborez!

Baliteke, gizarte kapitalista batean bizitzea egokitu bazaigu, etengabe gauzak egiten ibiltzearen bertute hori lagungarri suertatzea oihanean ez hiltzeko. Gure basoan, txitxarra izan da beti harrapakin perfektua.

Baina jakin beharko genuke: alferra izatea ez da alferrik. Kontenplaziotik gauza dexente atera daitezke. Haizea aurpegian sentitu, nik zer dakit. Sentsazio goxo bat besterik ez duzu aterako horretatik, baina ez al da hori bizirik egotea?

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.