Esnatu eta gorputzaldi kuantiko batekin jaikitzea gustatuko litzaidake. Ez dakit oso ondo —oso gaizki ere ez— zer esan nahi duen, baina ezjakintasunarena konputagailu kuantikoaren inguruan orokorra dela esango nuke, ezaugarri bat ia-ia, eta beraz, lasai nabil. Asunto kuantiko hau erakargarria egiten zait oso, seguruenik arreta handiz irakurriagatik ere ez dudalako lortu, eman dituzten azalpen guztietan, fitsik ere entenditzea. Zero. Sokratesek ez zekiela ezer, hori banekien, eta orain badakit, mundu kuantikoari dagokionez, Sokrates bezala gabiltzala gehienok.
Baina hala ere, mugarri historikoa izan zen konputagailuaren inaugurazioa. Beldurrak airean jarri nintzen TB aurrean, ez ote zioten ordenagailuari agurra dantzatuko, eta bertso bat kantatuko; baina ez, ez zen aurresku kuantikorik izan. Izen ingelesekoa noski (IBM Quantum ez-dakit-zer, dena da ezjakintasuna nire artikulu honetan), apustu ikaragarria omen, zerbaiten puntaren puntan jartzen gaitu eta guztiok poztekoa eta harro sentitzekoa da. Apustua omen, hurrengo urteetan aplikazio praktikorik ez baitzaio ezagutzen, baina ondo ateratzen bada… Teknologiaren maparen erdigunean jarri omen gaitu dagoeneko! Seguru? Mapa kuantikoek badute erdigunerik? Harritzen naiz… Baina tira, hasi omen da talentua erakartzen, start-up batzuk sortu dira eta ezin positiboagoa da dena.
Gastatu –inbertitu, barka—ditugun sosekin 300 ikertzaileren 10 urteko soldata duin askoa pagatuko genukeela, konputagailu kuantikorik gabe kalkulatu dut, baina ez nadin demagogoa izan: apustua da, eta garrantzitsua.
Apustu honetan ezjakintasunak ez ezik zalantza handi bat badut, hala ere: guregaintasun teknologikoan inbertitzen ote dugun. Hau igual hala da, baina ez dut entzun/irakurri, eta hala balitz esanen lukete, ez? Alegia, teknologiaren jabeak gu izango gara, edo IBM? Izan ere, aste honetan ere ikusi dugunez, ez dakit zer zerbitzarik puzker txiki bat bota eta diarrea guri sartzen zaigu, guk egiten dugu kaka galtzetatik behera. Eta ez legoke gaizki sosak bideratzea menpekotasunak gutxitzera, nahiz eta horrek inaugurazioetarako aukera txikiagoak eskaini.
Edonola ere, hori ez da izan erdiguneratu gaituen mapa bakarra, ez izen ingeles bakarra, ez talentu iman bakarra. GOe ere inauguratu dugu, eta errealitate handituko betaurrekoekin ikusteko pintxoak egiten hasteko moduan gara.
Sukaldaritza eta gastronomia, puntako ikerkuntzarekin. Inbertsio honek ere handiak ekarriko dizkio Donostiari (eta EH osoari, jakina), ekarriko dion hori zer izango den ez badakit ere. Baina kalkulu ez kuantikoak egiten badakidanez, eta demagogo handia naizenez, kalkulatu dut unibertsitate pribatu bati erregalo eman dizkiogun diruekin 300 laguni 10 urtez, gauero gauero, afari txukun bat eman ahalko geniekeela. Baina jakina, talentu handirik gabeko jendea izan liteke hor…
Beti kontra? Beti zaputzean, progresoari zangotrabak jartzen!
Ez, bada. Ondo deritzot inbertitzeari, eta puntako ikerketa eta teknologia sustatzeari —erakunde pribatu bati lur publikoa oparitzearekin ez nago ados inolaz ere ez, hori bai—, eta badakit limosna ez dela ezeren soluzio; baina esaera zaharrak dioen legez: ez diezagula pintxo birtualak elikagai-bankua ostendu.
Eta esapide berria ere badut, EITBko informatiboek oparitua eta nik gustura asko barneratua, ez nabil beti purrustaka. Nola adierazten da zerbaitekin, albiste batekin adibidez, nazka-nazka eginda zaudela, albistea musika alorrekoa baldin bada? Belarrietaraino egon! Adibide bat: ni egunotan (Van Goghen) belarrietaraino nago!