Badator familia bere kanoiekin. Ez dira metafora belikoetarako garairik onenak, baina ikusten da instituzio familiarra lekua eskatzen. Diotenez, maitasun puruaren habia. Patuz eta odolez elkartu diren pertsonen arteko amodio eternal bat, lotura ia espiritual bat, betidanik betiko. Maite du aitak ama eta amak aita, maite du amak bere aitaren ipurdia garbitzea, semearen galtzontzilloak, amonak maite du ilobak maite dituen kroketak egitea. Eta maite dena doan egiten da. Ez dago soldatarik amodioa dagoen tokian, horrek erromantizismo guztia zapuztuko luke. Familia, ordea, ez da harreman sozialetatik at dagoen nukleo emozional bat: produkzio-unitate bat da.
Erregimen patriarkal kapitalistak behar ditu enpresa txikiak, zelulak, oinarrizko bizi-baliabideak eta subjektuak kostu ekonomikorik gabe produzituko dituztenak, gainbalioaren katean. Familiak emakumeak desjabetzen ditu, eta produkzio-erlazio horiek dira subjektuak sortzen dituztenak, ez alderantziz: harreman kapitalistek burgesak eta langileak; harreman patriarkalek gizonak eta emakumeak; harreman kolonialek zuriak eta arrazializatuak.
Hargatik, zaintza familiarra ez da detaile kuki bat, esplotazioa da. Fardelak aldatzea eta komunak garbitzea ez dira lan erreproduktiboak, lan produktibo ez-ordainduak eta ez-errekonozituak dira. Eta esplotazioak, esplotatzaile eta esplotatu izatea desiratzen jarrai dezagun, behar ditu egitura eta kontzeptu lubrikanteak: familia, ezkontza-kontratua, heterosexualitatea, monogamia, maitasuna, zaintza, fideltasuna.
Urteak dira transfeministak hau esaten ari garela, eta familia urduri dago. Unitate familiarrak babesten duen gizon-klasea beldurtzen ari da, emakumeak honetaz enteratuko diren eta ez duten doan lan egin nahiko haientzat, haien subalterno izateari utzi nahiko ote dioten. Ezin liteke! Eta horregatik 80/20, horregatik gero eta emakume ezkongabe gehiago.
Ezinbestekoa da familia termino politikoetan aztertzea, desfamiliarizazioa pentsatzea eta horretarako politika publikoak martxan jartzea
Horregatik berriz puritanoak emakumeen eskubideen alde (sic). Horregatik puten lanari buruzko eztabaida. Lana eta produkzioa dela eskuarekin eta buruarekin egiten dena, baina aluarekin, uzkiarekin eta titiekin egiten dena ez, hori gorputza saltzea dela. Badu kirats bat alua emakumeen gorputzaren sinonimotzat hartze horrek. Emakume publikoek gorputza saltzen dutela baina pribatuek maitasuna oparitzea erabaki, moral patriarkal argigarri eta arrazionalari esker. Lan kapitalista abolitu nahi dela baina putena lehenbizi, azkar, eta besteak gero. Lan-eskubideak ondo baina segun. Puta antolatuen eskaerak, aldarriak eta proposamen politikoak, tira. Zaintza-lanak erregularizatzea ondo, eta garbitzaileen grebak, borroka sindikala oro har, baina putak ez, putei baliabideak eman behar zaizkie, orokorrean, desira dezaten McDonald’s batean esplotatuak izatea eta ez beste inon, hori ez baita gorputza saltzea baina bestea bai. Pentsa, bestela, kontratu sexualari osotasunez begiratzen hasi eta ezkontza-kontratura iritsiko bagina. Ama-emaztetasuna abolitu beharra balitz ondorioa. Senar gaixoak.
Era berean, horregatik berriz euskaltzale batzuk familiari eta arnasguneei deika. Euskara salbatzeko behar direla familia oso nuklear oso euskaldunak, ume asko egingo dituztenak, serieka. Endogamia euskaldunak salbatuko du euskara, eta zikinkeriarik gabeko ikastola segregatuak, transmisio forma bakarra bertikala eta goitik beherakoa delako, eta arnasa guk guretzat gurea behar dugulako. Etorkinek ere ez dute euskara ikasten alferrak direlako, falta zaielako kontzientzia eta ez dirua, etxea, paperak, lana. Ai, gure amona elebakar mitologikoak! Haiek bai euskara salbatu. Halako gehiago behar ditugu, haien gizonak, seme-alabak, ilobak baldintzarik gabe zainduko dituzten amonak.
Ezinbestekoa da familia termino politikoetan aztertzea, desfamiliarizazioa pentsatzea eta horretarako politika publikoak martxan jartzea. Dena ez da erreakzioa, ari garelako da hau: horregatik lagunen zentralitatea, horregatik borroka antiheterosexuala eta bollerismoa, horregatik lorpen feministak.
Gero, ziurrenik, beti agertuko dira gizon asko eta emakume batzuk eta esango dute haiek gustura daudela hor, inork ez duela inor esplotatzen eta bortxatzen. Eta dena baretuko da eta gu izango gara eroak berriz.