Autoan nindoan senideekin. Betirako kopilotu izateko pribilegioa irabazi dut mareatzen naizen aitzakiarekin. Jadanik ez naiz hainbeste mareatzen, baina denok mantendu nahi ditugu gure pribilegioak. Gutxiago mugitzen den leku batean esertzea. Debako bihurguneko neska ikusteko palkoa. Nafarroa gurutzatzen ari ginen, ordea, bihurgunerik gabeko errepide batean, eta ez dakit nola atera zen, nire garun honen txoko infestatuenetik, zalditeria arinaren erreferentzia. 2021 inguruan sare sozialen euskarazko nitxoan bazenbiltzan, gogoratuko zara zalditeria arinarekin. Bai, Amaiurren grabaturiko bideo batean pulpitu batetik «gezur puta» oihukatzen zuenarena. Ezagutzen baduzu, zure buruan bere ahotsa entzuten ari zara oraintxe bertan. Eta ez baduzu ezagutzen, bilaketa egitea gomendatzen dizut. Interneteko euskal folklorearen famaren aretoan dago.
Baina Malagon, folklorea al da hori? Bueno, folklore zeri deitzen diogun adostu beharko genuke lehenengo, eta definizioa anitz eta zabala izan daiteke. Arte, mitologia, adierazpen kultural, talde baten bizimodu baten isla... horri guztiari eta aldi berean beste zerbaiti deitu izan zaio folklorea. Eta nor naiz ni akademikoki zehatza den definizio bat erabiltzen hasteko. Folklorea mitologiara eta irudimen kolektibora sublimaturiko errealitateak dira niretzat hein handi batean, baina badakit oker nabilela. Beti bezala.
Alderantzizkoak, hau da, errealitatera jaitsitako mitologiak, ibilbide luzea du Interneten. Hala ere, dena atzekoz aurrera eta hankaz gora bizi dugun garai honetan gailentzen ari dena beste zerbait da. Italian Brainrot bezalako fenomenoak, adibidez. Meme, peluxe eta Panini-ren kromo bilakatu dituzten adimen artifizial sortzailearekin egindako bestiario perturbagarri samar bat da hau, mitologia sintetiko bat nolabait. Pentsatuko duzu ni naizela perturbaturik dagoena, baina zin degizut Tiktok-eko norbaitek 2025ean egindako Tralalero Tralala deituriko tiburoi batekin abiatu zela dena. Surrealismoaren eta post-ironiaren artean mugitzen dira piztia hauen inguruko narratibak, izen absurdoak eta zentzurik ez duten bideoak. Fenomeno zaratatsua eta kaotikoa dirudi, baina batez ere, komertziala da.
Adimen artifizialarekin sortutako slop deituriko eduki hau guztia ez da ez artea, ez folklorea, eta egia esan, ez dakit nola deitu ere, baina zerbait da eta hemen dago, gure amesgaiztoak elikatzen maiz, dena «gezur puta» bilakatuta, zalditeria arina noiz etorriko zain gauden bitartean
Eta folklorearen definizioari itzuliz, beharbada sintetikotasun kaotiko eta komertzial hau guztia gaur egungo bizimoduaren adierazpen onenetako bat izango da, baina ez dakit zein neurriraino deitu diezaiokegun folklore. Aurreko sasi-iraultza teknologikoa soziala eta harremanetan oinarritutakoa izan zela sinetsi genuen. Sasi-iraultza hau mandatuak eman eta erantzutean datza. Prompt deitzen zaio adimen artifizialari agintzeko erabiltzen den testuari, baina batez ere gu gara prompteatuak izaten ari garenak derrigorrezkoa eta saihetsezina omen den etorkizun bat betetzera bultzatuta.
Leienda urbanoen lekuan orain buloak aurkitzea ere bideraketa horren parte da, transmisioan dagoelako alderik handiena: buloek kanal jakin eta ezagunak dituzte, orkestrazio baten piezak dira. Leienda urbanoak amorfoagoak ziren eta kontrolaezinagoak nolabait, helbururik, jatorri jakinik eta frogarik gabeko istorioak. Naturalagoa zirudien transmisio baten bidez barneratzen genituen eta gure memoria kolektiboan txertatu. Transmisio sintetiko deliberatu eta etengabean bizi gara orain. Folkloreak, arteak bezala, gizakiona izan behar duelakoan nago. Digitala denean ere, organikoa. Eta adimen artifizialarekin sortutako slop deituriko eduki hau guztia ez da ez artea, ez folklorea, eta egia esan, ez dakit nola deitu ere, baina zerbait da eta hemen dago, gure amesgaiztoak elikatzen maiz, dena «gezur puta» bilakatuta, zalditeria arina noiz etorriko zain gauden bitartean.