mikel elorza

Gabon zerak

2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Banator nire azken artikuluarekin, hauxe da despedida. 2025ekoa, alegia. Nire azken artikulua musikarienen tipokoa baita, azken kanta, azken kontzertua, azkenaren bezperako beste azken kontzertua… Hamabortz egun barru hemen izango naizela, alegia, beti bezala, lata ematen eta gizartearen alde ilun eta makurrak agerrarazten. Baina gaur ez, egun goxoak dira hauek eta baikor eta alai nator.

Hemen dira Eguberriak, neguko solstizioa, gabonetako oporrak, beren oturuntza, distira-argi, zarata, biltzeko paper, kontsumismoaren inguruko gogoeta, autoflagelazio eta eztabaidekin —gabon kantak bezalaxe, urtero errepikatzen direnak—; beren pertsonaia mitologiko eta Disneyk asmatuak izanagatik ere milenariotzat dauzkagunekin: oraingoz nagusiki gizon edadetu xamar bizardun tripandiak baina, kasu, gymbro gazte guri depilaturen bat ez beranduan ager liteke, influencer batzuek tripi-saio zorioneko bat izan dezaten baino ez da behar (eta marketing industria konplize bat, jakina); hor dabil jendea urrearen prezioan erosten Dubaiko txokolatea!

Mahai bueltarena liturgia sakratuenetakoa dugu gurean, eta bazkari eta afari apartak egingo ditugu. Falta direnak gogoratuz hasiko ditugu otorduok, eta amaituko pattar-botilaren etiketa ere irentsi duen senidearekin akordatuz, ohiko txiste txar, ohiko kontu zahar, ohiko komentario baldarrekin oparitzen gaituen horrekin (pattar, zer hitz zaharmindua, ez? Kanfor usaina dario).

Nahi gabe ere kristau, pobre bat eseriko genuen garai batean mahaian, baina pobreei urtean zehar ematen zaizkie afari solidarioak, zeinetara gu solidariook pagatuta ere ez garen joaten, eta gainera gure mahaian pobreak ez dauka honezkero tokirik: etxeko maskotak hartu du. Mahaian eseriko dugu eta Royal Canin premium emango Eguberrietako bere ontzi puntilladunean (eta jostailu berria arbolapean, prefosta!).

Musika aukeratzen ez dugu borrokarik izango, Mesias sarritan agindu zena sakro eta Hator, hator  jatorraren artean orekak egiten ibili beharrean, alugoritmoari eskatuko diogu noel-list bat egin diezagun, eta kito, denok dantzara. Ahal dela, bai, beti, pixka bat. Edo kartetan egingo. Edo kantuan. Sesioan. Edo TBko gabonetako berezi penagarriak ikusten. Bakoitzak nahi duena. Egun goxoak dira, errespeta dezagun elkar, maita dezagun elkar, gora bihotzak, ekipo!

Ez dira denak hala ibiliko, dena den. Bakardadean egunok igaroko dituenik ere bada, eta haiekin ere kupituko gara, urtearen gainerako egunak ere bakarrik pasatuagatik akordatzen ez bagara ere, eta zorigaitzaren atzaparretan harrapatutakoa ere makina bat izango da, zorigaitza, gabonak bezala, neguro berritzen baita (eta udaberriro, udaro…). Dena ez da txinparta, ardo-botilari bakarrik ez dario malkoa.

Eta artikuluko sniff unea izan da hau, igarriko zenioten.

Zero ospakizun ildokoak ere izango dira. Ospakizunen agnostikoak, egunok normalak balira bezala bizi dituztenak, edo ahalegintzen direnak, zaila behar baitu, arraioa. Oparia merezi dute horiek, benetan. Eta badaude, halaber, Eguberrietako zalaparta eta kontsumismo ero honi ihes egiteko irletako edo elurretako zalapartarako hegazkina hartzen dutenak ere. Denetarik baitago Eguberrien estalpean, denok dugu tokia, berdin du norbera zer den: kristianoa, paganoa, errepublikanoa, urbanoa, beganoa… denak humanoak gara.

Denak?

Eta, batez ere… humanoak? Ez dakit ba. XXI. mendeko galdera existentzial nagusia The Killers-ek formulatu zuen: «Are we human or are we dancers?» (gizakiak gara edo dantzariak?). Nik erantzuna garbi daukat.

Tira, finis coronat opus: orroka esandakoak ahaztu eta xuxurlatutakoak gogoan hartu. Nasdrovia, Euskal Herria.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.