Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Galdera basatiak

2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Egun batean, Lehen Hezkuntzako 3. mailan zegoela, hala esan zidan gure alaba txikiak klasetik irten ondoren: «Aita, gaur, malkoen eguna izan dugu eskolan. Klasekide baten aitona hil egin dute Saharako gudan eta negarrez etorri da gelara notizia gogorrarekin. Beste gelakide batek, berriz, matematikako azterketako nota jaso du: bosta; gaindituta, bai, baina kontua da gurasoak berarekin haserretzen direla, nahikoak baino gehiago atera behar dituela esaten baitiote, eta negarrez hasi da. Gainera, hori gutxi balitz, beste lagun baten malkoak ere isuri dira jolas orduan: hamaiketakoa zabaldu duenean, bokata barruan ez du espero zuena aurkitu: txokolatea beharrean, urdaiazpikoa eta gazta. Joe, aita,benetan, zenbat malko gaurkoan! Eta, hala ere, zer desberdina izan den malko bakoitza, ezta?».

Alabari entzunda, Heraklitoren ibaia etorri zitzaidan burura, malkoz beteriko jariotasunean. Heraklitoren arabera, ezin gara bi aldiz bainatu erreka berean, ez ura ezta gu ere, ez baikara berdinak. Pentsalari gaztetxoarekin berba egin ondoren, uraren, malkoen eta bizitzaren jarioak galdera gisa korapilatu zitzaizkidan...

Egia esan, askotan sentitu dut galdera batzuen hunkidura berezia umeekin solasaldian. Galderen erresuman haurrak dira nagusi. Zergatik hau, zergatik hori, zergatik hura? Ikerlari tematiak, nekaezinak ditugu. Horren adibide bat Ce n'est qu'un debut dokumental ederrean ikus daiteke. Bertan, Frantziako Jacques Prévert eskolan, Pascaline Dogliani irakasleak 4 urteko umeekin gidatutako tailerra deskribatzen da. Dokumental pedagogikoa, politikoa, zientifikoa, poetikoa. Oso gomendagarria, nire ustez.

Izan ere, haurren galderek jakintzagai guztiak nahasten dituzte, filosofo presokratikoek bezala. Haien ikerketen abiapuntu eta kezka nagusi izan ohi dira gizakion jaiotza, mundura ekarri dituen desira eta heriotza. Horiek dira, era berean, Miguel Hernández poetak bere poema labur eta ederrean aipatutako hiru zauriak: bizitza, maitasuna, heriotza. Eta umeen galderek ere zauri horien aurrean jartzen gaituzte, ezjakintasunari begira, harriduraren menpe. Ez al da horixe bera, harridura, Aristotelesen hitzetan filosofia abiarazteko motorra?

Galdera basatien aurrean, ume sentitzen gara behin eta berriz. Presokratikoek unibertsoaren jatorriaren inguruan egindako galderek ere, adibidez, haurtzaroko aspaldiko dardara berritzen dute, zorabioa. Haiekin batera sentitzen dut bizitzaren mozkorraldi filosofikoa, etengabe jausten ariko bagina bezala. Mugagabetasunaren jauzia.

Eta, zentzu horretan, gertuko beste adibide bat datorkit gogora. Gure seme txikiak, Lehen Hezkuntzako lehen mailan zenbakiak ikasten ari zela, hala esanzidan behin: «Aita, klasekideek, oro har, 100 zenbaki oso-oso handia dela diote. Baina, infinituarekin konparatuta, ez al dira zenbaki guzti-guztiak txiki?». Nik, orduan, Miletoko Anaximandrorekin lotu nuen berekezka: apeiron deitu zion unibertsoaren eta bizitzaren hasiera pentsaezinean kokatutako mugagabetasunaren ideiari.

Baina zein da artikulu honen haria? Zein da gure gaia? Matematika? Filosofia? Malkoen psikologia? Jariotasunaren fisika? Hori da kontua, pentsalari presokratikoen hausnarketetan ez dagoela jakintzagaien arteko muga edo bereizketa akademiko zehatzik. Mugen artean mugitzen dira: poesia, fisika, kosmologia, matematika zein mitologia nahastuta.

Eta, helduoi, gure haurtzaroa ahazteko joera badugu ere, bizitzaren une batzuetan bueltan etortzen zaigu izan ginen haurra, tximista baten moduan. Orduan, galdera basatiek harrapatu egiten gaituzte berriro ere eta galduta sentitzen gara galderen mugetan...

Ez nuke ahaztu nahi, hala ere, galdera, hausnarketa eta kezka horiek partekatu ditzakegula, hitzen haria elkarrekin lotu. Zaurietan lagun, ez gaudela bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.