Aroztegiko ekintzaileekiko elkartasunean, lurraren aldeko militanteei ezarri zaizkien isun estralurtarrak ordaintzen laguntzeko ekitaldia egin zen Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, igande arratsaldean. Bertsoa, kantua, poesia, pintxoak. Eta han zeudenen berotasuna, lokala beteta.
Handik 20 metrora, marra zuzena botata, igande goizean beste ekitaldi bat egin zen: gimnasio baten inaugurazioa. Bezeroak biltzeko deia, alegia. Musika, instalazioei bisita, pintxoak. Jende asko.
Balio du egungo munduaren erretratua egiteko, ezta? Elkarren aldamenean bi ekitaldi, egun berean, itxura batean bi unibertso arras desberdinetakoak. Garuna da batean gorputzeko organorik erabiliena; giharrak bestean. Kontrol eta ezarpenen aurkako gunea izan da bata (nahiz eta batzuek gune horietarako kontrol hitza baliatzen enpeinatu); gorputzaren kontrol eta diziplinaren erresuma da bestea. Bietan drogak ibiltzen dira, hor badute puntu amankomunik (gaztetxean drogak ibiltzen direla esatea komeni ez denez, hagintariek aitzakia gutxi behar izaten dutelako, esan dezagun bitamina-osagarriak hartzen direla). Jardun kolektiboak sustatzen ditu batak; jarduera indibiduala da bestearen oinarria. Esloganak ere desberdinak dira: «mens sana in corpore sano» batean; «zarata da bide bakarra!» bestean. Tira, esloganik ere parteka dezakete: «Ez errenditu!!».
Hala lirudikeen arren nik marraztu dudan erretratu guztiz partzial eta interesatu honekin, ez dira bi unibertso paralelo, ez dira nahasten ez diren olioa eta ura. Bezeroak ere partekatzen dituzte, eta behiala batzuek izango luketen konplexurik gabe pasatzen da jendea pankartak egitetik sentadillak egitera. Gaztetxean zuzenekoarekin dantzan gauez, eta biharamunean gimnasioan aurikularren erritmora zintan. Zergatik ez?
Horratx metro gutxiren tartean bi mundu, errealitate bakarrekoak. Paradigma aldaketa erakusten dute (hori zer den zehazki ez badakit ere). Eboluzionatzen goaz. Edo. 60-70etako harri eta zurak ez dute egungo euskal jendartea definitzen, ez geroxeagoko burdinak eta altzairuak. Malgutu gara. Aro likidoak bizi ditugu, zioen filosofo modernoak. Nik uste laster irakurri edo entzungo dugula: «izerdia da bidea!».
Eta hara, igandean ateratako polaroid sozial hau biribiltzen da, ene uste harroan, esaten badizuet 20 metro horietan, bi pabilioiak tartean duten espazioan dagoena biltegi bat dela: herriko zabor-biltzaileen almazena!
Elkarren aldamenean bi ekitaldi, egun berean, itxura batean bi unibertso arras desberdinetakoak. Garuna da batean gorputzeko organorik erabiliena; giharrak bestean
Izan daiteke gure identitate berriaren definizioa. Zer gara? Garuna, giharra… eta erdian zaborra!
Bi aparte egin nahi ditut gaurko artikuluan: garunaren alorrekoa lehena, zinemaren ingurukoa. Edo ez, ez da zinema. Kultura, Politika, Kirolaren segidan sail berri bat zabaldu beharko lukete albistegiek eta zenbait hedabidek: Sarigintza. Moldaviako zinema-sarietan zer gertatu den jakitea baino ez zaigu falta, arraioa! Eta kasu, han ere euskal asaben bat duen norbait saritzen badute, gehigarri berezia! Egunotan Goya sarietako cine vasco-aren arrakastaz belarrietaraino nagoela, zer esango dizuet, bada eman diezazkietela sariak gutarrei horrek aktore eta zuzendariei lana eta dirua eta aukerak ekarriko badizkie, eta putzua eragin EITBko aurkezleen hankartean; baina kontziente izanda kolonialistak bere asmo gailena lortzen duela bere egitekoa kolonizatuak berak egiten duenean.
Bigarren apartea batere aldatu ez den paradigmaren gainean, giharrarena, hormonala: Sarrigurenen bikoteari 30 labankada eman dizkion horrena. Izenak aldatzen dira, biktimen eta borreroen izenak, baina ez gertakariak ezta bakoitzaren posizioa ere: hiltzailea gizonezkoa, hildakoa emakumezkoa. Punitibismoan sinetsi gabe jarraitzen dut, baina etsigarria da batzuetan.