Joan den asteartean Bilboko Bulegoa z/b espazioan Mahmod Alshaer eta Isabel de Naveránek elkarrizketa handia izan zuten. Handia diot, baina beste hainbat adjektibo izan zitezkeen: gordina, mina, ederra, iraultzailea. Lubaki berbal bat, delicatessen dialektiko bat. Handia diot, txikia eta intimoa izan arren bozgorailu zabal bat merezi zuelako solasaldiak.
Mahmud Alshaer editore, komisario eta idazle palestinarra da, Gazako kultur ekosisteman ekarpen esanguratsua egin duena. 28 Magazine eta Gallery 28 bezalako ekimenak koordinatu ditu, Gazako erdigune historikoan Al-Ghussein Kultur Etxearen programa koordinatu zuen eta Dahaleez kolektiboko kidea da.
Letters from Gaza (2025) eta I am still alive: dispatches from Gaza (2025) liburuak argitaratu zituen iaz. Baina ez dira publikazio arruntak, sarraskiaren bihotzetik idatzitako hitzak dira. Poesia, gutun eta bakarrizketak biltzen dira lehenengoan. Eta katastrofearen kronika pertsonal-politiko bat da bigarrena. 2024ko urtarrilaren 11tik munduari idatzitako gutun sorta bat; biziraupen fisiko eta emozionalerako testu segida bat, funtsean.
Isabel de Naverán idazle eta ikertzailea da, artea, koreografia garaikidea eta performancearen artean lan egiten duena. Asko estimatzen dudan ibilbide oparoa du Naveránek. Bere lanean arreta berezia jartzen dio idazketaren eta gorputzaren arteko interferentziari. Gorputza zentzumen zelai gisa, gorputza historiaren filtro intelektual eta sentsorial gisa. Eta idazketa somatiko, fisiko, material eta sentsualean jarri izan du begia bere proiektu askotan.
Testua gorputzaren ondorio, gorputza testuarena.
Plazera izan zen biak parez pare berbetan ikustea. Bi mundu elikatu horien arteko dialogoa urre sentitu nuen historiako une eta leku konkretu honetan.
Idaztea «beste mundu batzuk imajinatzea, eta bizi duguna kritikoki begiratzea» dela zioen Ursula K. Le Guinek. Cortazarrek errealitatean pitzadura bat sortzea dela, konpromisoz hartu beharreko jolas-esplorazio bat. Susan Sontagek esaten zuen munduan norbere burua kokatzeko saiakera bat dela idaztea. Eta Ray Bradburyrentzat, aldiz, ilusio, maitasun eta plazer ariketa bat.
Gauza bera galdetu zion Naveranek Alshaerri, «zer da zuretzat idaztea?». Eta, ufa, hona erantzuna: «Idaztea gizaki sentitzeko ariketa bat da niretzat, neure buruari giza animalia bat ez naizela gogoratzekoa», «bizitza normal bat nahi dut, amesgaizto jasangarriak izan nahi ditut», «masakre bizigaitz baten pean bizitzaren zentzuarekin nolabait konektatzeko baliabide bat da idazketa», «hain abiadura bizian gertatzen ari zen sarraskia nolabait harrapatzeko apunteak dira, mundua hondamendiaren lekuko egiteko keinu bat».
Isabel de Naveránek ongi seinalatu zuen moduan, geurera heltzen diren diskurtso instituzional eta politikoen kodeetatik haratago doa Mahmuden poetika. Zulotxo batetik Gazako testuingurua modu humanoagoan begiratzeko zirrikitu bat da. Txikizio historiko bat gorputz batean nola lurreratzen den ulertzeko testugintza kokatua da.
Ez dut ahaztuko: halako batean bere poema batzuk irakurtzeko zutitu zen Mahmud. Bulegoa z/b-ko publikoa aurrean zuela, eskuartean zuen paperari begira-begira, arabieraz irakurri zituen hitzok. Eta esango nuke (ostean Isabelek berak itzuli bazigun ere) gehientsuenok ez genuela hizkuntza ulertzen. Baina beste bide batetik iritsi zitzaigun testua: genozidio baten sabeletik idatzitakoak forma konkretu bat hartzen du espresioan. Bonbardaketen burrunba hotsak, hauts egindako etxe eta espaloiak, soldaduek zapaldutako eta eramandako den-den-dena; etxe aurreko limoiondoa, lagunak, aita... Hori guztia sumatu genion gorpuzkeran, keinuan, ahots dardartian, negar imintzioan. Hori guztia iradokitzen zuen gorputz historiko bat jarri zigun parez pare.