Lau esaldik kanta bat egin dezakete:
Entzun nezake neure bihotza taupaka.
Entzun nezake beste denena.
Entzun nezake denok han isilik
egiten genuen giza zarata.
Abesti hori entzuten dudan bakoitzean zarata konkretu bat datorkit burura: Isilik egiten den zarata. Isiltasun dentso zehatz bat da. Askotan irudikatu dudan eta egunero lanerako joan-etorrietan ikusten dudan eszena bera:
Apirilaren 14a. Beste astearte buruzuri bat. Metroa langilez lepo. Aste Santu osteko sindromeak jota bidaiari gehienak eta eguneroko prozesioan sartuta beste aste batez: etxea-lana-etxea. Bagoia topera dago, zutik doaz bidaiariak heldulekuei lotuta, elkarrengandik zentimetro gutxi batzuetara. Baina inork ez du begirada altxatzen. Eta ahotsa ere, ozta-ozta. Pantailei itsatsitako buru makurrak, elkar usaindu eta ukitzeko besteko hurbiltasunean ezin urrunago dauden gorputzak. Langile klasearen liturgia eta apatia kolektibo moduko bat. Giro mutu horretan sortzen den zarataz ari naiz.
Lanegun goizetako tren barrenak gizartearen alegoria garaikide-doiak iruditu zaizkit beti. Askotan pentsatu izan dut bagoiak gainezka doazen ordu gorietan erretratatzen dela nolabait garena. Edo gizartearen aurpegi (dis)topiko bat bai, bederen.
Jendeak gorputzaren luzapenak balira bezala eusten die mugikorrei. Protesiak balira bezala janzten ditu aurikularrak. Norbera bere soinu bandari lotuta, norbera bere estimulu kapsulan, bere iruditegiari jaten ematen. Gorputzak presente, bihotzak taupaka, baina denok isilik. Ez dago begirada-zirkuitu komunik. Ez, behintzat, aurrez aurrekoan. Ez, behintzat, gailurik ez badago tarteko.
Begi gor.
Belarri itsu.
Ez dut ahaztuko duela gutxi ikasle batek aipatu zidana: beti jartzen omen zuen musika aurikularretan zihoan lekura zihoala, «errealitateari plus bat» ematen baitzion. Mundua bere horretan, plus-ik gabe, jasangaitza eta aspergarria egingo balitzaio bezala. Ze indargarririk, soinu bandarik edo girlandarik gabeko mundu bat, «ñe». Burua altxatu eta kaskoak kenduta agertzen den giza multzo mediokre hori, «ñe».
Jendeak gorputzaren luzapenak balira bezala eusten die mugikorrei. Protesiak balira bezala janzten ditu aurikularrak. Norbera bere soinu bandari lotuta, norbera bere estimulu kapsulan, bere iruditegiari jaten ematen. Gorputzak presente, 'bihotzak taupaka', baina 'denok isilik'. Ez dago begirada-zirkuitu komunik
Begi gor.
Belarri itsu.
Apirilaren 14a. Gaur goizeko metro barruak ere silent disco horietako bat dirudi. Denok konpartitzen dugu irudi bera, denok entzuten dugu melodia bera, baina bakoitzak bere kaskoak dauzka. Algoritmo globalizatu bezain indibiduala. Homogeneo bezain zatikatua. Bakoitzak bere entzungailuak dauzka. Ez molestatu.
Baina, et. Batek daki: begirada altxatzea okurrituko balitzaizu, beharbada… agian… akaso… parez pare eserita doan langilearekin une batez begirada gurutzatuko zenuke. Eta, ei, auskalo: soinu banda une batez etetea bururatuko balitzaizu, eta entzumena lipar batez pantailako estimuluetatik askatu… beharbada… agian… akaso… entzun zenezake hain jasangaitza zaizun isiltasun zaratatsu / zarata isil kolektibo eta hezur-haragizko hori.
Agian…
Entzun zenezake zeure bihotza taupaka.
Entzun zenezake beste denena.
Entzun zenezake denok han isilik
egiten zenuten giza zarata.