Inaki Galdos

Groenlandia eta Oñati

2026ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bor-bor dagoen gaia da Groenlandiakoa. Donald Trumpek egindako beste mehatxu batzuekin batera, lurraldea erosteko proposamena ere badago. Egiaren izenean, aspaldiko kontua da munduko uharte handienaren hau. Halaber, gauza jakina da Ameriketako Estatu Batuek beste lurralde batzuk ere bereganatu zituztela diruaren truke. Lurraldeak erosi, lurraldeak saldu? Oñatira ekarri nau galdera horrek supituan eta gure ama zenaren lehengusu batek erdi txantxetan erdi serio (baina auhen eginez) sarri botatzen zidan baieztapen borobil bat gogorarazi: Oñatik bere burua saldu zuen Gipuzkoan sartzeko, errepide baten truke. Berriki, adiskide batek ere biziki harritu ninduen, honek ere erdi txantxetan erdi serio: «Garai batean gu ere izan gintuan Groenlandia!»

Baiki, 1845. urtean sartu zen Oñati Gipuzkoan. Duela hiru hamarkada Jerardo Elortzak, Juan Madariagak eta Iñaki Zumaldek gaiaren inguruan idatzitako liburu ederrean, bategitea deitu zioten izenburuan gertatutakoari, baina ez nago ziur hitzik egokiena den hura deskribatzeko. Bukaeratik hasteko, aipatutako urteko urriaren 9an sinatu zen Tolosa hiriburuaren anexioa, baina hilabete batzuk lehenagotik martxan ziren elkarrizketak. Oñatiarrentzat egun garrantzitsuena, hala ere, irailaren 11 izan zen, auzo guztietako ordezkaritza banak eta beste hainbat herritarrek baiezkoa eman ziotenean, aho batez, urrats hori egiteari. Ordutik aurrera Gipuzkoako herri handiena izango zen Oñati, hedaduraz ere bai. Iñazio Irizarrek antzezlan bikaina sortu zuen hura guztia kontatzen, eta Makalena elkartearen herri antzerki taldeak plazaratu 1981ean.

Baina Iñaki Zumaldek azaldu zuen gisan, integrazio prosaikoa izan zen hura, batere kutsu poetikorik gabea. Kontua da zorrez lepo zegoela orduan udala, langileen soldatak ordaindu ezinik. Komunikazioak hobetu beharra ere bazegoen, eta garai hartan Ormaiztegitik Aretxabaletara joango zen errepidea diseinatzen ari ziren. Herriko unibertsitate zaharrak ere galdua zuen izaera hori, eta estu eta larri zebilen institutu gisa. Horra, beraz, akordioa: Gipuzkoak Oñati zeharkatuko zuen errepidea egingo zuen Udanatik Elorregira eta institutua finantzatuko (diru gehiagorekin, berriz ere unibertsitate izatea lortzen bazen). Ez da, beraz, harritzekoa gure ama zenaren lehengusu hark, eta beste askok, mende eta erdi beranduago zuten susmoa: saldu egin al ginen?

Ez gara hemen hasiko historia osoa idazten, ezaguera eta gaitasunik ere ez horretarako, baina konpli da gutxienez aipatzea aurreko mendeetan askotariko harremanak izan zirela Oñati eta Gipuzkoaren artean: 1451n dago dokumentatua bat egiterako lehen ahalegina, eta ordutik asko izan ziren, adibidez mugakideak dituen Arrasatek eta Bergarak (eta beste askok) Oñati pikutara bidali zuteneko bat. Batzuetan bazirudien Oñati de facto Gipuzkoa zela, baina beste batzuetan urrutiago ikusten zen. Bide batez, Arabak ere egin zituen ahaleginak jaurerria bereganatzeko (azkena 1820an), baina ez zuen helburua lortu.

Mende luzeetako harreman bitxi hark arrastoa utzi du herrian. Adibidez, agortzen ari den kontu bat ere bada: oñatiarrontzat (eta Deba Arroko beste herritar batzuentzat) Giputzak Udanatik goragokoak izan dira beti; Goierrin hasi eta handik aurrerakoak. Hala jaso zuen Kandido Izagirrek bere hiztegian. Koldo Zuazok euskalkiekin lotzen du hori, Villasante aipatuz; baina, hori ukatu gabe, gure inguruan beti entzundakoaren arabera, zentzu hedatuagoa eman diogu hitzari, politikoagoa. Kipuetxe izeneko baserria ere badago herriko Berezao auzoan, giputzen etxea.

Baiki, jabetzen naiz ez duela gureak Groenlandiakoarekin zerikusi handirik, kontutxoren bat salbu: errepideak ere eskaini izan dituzte AEBek lurralde haietan. Barka beza irakurleak tranpatxoa, baina amu bat behar nuen gure historia bitxi hau kontatzeko. Gure ama zenaren lehengusuak gustura ikusiko zukeen agian Oñati Euskal Herriko zortzigarren lurralde gisa, Gorka Knoerren zazpigarren alabaren alboan. Nork daki. Zortzigarrena, diasporaren baimenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA