Okerrera egin dugu, argi dago. Kameleoien modura jar dezakegu begi bat Venezuelari begira eta bestea Iran aldera, Groenlandia handira zeharka ere begiratuz. Ederki hasi dugu urtea eta ez dirudi inondik inora hobetzeko zantzurik hartuko diogunik. Gizakia seko erotu da, gaizki egitearen langa geroz eta garaiago dauka, baina maiz gertatzen den bezala, gure etxetik urrun jazotzen direnez, arnasa lasai antzean hartzeko ohitura geureganatu dugu. Hain lasai gaude gure mugak ukitzen ez dituzten albisteak ikusten, hamarkada bat atzera begira ere jarri garela, beste egitekorik izango ez bagenu bezala.
Perretxikoen modura atera da azken aste hauetan 2016. urtea argitara. Olatu bat bezala hasi zen kontua tsunami erraldoi bihurtu da, eta egunero azaltzen zaigu zifra, filosofiari bere tarte txikia ere utzita. Ez baduzu halakorik irakurri edo ikusi, labur antzean kontatuko dizut zertan den: itxuraz, 2016a urte ona izan omen zen eta, zenbaki horren karietara, hamar urtez atzera egin behar duzu zure barne bizitzan eta argitara atera behar dituzu orduko hainbat kontu. Gordinago esanda: nostalgia eragiten omen duen urtea hartu dute eta orduko kontuak argitaratzera gonbidatzen (eta presionatzen) zaituzte.
Duela hamarkada bat hasiberriak ziren musikariak ikus ditzakegu hainbat argazkitan; edo aktoreak, edo kirolariak... Noski, ez dago kasualitaterako lekurik bertan: guztiek ere hobera egin dutelako itxura erakusten dute. Alderantzizko ariketa ere berdin-berdin egin genezake: duela hamar urte oso ezagun eta arrakastatsuak ziren eta gaur egun zertan ari diren ez dakigun horiek ere ekar ditzakegu gogora. Baina, noski, ez dago lekurik nostalgia negatiboarentzat.
Erabat kontraesankorra da moda berriak adierazten duena: ustez duela hamar urte zoriontsuago ginen, baina talka egiten du halako ideia batek sare sozialek islatzen duten egoera arrosen eta argazki perfektuen lurralde digitalean. Hor dator bizitzaren inguruko filosofiaren txanda: duela hamar urte orain baino zoriontsuagoa bazinen, ezabatu itzazu zure burutik ordutik hona izan dituzun une txarrak (hain erraza balitz...) eta eutsiezu zoriontsu izan zinen momentuei (eta bide batez, eskegi itzazu sare sozialetan, erakutsi zein filosofo ona zaren iruzkin eder bat idatzita eta aurrera!).
2016a urte bikaina izan omen zen. Ez dut akordutan. Memoria freskatzeko, hemerotekari egin diot bisita eta hara... Atentatuak izan ziren Bruselan, Munichen, Parisen eta Istanbulen, esaterako; 32 lagun hil ziren Italian jazo zen lurrikaran; eta urte hartako urrian, adibidez, Altsasu kasuaren ernamuina garatzen hasi zen. Tabernako istilu haiek terrorismo delitutzat hartzeko aukera eta indarra izan bazen eta kontuan hartuta 2016a sekulako urtea izan zela, ez dut jakin nahi aurten zer datorkigun.
Halako kanpainari aurre egin dionik ere bada gure artean. Berriki, Euskadi Irratiko Faktoria saioan hartu dute gaia hizpide. Barre egin zioten moda berri inozoari mikrofonoaren parean zeudenek. Depresioa pasatu zuenak hitz egin zuen eta baita duela hamar urte hain ongi ez zegoenak ere. Azken batean, norberaren esku utzi zuten bizitzan egin beharrekoa, horretarako adin atakarik ez dagoela azpimarratuz. Baita geure bizitza lau haizeetara zabaltzeko behar antzuaz ere: ez baita gauza bera desiragarri edo desiradun sentitzea.
Irudi du George Orwellek beste behin bete-betean asmatu zuela. Anaia Nagusia gurtzea besteen oniritzia bilatzean datza gaur egun, zantzu txarrak dituen edozer gauza alfonbra azpian sartu eta ezer txarrik gertatu ez balitz bezala antzeztea. A zer-nolako lanak izango zituzkeen orain Orwellek bere liburuaren urtea erabakitzeko.