Ez dut jende asko ezagutzen. Orokorrean guztiok gero eta jende gutxiago ezagutzen dugulakoan nago, baina agian oker nabil, agian ni bakarrik naiz. Nire lagunek esan ohi dute ez dutela jende gehiago ezagutzeko beharrik, ondo daudela horrela. Beraien familiak dituzte, seme-alaben lagunen gurasoak (eta haien arteko Whatsapp-eko taldea); jendearekin egotea eskatzen die eguneroko lanak. Normala da bizitzaren ekuazioan aldagai gehiago sartzeak sekulako nagikeria eragitea, adin bat dugulako non besteen dramak eta motxila emozionalak kargatzeko pazientzia agortu zaigun. Eta ez da berekoitasunagatik edo sentiberatasun faltagatik, neurri handi batean, porru eginda gaudelako baizik. Misantropiaren fama nik daramat, ordea, urteetan zehar egindako lanagatik nahiko merezita, ziurrenik. Hala ere, onartuko dut batzuetan badaukadala jende berria ezagutzeko ez gogo bizi bat; ez da horrenbesterako, baina bai jakin-min bat-edo. Aldagai gutxiago ditut. Harreman sozial murritzagoak eta bizitza aspergarriagoa, oro har.
Bere bakardadean ere gizakia piztia sozial bat denez, ez da harritzekoa isolaturik sentitzen diren pertsonek bestelako harremanetara jotzea, lotura bat (ez beti osasungarria, ez beti onuragarria) eraikitzeko. Gaur egungo fenomeno askorekin gertatzen den bezala, interakzio parasozialarena ez da ezer berria, baina oraingo baliabideekin bere lekua eta garrantzia areagotu egin da. 1956. urtean asmatu zuten hitza Donald Horton eta Richard Wohl soziologoek. Mass media eta orokorrean jende famatuarekin izan dezakegun harremana izendatzera dator, edo hobeto esanda, (ez) dugun harremanaren ilusio hori izendatzera. Pertsona famatu horiek gure gertukotzat ditugu, guri hitz egiten digute, beste inork deszifratu ezin dezakeen lerro arteko kode batean (galdetu bestela Taylor Swift-en jarraitzaileei). Denbora asko igarotzen dugu haien edukia jasotzen, eta esposizio denbora da edozein harremanen funtsetako bat. Bertatik abiatzen da, bueltan jarraitzen, atsegin edo iruzkin batek eragiten duen intimitatearen ilusioa.
Parasocial 2025eko hitza aukeratu zuen Cambridge Dictionary-k. Zerbaitengatik izango zen.
Filia, fobia, fan, hater. Identifikazioa, proiekzioa, konpainia. Harreman parasozialak ez dira bakarrik benetako pertsonekin gertatzen, fikziozkoekin ere suertatzen dira. Eta errealitatean zein fikzioan egon daiteke (eta egoten da), edozein harremanetan egon daitekeen haustura. Senide bat bezala maite zenuen pertsonaia horren heriotzak eragindako dolua. Deigarria izan ohi da telesail baten amaieran, azken kapituluaren azken kredituen ondoren gertatzen den isiltasuna. Luze joan den Stranger Things-en bukaerarekin hainbat pertsonengan dagoeneko nostalgikoa den telesail baten gainean bestelako nostalgia bat eraikitzen ikusi dut. Esposizio denboraren eraginak berriz. Beharbada horrek azaltzen du, neurri batean, literatura sagek ere izaten duten arrakasta. Errealitatean aurkitzen ez ditugun lotura luzeak bilatzen ditugu fikzioan.Â
Lagunak gertu baina etsaiak are gertuago izan behar direla diote. Nik nire nemesi parasoziala parez pare topatu nuen behin behelainopean. Izkin baten bueltan agertu zen, Jack tripa-ateratzailea bezala. Edo agian ni nintzen Jack tripa-ateratzailea. Berdin du. Biok bakarrik ginen kale hartan. Une batez gure begiradak gurutzatu ziren. Edo agian nik bakarrik begiratu nion. Ez du axola. Hainbeste denboran eraikitako alde bakarreko sentimenduen defentsan eskularrua bota eta egunsentian dueluan aritzeko aukera izan nuen. Koldarki alde egin nuen ordea, beharbada zentzuzkoena harreman pasasozialak horretan uztea delako, tokikoak badira ere, distantzia batera. Idoloak hil egin behar direla diote, eta halako etsaiei, kasurik ez.