Barkamena eskatu behar omen dio Alemaniako presidenteak Gernikako herriari; edo euskal herritar guztioi, hori ez dakit (edo akaso eaetarrei bakarrik, ez baita erraza aklaratzen gure zatiketa administratibo, ideologiko, dialektal eta deportiboa). Hedoi Etxartek esan zuenarekin ados, marka da barkamenarena: 80 urte barru Alemaniako presidentea, eta Europako beste herrialdeetakoak, Gazara joango al dira barkamena eskatzera?
Espainiako Erresumak ere eskatu behar omen die Ameriketako herrialdeei barkamena, Colonek eta lagunek hangoekin topo egin eta geroztik gertatutakoengatik. Barka eske horretan guk ere partea izango dugu, diot nik, Pradalesek eta Txibitek ere, kontuan hartuta hango herritarrak sarraskitzen gutar askok esku hartu zuela, humanista bat edo beste haien artean.
AEBek Hego Amerikako estatu guztiei, Asiako askori eta Afrikako mordoxka bati eskatu beharko liekete; Europako estatu zahar eta nobleenek mundu osoari; Japoniak auzo guztiei, Txinak gehientsuenei; Hego Afrikak, Etiopiak, Sudanek, Libiak, Marokok… estatu horien guztien barnean talde batzuek besteei, edo aginteak disidenteei eragindakoak ahaztu gabe. Ez dago munduan nahikoa barkazio stockik!Â
Barkamena politikoa da (ze gogo neukan halako esaldia botatzeko!). Baina politikoa izateaz gain, alor honetan bederen, ez du deusetarako balio, ez? Argazki eta diskurtso apain batzuk, eta gutxi gehiago.
Nik uste barkamena jaso beharrean nahiago luketela biktimek kanpo-zorra kitatzea, itzultzea ebatsi zaienaren zatitxo bat —zati ñimiño bat asko litzateke!—, desagertzea nazioarteko erakundeetako betoak, ez baldintzatzea euren baliabideen ustiaketa, kentzea menpekotasun ekonomiko eta teknologikoa…
Berriro gerta ez daitezen baldintzak jartzea, lantzea. Hori batez ere, baina horri deritzot zailena, estatuen eta egitura estatalen DNAn baitago bestea-ren ustiaketa, arpilaketa, suntsiketa, sarraskia: zibilizazioaren historia, maila horretan, gertakizun eta jardun inzibilizatuen konpendio bat da.
Maila pertsonalean ere elementu inportantea da barkamenarena, eta korapilatsua, lokatz handiko putzua. Gezurtia da kasu askotan, eta eredurik ezagunena bikote-terrorismoa eragiten dutenena da, barkamena ahoan eta negarra begietan agertu ahal dira, agertu ohi dira, bikotekidea, emakumezkoa noski, jipoitu ondoren, hil ondoren.
Maila pertsonalean badaude, dena den, bestelako barkamen eskeak, bekatua egin duena lasaitzeko direnak neurri handi batean, baina izan dezaketenak halaber huts egin izanaren, ekibokatu izanaren, nahi gabe min eman izanaren oinarri bat, eta konpondu nahi bat, eta beraz kasu horietan izan dezake baliorik. Nahiz eta, berriro diot, barneratua dugun azioa egin eta gero bi aita gure eta hiru agur maria errezatuta garbitzearen birusa; Eliza halaxe ari da haur eta nerabe bortxatu milaka horiekin.
Pertsonala politikoa dela badakit (baina, otoi, horrek ez du esan nahi pertsonal oro interesantea denik!), baina gaurkoan barkamen eske politiko huts handiez jardun nahi nuen, haren balioa auzitan jartzeko. Egun, gainera, ez dago boladako, ez da batere cool.
Planetak aspaldian hartu duen jiran, otzantasun eta ahulezia seinale izan daiteke. Bestelako jarrera batek hagintzen du orain, gunmen bihozgabe gogorrarena. Nik egin egin dut, ondo egina dago, harro nago eta ez daukat barkamenik zertan eskatu.
Duela 50 urte hil zen diktadorearen lagunak ere gero eta oilartuago dabiltza, mundu osoan nagusi («barka» esan gabe hildako diktadorea eta haren oinordekoak, eta gorde dezatela barkamena oraindik zutik duten monumenturen batean, eta pagatu krimenak).
Harro aroak bizi ditugu, harri aroak izan zirenetatik ez hain desberdin, gauza askotan. Espezie gisa, ez daukagu barkamenik!