lizar begona

Hiri baten ukroniak

2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit zein apalategitara jo beharko nukeen hiri batean inoiz egin ez diren arkitektura eta urbanismo proiektuak arakatzeko. Izan zitekeenaren plano eta bozeto horituek leku baten historia posibleak kontatzen dituzte. Egun zapaltzen dugun hiria iraganeko erabaki askoren ondorio da, zirriborro horiek irudikatzen dituzte, nolabait, utopia zaharrak. Arasa galduren batean imajinatzen ditut paperok, mamu.

Joan den astean Santos Bregaña diseinatzailearen eta Felix Maraña kazetari eta historiagilearen arteko elkarrizketa bat entzuteko aukera izan nuen Nazioarteko Arkitektura Bienalean. Ez ninduen epel utzi hizketaldiak. Donostian egin ez ziren bederatzi proiektu garrantzitsu bildu zituzten, eta inoiz eraiki bako arkitektura plan batzuk banan-banan aletu. Proiektorean izenburu bat: Donostiako ukroniak, Bregañaren erakusketari erreferentzia egiten ziona. Adimen artifizialaz sortutako hiriaren emulazioak biltzen ditu esposizioak, existitu ez diren Donostien balizko irudi segida bat.

Literaturan ukronia historiako gertaera bat bestela gertatu izan balitz kontatzen duen narrazio generoa da. Utopia eta kronos (denbora) hitzetatik dator, eta errealitate alternatiboen inguruan espelukatzen du. «Eta zer Belle Epoque-an (1922an) Kursaal jauregia inauguratu izan ez balitz? Donostiak orain den hiri kosmopolita izaten jarraituko luke?»

Imajinatu aerodromo bat Martutenen, etxeorratz multzo bat Saguesen, egungo Haizearen orrazia eskulturatik Santa Klara irlarainoko zubi bat, lorategidun zortzi dorre hondartza parean, udatiarrentzat pentsatutako Ondarreta Summer Resort bat... Horiek dira bertan behera utzitako proiektuetako batzuk. Hotzikara eragiten du pentsatze hutsak.

Baina inpresio handiena eragin zidana Gyula Madarasz aristokrata hungariarraren proposamen bitxi bat izan zen. Urgull mendian hilerri-krematorio bat eraikitzeko bozetoa trazatu zuen hark 1927 aldera. Hiltzen zen hiritar bakoitzeko kea isuriko zuen tximinia altu bat, hiriko edozein lekutatik ikusiko zatekeena.

Zer pentsatua eman zidan hilerria hiriaren punturik gorenean kokatzeko ideiak. Hiritarrek Donostiako edozein izkinatatik ikusteko moduan zegokeen errausketa-labea. Eta eraiki izan balitz, akaso orain beste estatus bat izango zuen heriotzak hirian. Eguneroko presentzia bat bai, sikiera. Ez da ohikoa gure kulturan, kanposantuak orokorrean erdigunetik urrun eraiki izan baitira historikoki. Eta Bregañak ondo esan zuen, «hilerriak hiriaren periferian kokatzen dira beti, heriotzak hiriaren psikologian bazterreko leku bat hartuko balu bezala».

Egia da Erdi Aroan zehar hilerriak eliza barruan eraikitzen zirela, hiriaren bihotzean. Horra (garaiko ohiturari jarraiki) elizaren pare-parean kokatuta dagoen Ainhoa hilerria. Baina XVII. mendean, pestea eta kolera moduko epidemiak tarteko, osasun publikoarentzat arriskutsu izan zitezkeela pentsatu zen. Saint-Cloud ediktuan (1804) Napoleon Bonapartek hilerriak hiriko harresien kanpoaldean eraikitzeko dekretua agindu zuen, biztanle nukleotik at. Eta pentsatzen dut arrazoi higienikoez gain nolabait heriotza eguneroko bizitzatik aldentzeko saiakera bat ere izan zela hura.

Madaraszen krematorioa fikzioa da egun. Apal ezkuturen bateko zirriborro huts horiek artxibo poetikoak dirudite orain. Baina egin ez direnak ere hiri baten historiaren parte dira. Eraikin bat edo beste altxatu izan balitz, nola zegokeen auzoa orain? Zer gertatuko zatekeen kale estu honen ordez lautadak baleude, pisuen ordez etxe zapalak, hilerri baten ordez kasino bat? Baserri horiek inoiz eraitsi izan ez balira? Egun zapaltzen dugun hiria iraganeko erabaki askoren ondorio da. Arkitektura ez da eraikin multzoa soilik, hiriko bizitza modelatzeko tresna politikoa ere bada. Etorkizuneko utopiak etengabe irudikatzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.