Iragan maitea,
Umezaroko pikondoan gora oroitzen zaitut, aitak egin zigun egurrezko etxola zuri hartan. Baina ez galdetu nire memoria lauso eta nagian non zauzkadan gordeta, ez nola zaintzen zaitudan. Hankaz gora baitut biltegia, pilaturik eta zatika dauzkat irudiok:
Amaren eskuak krema zuriz eta harea aleak gure ume-azaletan, Bilboko barrakak, amorru goiztiarrez gosaltzen genituen Cola-Cao eta galleta Maria guztiak, eta Apiretal dosiak, ikastolara bidean Euskadi Irratiko sintonia errepikakorra, eta erregaliz beltzak, eta txupatxus urdinak, eta munduaren kontra (bortitz eta nerabe) itxi nituen etxeko ate horiek denak, eta lehen unibertsitate eguna, eta amamaren azken eguna, eta txorizo-bokata usaina, eta risketos laranjak, sugus horiak, eta Itoizen Ezekiel esnatzea I kantatzen pertsianak irekitzen zizkiguten goizak.
Ez galdetu zein izan nintzen, oroitzapen txatalez osatutako mosaiko abstraktu-asmatu bat baino ez baitaukat. Zugan bizi da izan nintekeen baina izan ez nintzen guztia. Egin nezakeen baina egin ez nuen dena. Zugan bizi dira nire damuak eta mamuak.
Baina ez zaitzadala ahantz, arren. Zatika eta puzzlean bada ere, zurekin soilik naiz-eta Nor.
Gero maitea,
Erraldoi agertzen zatzaizkit. Misteriotsu, ilun, lauso. Zu ere asmazio bat zara, eta ametsez betetzen didazu garuna: amesgaiztoz, amesgozoz.
Nor izango naizen eta zerizan nahi dudan galdetzen didazu etengabe, Ni posible guztien hamaika prototipo egiten: Ni arrakastatsu bat edo Ni zahar-ahalge bat, Ni zoriontsu bat edo zorigaiztokobeste ni Ni hori, Ni-arratoi edo Ni-azeri, bizi izan duen bizitzaz damu den Ni bat, edo ase eta bakean atzera begira dezakeen beste bat.
Mundu posibleen hamaika eszenatoki eraikitzen dizkidazu. Utopien eta distopien arteko marran zaude beti, zalantza maite duzu, zalantzan gauzkazu amaigabe. Errealitateen katalogo osoa erakusten didazu tarteka: Etxe Zuriko guatekeak eta jende-apatiak erreinatu lezakeen era berean, mundu baketsu baten estanpa jartzen didazu parez pare. A ala B.
Maite dudan oro nahi duzunean eraman dezakeen bakarra zara. Mehatxu beltz bat. Baina zugatik ez balitz, ez nuke jakingo mugitzeko behar dudan ilusio gramoa non bilatu.
Orain maitea,
Sh. Egon. Une batez nirekin nahi zaitut.
Munduak narama, bere altzo piztian. Arin bizi naute egunek. Eta barkamen eske idazten dizut: agian ahaztu samar zauzkat. Datorrenaren zain pasatzen baitzait bizia, FOMOak jotako belaunaldikoa naiz, pantailak jandako niniena, buru makurrena, abiadurarena. Zarataren eta informazio alderraiaren mendekoa naiz, antsietatearena, identitate-lainoena, lotura likidoena. Begiak eta oinak inon pausatzen ez dituztenen multzokoa naiz, izaki alderrai, sakabanatu eta anbiguoena.
Baina denborak narama, bere magal eztian. Eta hemen zauzkat, ni konturatu gabe-ia, zure betiko gordin-biluzian. Eta gehienetan sentitzen ez zaitudan arren: Egon. Sh. Nirekin nahi zaitut, Orain. Egon.
Sh. Usain hau.
Sh. Zarata hau.
Sh. Testura hau.
Sh. Zapore hau.
Sh. Lipar hau.
Sh.
Maitasunez,
Lizar.
Sopelan, 2025eko maiatzaren 11n, 11:41ean