Izenburu horixe du Fukuyamak 1989an plazaratu zuen artikulu ospetsuak. Intuizio bat zuen, historiaren motorra gelditzear zela, hortik galdera ikurra. Hiru urte geroago, ordea, Berlingo harresiaren eraistea tarteko, tipoak konfiantza irabazi, artikulua liburu bilakatu eta galdera ikurra ezabatzera atrebitu zen. Amaitu da historia, kitto. Kapitalismoak eta demokrazia liberalak existi litekeen sistemarik onena osatzen dutela erakutsi dute. Sozialismoaren porrotak argi utzi omen du merkatu librea dela dagoen alternatiba desiragarriena; akaso bakanena. There is no alternative (Ez dago alternatibarik), Margaret Thatcherrek ere popularizatu zuen hori, TINA harro horrekin. Gezurra da, Fukuyamak berak ere egingo zuen pausoren bat atzera aurrerago. Eslogana, ordea, ezin hobeto zetorkien bere jarraitzaile neokontserbadore horiei guztiei. Egiazki, gutxi-asko axola du egia ala gezurra zen. Ideia hori bete-betean iltzatu baita gurean. Ea, irakurle, noiz esan zenuen azkenekoz, benetan, beste mundu bat posible dela?
Utopietan pentsatzea modaz zeharo pasatu zen garaiko alaba naiz ni. Hartz Txikiren harmoniazko basoa atzean utzi nuenetik, distopikoa izan da zeharo nire buru txiki hau elikatu duten film, kantu eta telesaien iruditegia. Faxismoa akaso bai, baina sozialismoa bueltatzea erabat ezinezkoa zela uste zen mundu batean egin nintzen nerabe. Eta faxismoak sekula alde egin ez zuela argi geratu den munduan egin naiz heldu. Nostalgiaz mozkortutako errelatoez inguratuta, gainera. Ulertzen dut, noski, etorkizunak sortzen duen angustiaren aurrean iragan retro batean bakea bilatzeko nahia; baina erabat paralizantea den orainaldi eterno baten pare sentitzen dut sarri gure denbora. Edonola ere, postmodernismoaren kume batek idazten dizu, badakizu, no-future belaunaldia eta hori dena. Mark Fisher eta «errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoarena baino». Eta hala ere, inoizko uda beroenaren amaieran, utopien bueltako harribitxi txiki bat erreskatatu nahi dut: Layla Martinezen UtopĂa no es una isla (Utopia ez da irla bat). Eta interesa dutenentzat izen bat, euskaraz irakurtzeko: Alba Garmendia filosofoa.
Nago fantasia indibidual orok duela norbere pribilegioak islatzeko arriskua. Pentsatu nahi dut, ordea, horrek ez duela baztertzen kolektibotik etorkizuneko proiektu bat irudikatu eta borrokatzeko aukera
Hamaika lurralde miresgarri agertzen dira liburuan. Ezagunena, akaso, Tomas Morok XVI. mendean irudikatutakoa da: Utopia. Inoiz existitu ez den uharte ezkutu bat, non ez den jabetza pribaturik, ez tiranorik. Hain da sistema ideala, ezen legeen premiarik ere ez den. Edota Libertalia, Madagaskarko badiaren batean ustezko pirata iraultzaileek osatutako kokalekua. Nonbait, errealki piratek erabiltzen zituzten antolamendu asanblearioak —eta hau bai, dokumentatuta dago— zituen inspirazio-iturri.
Piratekiko dudan debozioa albo batera utzita (bai, Hartz Txikirekin batera Vicky Bikingoa izan zen nire lagun imajinario faboritoa), ez naiz ni izango Mororena bezalako utopia klasikoak aldarrikatuko dituena, Martinezek eta Garmendiak ere ez dute egiten. XVI. mendeaz geroztik, fantasia inperialista eta kolonialistak hauspotzeko produktu ezin eraginkorrak bilakatu ziren urruneko lurralde batean norbere proiektua ezartzeko errelatoak. Gainera, Utopian emakumeek egiten zituzten batik bat zaintza lanak, familia zuen oinarri eta delinkuentzia esklabotzarekin zigortzen zen. Lurralde idilikoa irudikatu zuen Morok, baina esklaboekin eta poliziekin irudikatu zuen, finean.
Nago fantasia indibidual orok duela norbere pribilegioak islatzeko arriskua. Eta inork ez lukeela aho bakarrez idatzi behar desio behar dugun mundua. Pentsatu nahi dut, ordea, horrek ez duela baztertzen kolektibotik etorkizuneko proiektu bat irudikatu eta borrokatzeko aukera. Gainera, bat egingo dut Martinezekin eta esango dizut baduela sineskeriatik ere, honezkero, kapitalismoan bizitza hobetuko den usteak (edo bizitza bera, sikiera, sostengatuko dela pentsatzeak, krisi ekosozialaren argitan). Baina, akaso, horixe dela neoliberalismoaren enegarren garaipena: miseriarik ebidenteenaren argitan ere, bestelako zerbait irudikatzeko bulkada fagozitatzea.
Ez, honek ezin du izan istorio honen amaiera. Besarkada bat, hemendik, bide batez, jazarpen eta debekuen gainetik, bizi naizen hiri distopikoan elkartasunaren alde borrokan dabiltzan KASeko kide eta lagunei.