Badago azkenaldian euskal esfera batzuetan, Xn asko baina ez han bakarrik, bere lekua eskatzen ari den euskal ezker antiwoke bat. Antifeministak eta homofoboak direla aitortu gabe, bi horiek erabiltzen dituzte arrazismoa eta transfobia zabaltzeko. Apropiazionismo estrategikoa. Euskaltzaleak dira eta eskuinaren aurka daude, baina ezker patriarkal eta kolonial bat nahi dute, aurreko mendean zeukatena bezalakoa, eta ez dute ulertzen zer gertatu den, zergatik ez den guaya gizon zuri heterosexual euskaldun bat izatea.
Agenda markatu nahian, euskara ere instrumentalizatzen dute ondo datorkienean. Badirudi haien ezkerreko erreferente intelektual eta kultural posizioa kolokan ikusi duten gizon euskaltzaleek ere sustatu dutela hau dena. Geratzen zaien subalternitatearen azken zokoetakoa euskalduntasuna izaki, horretan gotortu nahi. Eta euskaldunen artean ez dago botere-harremanik, eta hemen ez dago zentrorik, eta arnasguneak fortifikatzea da garrantzitsuena, eta haurrak eduki behar dira eta abar. Abiapuntu horretatik zirkulazioan dago komunitate euskaltzalea tentatzen ari den ideia bat, euskararen aldeko politikatzat saldu baita: euskal kultur mundua ezkerrera lerratuegi dagoela eta hori txarra dela euskararentzat; falta direla transfeminismoaren eta moroen aurka, Trumpen alde… hitz egingo duten euskaltzaleak. Euskararen alde, eskuinak euskaraz egin behar duela. Euskararen aldekotzat saltzen diguten hori da kalte gehien egin diezaioketen gauzetako bat.
Hasteko, premisaren analisia okerra delako: oxala ez balego transfeminismoaren eta moroen aurka hitz egiten duen euskal erreferenterik. Jarraitzeko, halako proposamenak egitea ez delako okurrentzia xalo bat. Neurtu egin behar da unean uneko eztabaidek zein interesi erantzuten dioten, noren agenda estrategikoa babesten duten, nor ateratzen den irabazten eta nor galtzen. Baina batez ere, tesi faltsua delako: estrategiaz edo ezjakintasunez, informazio asko isiltzen da hor.
Batetik, ahaztu edo ignoratu egiten dira hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetako esperientziak. Hizkuntza gutxituak indartu direnean haien aldeko komunitate politizatu bat interpelatu dutelako eta estrategia politiko kokatuak planteatu direlako izan da. Inora joan gabe, eredutzat hartzen den aurreko mendeko euskaltzaletasunaren loraldia eta biziberritzea, neurri handi batean, euskara Euskal Herriko borroka antifrankistaren oinarri, tresna eta sinbolo garrantzitsuenetako bat izateari dago lotuta. Ez da Franco falta dela, komunitate euskaltzalea politikoki norabidetu eta kokatu behar dela baizik.
Euskaldunok ezin gara ibili euskara normalitate inperialistan onartua izan dadin eskatzen; egin behar duguna da normalitatea bera apurtu. Horretarako, proiektu politiko komun bat artikulatu behar da, euskaltzalea eta transfeminista
Bestetik, ez da kontuan hartzen euskaltzaletasunaren ideologikotasuna. Esaten da euskara ez dela ideologizatu behar, baina ohartu gabe euskaltzale izatea ere oso auzi ideologikoa dela, eta ezin dela desideologizatu (zorionez). Fatxa eta antifeminista euskaldunen falta sumatzen dute, baina ez euskararen aurka egingo duten euskaldunena.
Eta azkenik, tesi horrek ez du funtzionatzen errealitate diglosiko batean. Euskararentzat mesedegarri litzateke mundu guztiak euskaraz egitea koiunturaz kanpo, baina koiuntura existitzen da, eta egoera diglosikoa da. Euskal Herrian euskaraz bizitzea ez da ausaz gertatzen den zerbait, borondate politiko aktiboa eskatzen du. Euskaraz egiteak balio erantsi bat dauka, konnotazio politikoa, eta gazteleraz edo frantsesez egiteak esan nahi ez dituen gauzak esan nahi ditu. Horri esker dirau indarrean. Euskaraz eta erdaraz hitz egiteak esanahi bera duen egunean mundu guztiak hitz egingo du erdaraz.
Euskararen alde egin daitekeen gauza garrantzitsuena da haren aldeko borroka politizatzea. Erronka da euskararen inguruko komunitatea ez izatea hizkuntza bat transmititzen duena soilik, zapalkuntza-erregimenen aurkako tresnak garatzen dituena baizik. Euskaldunok ezin gara ibili euskara normalitate inperialistan onartua izan dadin eskatzen; egin behar duguna da normalitatea bera apurtu. Horretarako, proiektu politiko komun bat artikulatu behar da, euskaltzalea eta transfeminista izango dena, eta ez borroka partzialak. Horrek lagunduko dio euskarari (ez, ordea, euskalgintzako elite heteropatriarkalari). Baina erabaki egin behar da.