Lide Hernando.

Hor geunden gu

2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badakit ia astebete igaro dela honetatik, baina martxoaren 8a martxoaren 8tik at ere aldarrikatu behar dela esan eta esan ari garenez, baimenduko didazue gaur honi buruz aritzea, edo aritzen jarraitzea.

Ezohiko martxoaren 8 bat bizi izan nuen pasa den igandean. Normalean, beste manifestari baten lekuan egon ohi naiz kalean egun horretan, baina, oraingo honetan, oholtzara igotzea egokitu zitzaidan. Duda eta ezinegona sortzen dizkidan zerbait da hori; martxoaren 8 batean lanaren tankera har dezakeen konpromisoren bat hartzea, alegia. Geure burua traizionatzen ari ote gara egun horretan, grebarik deituta ez badago ere, lanaren antzeko zerbait egitean? Izan ere, ez badago egun horretan lanaren antzeko ezer egiteko prest dagoen emakumerik, nork egingo du orduan antolakuntza, saretze, zaintza eta komunikazio lan guztia? Argi dago hori gizonek egitea are kontraesankorragoa dela. Dikotomia hor dago, hala ere; eta urtero pentsatzen dudan zerbait da.

Kontuak kontu, aitortu behar dut sekulako poza eragin zidala Olatz Salvadorrek zeozer abesteko proposamena egiteak. Aurreko zutabean, hain justu, agenda gisa horretako konpromisoz lepo dudala esanez kexatu nintzen; eta hala jarraitzen dut, baina martxoaren 8 batean oholtzara igotzeko proposamena jasota, hor egon behar nuela pentsatu nuen.

Mezuak trukatzen hasi, eta hasieran pare bat abestik eta ahotsek osatutako ekitaldia izango zena esperientzia kolektibo eder bihurtu zen egun gutxiren buruan: Donostiako inguruetan bizi garen emakume musikari batzuk bildu ginen azkenean, manifestazio amaieran elkarrekin abesti bat abesteko. Zahara artistaren Merichane hautatu genuen, Olatzek aurretik euskarara itzulia zuena, eta hamar emakume ingururen eztarrien bitartez zabaldu genuen bere (gure) mezua: «Hor nengoen ni eta denak dantzan; sinetsita zuten betiko zirela. Hor nengoen ni, haien bulegoan, ezin ikutuz haien egoa. Hor nengoen ni, giltzak eskuetan, mamuren batekin telefonoz hizketan. Hor nengoen ni, egiten uzten, ea behingoz amaitzen zuen. Hor nengoen ni, ikutzearen errudun, bekatua hori zela pentsatuz. Ni, atera ezinik, ezin ihes egin».

Bitxia da, haiek inguruan ez ditudan garaietan ahul sumatzen badut ere, zein indartsu bilakatzen den emakumeon arteko sarea elkartzen garen bakoitzean

Eta hor geunden gu, denbora-espazio horretan elkartu ginen guzti-guztiak, oholtza eta errepidea hartu zituen sare egonkor bat eraikitzen. Zaharak abestia atera zuenean, jada, gaztelerazko hitz horiek esperientzia unibertsal baten zama zutela pentsatu banuen, euskaraz entzun eta abesteak oraindik eta pisu handiagoa eman zion hitzen esanahiari: gutariko zenbatek bizi izan ditu egoera horiek, etxean ere, gure hizkuntzan ere?

Ekitaldiaren ostean bazkaltzera gonbidatu gintuzten, eta, mokadu eta pote artean, lanarengatik sarritan ikusi ezin ditudan beste emakume musikari horiekin denbora-tarte atsegin bat partekatzeko aukera izan nuen. Bitxia da, haiek inguruan ez ditudan garaietan ahul sumatzen badut ere, zein indartsu bilakatzen den emakumeon arteko sarea elkartzen garen bakoitzean. Ez dakit ondo azaldu dudan: ez dut esan nahi emakume musikariren batekin hitzak eta denbora partekatzen ez ditudan bakoitzean sororitatearen kontua gezur postureta hutsa iruditzen zaidanik; baizik eta egunerokotasunaren inertziak, azken batean, horrelako gauzetan gehiegi ez pentsatzera garamatzala, eta ez garela ohartzen gertatzen zaizkigun gauza gehienak ere haietako bati baino gehiagori gertatu zaizkiola dagoeneko; beste norbaiti ere, akaso, gertatuko zaizkiola. Antzerako bidegabekeriek eta beldurrek eta sufrimenduek zeharkatzen gaituztela, alegia.

Eta, ordu gutxirako izan bazen ere, topa egin genuen leku seguru bat sortzeagatik. Ez bakarrik hor geundenontzako, baita egongo diren guztientzako ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA