lizar begona

Hotz artikoan bada ere

2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer ote da Artikoan -30 Cº-tan poliziaren aurrean zerbaiten kontra eserita irautea? 

Arrazoiak handia behar du izan.

70eko hamarkadan Norvegiako iparraldean herri txiki batek ahotsa altxatu zuen. 1968 eta 1982 urteen artean Alta-Kautokeino ibaian eraiki nahi zen zentral hidroelektriko baten aurka errebelatu zen sami komunitatea. Europa iparraldean (Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusia), Artikoko kultura eta hizkuntza propioa duen komunitate zahar eta ezezaguna da samiena, historikoki nomada izandakoa.

Eraiki nahi zen presak uholdeak eragingo zituen euren lurretan. Ondarea eta bizimodua konfiskatu eta bertako biztanleen baimenik gabe altxatu nahi zen proiektua. Mobilizaziorako deiak egin zituzten herritarrek. Osloko polizia-sarekadaren aurrean, «gutxiegi» ziren dimentsio horretako proiektu bat gorputzekin soilik eteteko. Baina euren txikitasunetik mundu osoan oihartzuna izan zuen borrokak. Elurretan gose grebak, manifestazioak eta kanpaldiak antolatu zituzten. Eta ufa. Kontestu horretan detaile ez hain tonto bat okurritzen zait: hotza. Imajinatu zer den hotz artikoan eta egunean bi orduko eguzki argiarekin poliziaren aurrean eustea.

Aitzakiak lodia behar du izan.

Ole Giæverren Let the river flow (Ellos eatnu, 2023) filmak garai hartako mobilizazioak erretratatzen ditu. Sami identitatearen eta existitzeko eskubideen aldeko borroka urte horiek dakartza pantaila handira. Samiek sistematikoki eta denbora luzez jasan dute zapalkuntza: hizkuntza eskubideen urraketa, «modernizazioaren» izenean jasandako errepresioa, kultura hegemonikoaren asimilaziorako politikak... Pelikulak ondo irudikatzen du 70eko hamarkadako egoera soziopolitikoa. Hegemonia asimilatu (+ desagertu) edo kalera irtetea besterik geratzen ez zitzaion belaunaldi baten errealitatea. Baina Alta-Kautokeinoko gatazka ez da soilik protesta ekologiko bat; komunitate oso baten biziraupenari eta burujabetzari ispilu egiten dion mugimendu sozial eta politikoa izan zen.

Pelikulak Ester du protagonista. Eskola batean lan egiteko Altara bizitzera doan irakasle sami gazte bat. Ordura arte amarekin, aitaordearekin eta Thomasekin (haren seme txikiarekin) bizi izan da Máze izeneko herritxo batean. Ibaiaren ertzetara, elur oreinez eta fiordo norvegiarrez inguratutako etxe xume batean. Esterren aita biologikoa zenak, Norvegiako gizarte hegemonikoan integratu ahal izateko, samieraz hitz egiteari utzi zion. Nolabait bere nortasunari uko egin eta kultura maioritariora egokitu zen, familiaren «onerako». 

Amarekin duen elkarrizketa bat ere adierazgarria egin zitzaidan:

–Umetan norvegiarrez hitz egiten bagenuen zigortu egiten gintuzten. Eskumuturretan eta belarrietan zapladak ematen zizkiguten. Etengabe jotzen gintuzten. Irakasleek nahi zutena egiten zuten.

–Zu ere jotzen zintuzten?

–Azkar ikasi nuen eta bakean utzi ninduten azkenean.

Istorio hau ezaguna zait.

Alabak identitate zapaldu eta hizkuntza gutxitu baten parte izatearen beldurrak eta lotsak heredatu ditu, familiako bazterketa memoria kontziente-inkontzienteak eta beldur arrastoak. Baina identitatea defendatzearen eta burujabetza eskubidearen alde borrokatzeko grinak poliziaren aurrean esertzera bultzatuko du, hotz artikoan bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.