Irati Zubia Landa.

Lo

2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Matthew Walkerrek estimatu zuen bizitzaren heren bat pasatzen dugula lo. Eskandalizatu ninduen zifrak. Zenbat denbora da hori? Ez dakit zenbat mila ordu geldi, seko, horizontal, ezertaz enteratu gabe? Ezer egin gabe, lanik egin gabe? Nire kasuan 9 urte eta 122 egun. 3.409 egun edo 81.822 ordu. Amona nuenak 31 urte eman zituen lo. Hori da hori mania bizidunek dutena. Zer eta lo egitea, horrenbeste dagoenean egiteko.

Ez naiz sekula izan loti trebea. Txikitan hiperaktibitatea deitzen zioten, egun antsietatea. Izan ditut kariñoz gordetzen ditudan insomnio une apur batzuk. Ordu txikietan esnatu eta katua alboan dela jabetzea edo bizilagunaren leihora begiratu eta han ere lanparatxoa piztuta ikustea. Sortzen da halako intimitate berezi bat, klandestinotik zerbait duena, pertsianatik pertsianara loa galdu duten bi gorputzek topo egiten dutenean. Alabaina, hortik harago, nire lo matxuratuak zerikusia izan du, garbi esateko, prekaritate, feminitate eta gure bizia arautzen duten demanda neoliberalekin. Ohitu naiz neu ere beste edozeren aurretik loa hipotekatzera. Lanarekin konplitzeko, nerabetan bio-geo azterketa gainditzeko edota, zergatik ez aitortu, baita irakurtzen ari zaren zutabea idazteko ere.

Duela gutxi arte, neronek kudeatu beharreko tramitetzat jo dut mobida hau. Loa zela behar natural bat, jarduera pribatu bat, eta ezer gutxi zuela politikotik. Harik eta Irene Coullon hizketan aditu arte. Loa du ikergai bere doktorego tesian. Aztertzen du bere dimentsio politikoa. Loa eta lo egiteko dugun modua desnaturaltzeko premiaz hitz egin zidan. Egiaz, natural izengoitia jarri diogun ezer gutxi da naturala, supermerkatuko jogurtetatik hasi eta gizon-emakume kategorietaraino. Eta hemen, parentesi bat, irakurle. Jazarpen eta difamazio transfoboak pairatzen ari diren Euskal Udalekuetako kideei elkartasun besarkada bat bidaltzeko.

Heraklitok honela bereizi omen zituen esna eta lo ematen ditugun tarteak: esna-aldian besteekin konpartitzen dugu gure izatea; lo-aldian, aldiz, bakoitza bere mundu propiora erretiratzen da. Ez dut atsegin metafora. Mendebaldeko iruditerian pribatizatuta dago loa: bakoitzak bere ohean egin behar du, eta loaren gatazkak ere, norbere kontura kudeatu. Bolo-bolo eta eskura ditugu loa domatzeko estrategiak, iratzargailu inteligente zein kafeina, anfeta eta ausiki dosi desberdinak. Mespretxatu ere egin da loa. Lockek «eten negargarria» deitzen zion. Nik ere madarikatu izan dut sarri, 13 urterekin Sephoran nire lehenengo begi-zulo zuzentzailea lapurtu nuenetik. Logura gure gorputza gogaikarriki zaurgarria delako gogorarazpen bat da egun. Eta nekea, makinen produkzio-maila sekula erdietsiko ez dugulako sintoma.

Beste behar fisiologikoekin —demagun, elikadura— nik banuen nolabaiteko kontzientzia, gizarte egiturek erregulatzen dutela hori. Aldiz, loaren kasuan ez nuen halakorik pentsatu. Coullonek, ordea, aztertu du gizataldeek ezinbestean garatu dituztela loa erregulatzeko sistema, arau eta erritualak. Alabaina, horiexek ez dira ez ausazkoak ez berberak testuinguru sozial, historiko eta kultural denetan. Eta are, loa erregulatzen duten normek lotura estua dute esna gauden arteko arauekin. Adibidez, presio estetikoa ere pairatzen dute emakume gisa konfiguratutako gorputz lotiek. Edo esan: Disneyko Loti Ederraren pare, panpox eta bare egiten duzu zuk lo? Edota, loaren pribatizaziora bueltatuz, zer esan matrimonio oheari buruz? Soilik bikotekidearekin konpartitzeko eta familia nuklearraren sinbolo izateko diseinatua dirudien altzari horretaz? Eta iratzargailua? Noiz arte normalizatuko dugu artefaktu trauskil hori?

Lagun friki batek kontatu zidan lo gaudela garunak hondakinak garbitzen dituela, bestela neuronetan itsatsita geratzen direlako. Pentsatzen dut lo faltaren ondorioz hor kateatu zaizkidala ahaztu nahi nituzkeen hainbat kontu. Gaur goizean Joxe Ripiauren Lo abestia etorri zait burura, bekokia autobuseko gortinaren kontra nuela. «Eta orain, ene besoetan, lo gelditzen ari zera». Hondakin artean salbatuko zen perlatxoa. Konturatzerako, neure burua besarkatzen ari naiz, besoekin belaunak inguratuta. Negargurea eta logura, biak etorri zaizkit. Duela bi aste Work Bitch idatzi nuen —idatzi nion neure buruari—. Egizu lo, txiki, esan nahi dut gaur. Egizu lo egunez eta egizu lo lagunekin, udalekuetako siestetan bezala. Beste besarkada bat Bernedoko lagunei. Segi lotara, irakurle. Eta ondoloin.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.