Lide Hernando.

Hutsuneen izenak

2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizakiak sarritan hutsuneak betetzeko jartzen dizkie izenak gauzei. Ez, ez naiz hasiko orain jainkoari buruz gora eta behera, nahiz eta Eguberri garaia izan. Uste dut nahikoa hitz egin dela hutsune horri buruz jada. Baina badira beste kontzeptu batzuk, txikia nintzenetik harritu nautenak; heriotza, adibidez.

Kontzientzia hartzen zihoan haur gisa, gogoan dut gai horri buruz sarritan hausnartzen nuela. Norbait orain bizirik dago; eta segundo baten ostean, hilik. Arnastetik ez arnastera igarotzen da; egotetik, ez egotera. Non dago heriotza, hor tartean? Zenbat okupatzen du? Zenbat denboraz dago hor? Zer egiten du zehazki? Gogoan dut ez nuela ezer ulertzen. Heriotza eraikuntza bat da, pentsatzen nuen. Ez da gertakari bat, ezta trantsizio bat ere; ez baitu, demagun, fotosintesiak bezala, deskriba daitekeen eta denbora bat hartzen duen prozesu bat igarotzen. Orain norbaitengan bizia dago, eta orain ez. Nanosegundo bat ere ez du irauten.

Edo zerumuga, esaterako. Zergatik eduki behar du izena zerua eta itsasoa batzen dituen marra horrek? Ezin al gara konformatu zeruarekin eta itsasoarekin soilik? Ez al dira nahikoa, ez al dira planeta honetako gauzarik handienak?! —nire ni haurra errealista zen, baina dramatiko puska bat ere bai–. Eta marrazkietan zerua egotetik itsasoa egoterako aldaketa hori irudikatzeko plastidecor beltzez marra bat egiten badugu ere, marra hori ez da benetakoa! Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, itsasoan aurrera eta aurrera eginez gero, lekuz aldatzen doa! Begira, bestela, terraplanista gaixoak; horrenbesteko garrantzia eman diogu zerumugaren falazia horri, ezen benetako muga bat dela pentsatzera iritsi baitira!

Eta zer deritzezue Urtezaharreko kanpaikadei? Laurdenak eta hamabi kanpaiak batuta, mahatsak jaten ari garen momentu horrek minutu oso bat irauten omen du. Zein urteri osten diogu minutu hori, uzten ari garenari, ala datorrenari? Uzten ari garen urteari osten badiogu, kanpaikada horiek ezin dira hamabietakoak izan. Sartu berri den urtekoak badira, ordea, mahatsak irensten ari garen bitartean jada urte berrian sartuta egongo gara. Ala denboraren linboan kokatuta dagoen minutu bat gehitzen diogu bizitzari urtero? Existitzen ez den une batean sartuta bizi gara mahatsak kontrako eztarritik joaten zaizkigun bitartean? «Ez du zentzurik», pentsatzen zuen nire ni haur horrek. Antsietatea sentitzen nuen halakoetan.

Gero hazten zoaz, eta inguruko norbait hiltzen zaizu, edo aitona, edo txakurra, edo arraina. Eta ohartzen zara heriotzak ez duela plano erreal eta pragmatikoarekin zerikusirik, baina existitu, existitzen dela. Badela zerbait, eta gauza oso garrantzitsua, gainera. Monumentuak egiten ditugula horren kariaz, eta martxak, ospakizunak, beilatokiak, abestiak, filmak, liburuak, hiletak, lore sortak, oroitzapenak.

Eta hazten zoaz, eta ulertzen duzu zerumugaren kontzeptua agian ez dela begiekin ikus daitekeen marra bat, plastidecor beltzez egina; baina badela aurrera egitera bultzatzen zaituen akuilu bat. Eta geure munduaren ertzak zedarritzen dituen zerbait, zerbaiten barruan bizi garelako sentsazioa ematen diguna, nolabaiteko babes sentsazioa ematen diguna.

Eta, hazten joan ahala, Urtezaharreko kanpaikaden minutu osoko linbo horren azalpena oraindik ulertzea lortu ez dudan arren, badakit urte batetik hurrengora igarotzeak duen esanahi sinbolikoak zein pisu duen gugan. Enkistatutako egoerak zerotik hartzeko indarra duela aldaketak.

Hutsuneei izena jartzeak egiten gaitu gizaki.

Heriotzak zeharkatutako Eguberriak igarotzen ari zaretenoi, besarkada bero bana. Urte berriak zerumuga berriak ekar diezazkizuela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.