lizar begona

Ikurrak, totemak eta jainkoak

2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nerabe egin ginen eta aldareak eraiki genizkien gure izarrei. Izan ginen Umea akabatzeko Pirritx eta Porrotxen edo Maite Kuttunaren kartelak kendu eta Katy Perryren edo Kesharen erretratuak gainean jartzen hasi ginen. Ze esatek! edo Hesian-en posterrez bete genituen oraindik infantil samarrak ziren gure logeletako armairuak. Koaderno, agenda eta karpeten azal-kontrazaletako letrak estaltzeko ere Ken Zazpiren edo Berri Txarrak-en pegatinak itsatsi genituen. 

Nerabe egin ginen eta gu baino ederragoak ziren aurpegiak eta gorputzak gurtzen ikasi genuen. Ikono sakratuak, irudi beneratuak. Garai hartan dena izan gintezkeen, edo hori sinesten genuen behintzat. Etorkizuna oso-osorik jan nahi genuen mokadu bakarrean, kroketa handi bat nola. Ohoratzen genuen jainkoaren antza hartzeraino mutatu nahi genuen itxura, hizkera eta keinua. Eta ez pentsa zaila egiten zitzaigunik mimesi ariketa hura. Adoleszentziako superbotere hori genuen: edozer xurgatzearena. 

Gure idoloen imitaziotxoak ginen; eta horrek lagunartean estatusa eta klan-sentsazioa ematen zigun. Betizukoek flekilloa jartzen bazuten, horra gu, hurrengo egunean klasera flekilloarekin; Miley Cyrusek kontzertu batean zilborra erakusten bazuen, horra gu, biharamunean sabelak airean. Justin Bieber ilea kasko estiloan orrazten hasi zenean ere, kaskoz josi ziren DBHko korridore denak. Gero, dadiyankik «cómo le encanta la gasolina» esan, eta denok gasolinazale, alesarduik infernuari gorazarre egin eta denok oihukatzen genuen mantran deabruak lez infernuaren alde.

Ikurrak, totemak eta jainkoak. 

Denok genuen gure santutegi partikularra. Gurasoez aspertuta, erreferentziak etxetik kanpo bilatu genituen. Helduaroan nor izan nahi genuen jakiteko pistaren bat emango zigun ereduren bat behar genuen. Baina urrunegi eta altuegi jo gabe ere, gure jainkotxoen adorazio klandestinoa praktikatzen genuen batzuok: isilean-edo miresten genuen jende arruntaz ari naiz. Palkoetara igo gabe, foku, mikro eta inolako apaindura barik inguratzen gintuzten gizaki xinpleak miresten genituen tarteka:

Ikur inplizituak, totem profanoak, jainko txikiak. 

Pentsa irakasleengan, adibidez. Ez zituzten deividgeta, kolplei, leidigaga eta roberpatinson bezalako izen exotikoak; Ana, Mikel, Josune eta Maite ziren. Matematikaz harago bizitzarako behar genituen makuluak etxetik kanpo bilatu genituen. Institutuan egunean zazpi ordu ematen genituen eta, halabeharrez, bertan bilatu genituen etorkizuneko Gu-a eraikitzeko erreferentzia handi batzuk.

Joan den maiatzaren 17an (LGTBIfobiaren Aurkako Egunean) hainbat irakasle ez-heteroren testigantza batzuk irakurri nituen Argia aldizkarian. Goiburuak bihotza bigundu zidan: Irakasleak armairutik ateratzea zergatik da garrantzitsua? 

Hamasei irakaslek erantzun zioten galderari, euren esperientziak partekatuz eta eredu izatearen garrantzia azpimarratuz. Haien hitzetan, haur eta nerabeek aniztasun sexuala modu naturalean ikusi eta bizitzeko aukera izan behar dute, eta horretarako ezinbestekoa da irakasleek armairutik kanpo askatasunez jardutea. «Uste dut garrantzitsua dela ikasleen aurrean ere bollera naizela adieraztea bai erabiltzen ditudan materialekin, bai nire bizitzari buruz hitz egiten dudanean. Bestela irakasle guztiak hetero direla uste dutelako. Eta uste dut garrantzitsua dela guk adieraztea bestelako irakasleak ere bagaudela» zioen Marta Luxan Serranok. 

Egungo sare sozialen buffet librean, ikur eta erreferenteak trilioika daude. Nerabeek edonon, edonoiz eta edonola bila ditzakete gurtzeko izarrak, sakralizatzeko gorputzak edo imitatzeko mantrak. Baina nago egunero ikasgelan sartzen diren irakasle horiek pantailakoak baino eredu hurbilagoak eta errealagoak direla. Fandom-ik gabeko pertsona normal horiek (ez dira influencer-ak baina) influentzia handia dute ikasleengan. 

P.D.: Hezur-haragizko jainko txikien gurtzaren alde, beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.