Ana Malagon.

Ilarak

2026ko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da tarte honetan ilarei buruz idazten dudan lehenengo aldia. Ez da azkenekoa izango ere, adinarekin bati bere burua nahiago autoerreferentziatzeko joera areagotzen zaiolako. Zin dagizut nire kasuan ez dela egoa, ahanztura baizik. Jadanik ez dudala gogoratzen zer esan diodan nori. Baina gogoan dut eta berrikusi dut ere, duela ia hamar urte, Donostiako Zinemaldiari buruzko zutabe batean, donostiarron (eta esango nuke, orokorrean euskal herritarron) ilarak egiteko gaitasunari buruz idatzi nuela. Gaitasun horrek nire lagun alemaniar batengan pizten zuen harridura eta miresmena aipatzen nuen orduan. Gaur zeharo desberdinak diren arrazoiengatik egingo dut.

Ia hamar urtetan gauzak asko aldatu direlako, kamarada. Hasteko Zinemaldia jada ez da jada Zinemaldia deitzen batzuk hala tematzen garen arren. Orain doministiku izena du eta ingelesezko akronimo bat da, gaur egungo munduaren konplexutasun eta konplexuekin erabat alineatuta. Eta, beste alde batetik, sarrerak erosteko ilara birtualak utzita, ilara fisikoak, eguzkipean edo euripean pasa beharrekoak, desagertu egin dira (edo ez dira lehen ziren paisaiaren parte eta instituzio hori). Sarrera erostean eserlekua aukeratu ostean akabo aurreikuspena, azken orduan beti presaka dabiltzanen gorazarrerako. Ez dut esango faltan botatzen ditudanik, inork ez du film bat ikusteko porlanarekin mimetizatzen ordubete zain egon nahi, baina ni bezalako sudurluze batek belarria jartzeko aukera galdu du, eta zer nahi duzu esatea, garai hauetan aukera horiek gero eta garestiagoak dira. Oso preziatuak bilakatu dira denboragaleratzat izan ditugunak.

Gauza batek bakarrik justifikatu lezake hainbat tabernaren aurrean egiten diren lerroena: bertan nazioarteko konexioak sortzea, sudurluzeek eta belarri-jartzaileek aurrerapauso bat eman eta mingainari eraginez harremanak sortzea

Research Resistance kolektiboak ekaina amaieran Madrilgo Reina Sofia museo kanpoan gezurretako ilara bat antolatu zuen. Hamabost bat pertsona elkartu ziren ordubetez, ezerren zain ez zegoen ilara horretan. Ordubete, elkarrekin hitz egin gabe, inguruneari begira. Horren ostean, ilara desegin egin zen eta bakoitzak bere bidea hartu zuen, agur esan gabe, inolako harremanik sortu gabe. Hau guztia Natalia Cisterna antolatzaileetako bati irakurri nion. Ez dakit zenbatek zuten aldez aurretik ekintzaren berri eta zenbat batu ziren hemen doako zerbait emango dute-naren esperoan. Gauza da ordubete egon zirela hor, trantsizio bat, ilara bat beti delako beste zerbaitera eramango zaituen zubi bat, bere horretan helburu bilakatuta.

Inora eramaten ez zaituzten ilarak kontzeptu interesgarri bat iruditzen zait, utilitarismoaren kontrako zerbait delako nolabait. Ez duelako zentzurik eta ez duelako ezertarako balio.

Zinemaldiko ilarak desagertu dira baina horrek ez du esan nahi hiri honetan ilararik ez dagoenik. Nire lagun alemaniarra hemen izango balitz ikusiko luke bere herrikoak direla gaur ilara hain modu antolatuan egiten duten horietako batzuk, gosearen ilaren bertsio absurdo batean. Reina Sofia museokoak ez bezala, hauek zerbaiten zain daude, baina zerbait hori ez da ezer apartekoa batzuk hala deskribatzen saiatzen badira ere. Zerbait arrunta da, zerbait egunerokoa. Ez da patata tortila pintxo bat besterik. Ona, ez dut esango nik ezetz. Anthony Bourdain sukaldari eta dokumentalen egilearen gogokoena beharbada. Pila pila pila maitatu daitekeen patata tortila bat akaso. Baina patata tortila pintxo bat azken finean.

Gauza batek bakarrik justifikatu lezake hainbat tabernaren aurrean egiten diren lerroena: bertan nazioarteko konexioak sortzea, sudurluzeek eta belarri-jartzaileek aurrerapauso bat eman eta mingainari eraginez harremanak sortzea. Gauza arruntengatik egiten diren ilaren irudiek gerran pentsatzera eramaten gintuztelako orain arte. Eta hauek, momentuz behintzat, gerrak hasteko gogoa besterik ez dutelako ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA