Trinkotasunaren bila goaz, itzuli-mitzulirik gabe. Agian hori ere kapitalismoaren ondorio bat da? Baina ez, ez dugu uste sintesiak edo laburrak bakarrik munduaren azelerazioaren sintoma bat direnik. Film laburren fama ez da bat-batean igo. Ipuinen fama ez da bat-batean hazi. Poemak ere guttitan argitan ezarriak dira –poemak laburrak izan daitezke baina denborarekin, erreposki, irakurtzekoak– orduan ez dira arras ber denboran kokatzen. Agian bada hor istorio borobilen beharra gure euskal kulturan. Bertsolaritzak eskaintzen duenaren antzera, ipuin liburuek badute grazia hori. Fite irentsiarena baina denborarekin liseritu behar dena. Denbora, beti denbora eskaini behar diogu literaturari. Nahiz eta, intuitiboki, formatuak berak ez duen sumatzen uzten.
Paradoxikoki lan gehiago eskatuko dio irakurleari ipuin liburuak. Pertsonaien arteko loturak xerkatuko ditu istorio ezberdinetan barna. Laugarren ipuineko Uxue dea seigarren ipuinean agertzen den Uxue pertsonaia bera? Orduan, izango litzateke Paxkalen arreba? Eta istorio bakoitzari beste dimentsio bat emango lioke trikimailu horrek? Koherentziaren xerka edo hari gorriaren beha gaude liburu horiek irakurtzean: zein da istorio guzien puntu amankomuna? Estetika berdina ote da, ala ez?
Ez ote dugu euskal literaturaren esentzia edo osagai berezi bat bezala ikusi behar ipuin liburuena?
Formatu laburrak irakurle gaztea despistatzen ahal du. Ez fida beraz gomendatzen dizutelarik ipuin liburua erraxki irakurtzen ahal duzulako, laburra delako ala dena delakoa. Irakurle berriari ez nioke Garazi Arrula Ruiz-en Lurraz beste, Txalaparta (2023), eskuetan emango, lehen kolpetik. Xantza gehiago genuke irakurlea osoki galtzeko: ez luke ulertuko eta normala litzateke. Ber gauza gertatzen ahalko litzateke Eider Rodriguez-en Bihotz handiegia-rekin (Susa, 2017). Halako gomendio faltsuen arriskua hurbil da beti: «Istorio bat irakurri eta pausatzen ahalko duzu liburua, beste bat hasi aitzin». Literaturarekin gauza handirik ikustekorik ez duen argumentua gerta daiteke.
Trinkotasunak exijentzia eskatzen du. Sartu egiten zara edo kanpo egonen zara aski fite. Irakurlea harrapatu eta kontaketa batean urperatu behar duzu bi orrialderekin. Bestenaz, akabo. Pertsonaien marrazketek zorroztasun handiz eginak behar dute. Adjektibo batzuk, bizi ohitura batzuk detaileetan pasarazi beharko dira irudimena azkar lantzeko. Bataren eta bestearen arteko harremanak berdintsu, paisaiak edo testuinguru orokorra bezala. Azkenean maratoi baten emaitza da esprintean irensten diren hitzen ondorioa.
Ez ote ditugu beraz gutiesten haien itxura murritzagatik? Bere azken ipuin liburuan Eider Rodriguezek agerrarazi zuen eztabaida hori: haren pertsonaia idazle batek egiazko liburu bat idaztekotan, eleberria behar zela adierazten baitzioten ingurukoek. Rodriguezek ipuin liburu hori (Dena zulo bera zen, 2025, Susa) argitaratu zuen irakurzaleek berantetsia zuten eleberri bat idazten ari zela ber momentuan. Ez ote dugu euskal literaturaren esentzia edo osagai berezi bat bezala ikusi behar ipuin liburuena? Zonbat idazlek ez dute ipuin liburu bat idatzi? Leienda edo ahozko kondairatik badu ere ipuinak; horretan, agian, bada jendartearen transmisiorako oinarrizko tresna milenario bat ere?