Irati Zubia Landa.

Ipuinei

2025eko abenduaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenengo ipuin liburuek kartoizko orriak zituzten eta oso xinpleak ziren. Gauero, lo aurretik, ipuin bana irakurtzen genizun. Ipuinen izenez ez naiz oroitzen. Gehienetan humanizatutako animaliatxoen istorioak izaten ziren. Horrela izan zen, demagun, 5 urte bete arte. Jadanik eskolara joaten zinen eta exijentzia mailak gora egin zuen. Ezin genuen astero ipuin liburu bat erosi. Eta orduantxe, Anbrosio azaldu zen.

Aitaren hitzak dira horiek. Anbrosio hark asmatzen zizkidan ipuinetako protagonista da. Txikitan sekulako beldurra ematen zion barberu bati lapurtu zion izena, eragindako traumen ordainetan. Gure ipuinetan, Aralarren bizi zen artzaina zen Anbrosio. Aldean daramat geroztik, nerabetan entzuten nituen kantuen gelaxka berean bizi da. Ez galdetu zergatik kontatzen dizudan hau dena. Azaroak apur bat jota utzi nauelako agian, edo Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen-eko azken lerroekin aspaldian ez bezala egin dudalako negar. Kontua da ipuinei diedan estimuaz idatzi nahi nuela aspalditik. Eta Anbrosiorekin akordatzean sentitzen dudan epela da, nire kasuan, horren adierazle fidelena. «Ipuin batek auzitan jartzen du, modu dramatikoan, giza izaeraren misterioa», horixe bota zuen, elegante, Flanery O’Conorrek ipuina definitzeko. Nire txikian, esango dut ipuina iruditzen zaidala misterioz beteriko generoa.

Iñigo Astizek esan zuen ipuin bat idaztea dela tranpa bat eraikitzea, poltsikoan topatzen dituzun hondarrekin. Eta ni bete-betean erori ohi naiz. Gogotik tematuta ere, ezin dut atzeman zein den astindu nauten ipuinen gakoa. Zein den horiek idatzitako eskuek ukitu duten tekla. Eta begira batzuk zinez estrainioak direla. Esan nahi dut: Hansel eta Gretel, benetan? Bada, Irati txikia hortxe zebilen, tope in, trama ilun horrekin munduaren amaieraraino. Genaro Gomezek euskaratu omen zuen Grim anaien ipuina. Galdetu ziotenean horren tristeak izanagatik zergatik zuten halako arrakasta, zera erantzun zuen: «Haurrek —eta haurrak ez direnek— maite dituzte, irrazionalak direlako». Misterio bat dira, esan dut.

Zerk egiten du ipuin bat ipuin? Luzera izan ohi da lehen kolpean datorkigun ezaugarria. E. Allan Poek horrela jarri zien neurria: eserialdi batean irakurtzeko moduko testuak. Nahiz eta ez den erabat fidagarria. Eserialdia ordu erdi eta bi orduren artean ezarri zuen. Bi orduk eternitatea dirudite egungo bizietatik. Gainera, badira ipuin luze bikainak. Kafe tristearen balada datorkit burura eta betetzen ditu 160 orrialde erraz.

Litekeena da luzerari baino gehiago, zehaztasunari lotzea ipuinen zera hori. Craver, Borges, Txekhov eta izen handi ugarik bat egiten dute horretan. Azken horrek bihotza epel izatea ere batu zion ipuin bat idazteko baldintzen zerrendari. Filosofiatik nator eta luze baino luzeagoak dira Mendebaldeko klasikoak. Hegelen Fenomenologia, 600 orrialde; Platonen Errepublika, 500 orrialde; Kanten kritikak, 1.789, 1.788 eta 1.790 orrialde. Ez, ez da broma, irakurle. Bikaintasuna ukatu gabe, gutxirekin asko esatea, horixe izango da gaur-gaurkoz paperean gehien miresten dudan kontuetako bat. Gehien kostatzen zaidanetako bat ere bai.

Amaitzen duzunean esaldi bakar bat sobera ez, baina faltan ere ez duela sentitzea; horixe eragin didate gehien ukitu nauten ipuinek. Hitzak xahutu ezin diren formatuan, espazioa, airea, eguraldia, den-dena egiten du kontakizunaren parte idazle on batek, baita irakurlearen bihotz taupadak ere. Tonua omen deritzo horri denari. «Magia», Lucia Berlinen hitzetan, edo «giroak hitz egiten duenean», Beñat Sarasolaren arabera. Irakurri al duzu Kanikula?

Cortazarrek irizten zuen motzean direla ipuinak perfektu. Baina adierazi zuen mundu oso bat zabal dezakeela pieza atomiko horrek. Miniaturazko mundu bat, beharbada, Eider Rodriguezen hitzei jarraiki. Zeren mundu oso bat zabaldu daiteke, aparteko ezer kontatu gabe. Zerrendarik ez dut emango, baten bat ahaztuta gero ez damutzeko, baina egunerokoari zelatan imajinatzen ditut miresten ditudan euskal idazle ugari. Xehetasun apalena harrapatu eta istorio bihurtu nahian.

Jakin nahi nuke zein den kontatu zen lehenengo ipuina. Topatu ditudan teoria batzuen arabera, munduaren zentzua bilatzeko asmatu ziren. Ez naiz fio. Lehen ipuina gehiago imajinatzen dut lehen txistea bezalakoa. Norbaitek zerbait esan eta, batek daki zergatik, ezusteko batez parekoa astindu zuen. Eta gaur arte.

Lilura misteriotsua, horixe zor diet nik ipuinei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.