lizar begona

Irakurlearen eskubideak

2026ko martxoaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurle diziplinatua izan nahi du batek, baina ez da erraza: liburuko lehenengo esaldia irakurri eta whatsapp bat: «Garbantzuak eginda». Hurrengo bi hitzak irakurri eta Instagram ireki (pinguinoak artikoan, Soroizek Goya eskuan, izurde saldoak Ozeano Pazifikoan, Trumpen aurpegi laranja). Esaldi bera berriro leitu. Ping! Beste mezu bat. Paragrafo bera hasi. Loak hartu. Esnatu. Pantaila inertziaz desblokeatu. Blokeatu. Testua zerotik hasi. Ping!

Irakurle on batek egin behar ez lukeena egin: liburuak erditik ireki, atzetik hasi, orrialdeak moztu, erauzi, azpimarratu, orri-bazterretan idatzi. Kafez eta garagardoz, koipez eta txokolatez lohitu, itsaso, euri edo bainerako uraz liburu azala hezetu, horitu, gogortu, obalatu. Horiek ez dira literaturazale fidel baten ohiturak. Nahi gabe desobedientzia literarioan erortzen da bat tarteka.

Hona Daniel Pennac idazleak 1992an idatzitako dekalogo-manifestua:

I. Ez irakurtzeko eskubidea. Hau ez da antiliteratura, derrigortasun eta diziplinari uko egiteko aukera adeitsu bat baizik.

II. Orrialdeak saltatzeko eskubidea. Norberari antzuak zaizkion berba multzoak ez irakurtzeko askatasuna izatea erru sentimendurik gabe.

III. Liburu bat ez bukatzeko eskubidea. Ez zenuen azken kapitulua irakurri. Hondartza egunetako soseguan hasi zinen Pol Guaschena irakurtzen, gero udazkena heldu zen, ostean negua. Akabo. Ez zenuen azken kapitulu hori irakurri. Eta zer.

IV. Berrirakurtzeko eskubidea. Dena ez da lehenengoan ulertzen. Zerebroa euliz beteta izaten dugu. Eta paragrafo bera irakurtzeko hamaika modu eta jarrera daude. Ez egurtu zeure arreta gaitasuna, ez atera barruan daramazun polizia eusnob txikia oraindik. Irakurri behar beste, zeure erritmoan, eulirik gabe eta euliekin.

V. Edozer irakurtzeko eskubidea. E-do-zer. Hala moduzko testuak. Pulitzerrak. Planeta sariak. DBHko ipuin lehiaketako sariduna. Arinak. Dentsoak. Edozer. Testu batek ez zaitu definituko.

VI. Bovarismorako eskubidea. Bizitza idealizatuekin fantaseatzeko eskubidea, fikzioa eta errealitatea nahastekoa. Testuak irents zaitzala eta lurralde galduetara eraman zaitzala.

VII. Edozein tokitan irakurtzeko eskubidea. Besterik gabe.

VIII. Testuak gainbegiratzeko eskubidea. Ez da dena sakon eta ertzetik ertzera irakurri behar. Diagonalean irakurri, nahi baduzu.

IX. Ahots gora irakurtzeko eskubidea. Ez al dago ariketa friki bezain ederragorik testu zatitxo bat aldameneko lagunari irakurtzea baino?

X. Isiltzeko eskubidea. Zergatik hitz egin, begiek entzun dezatela. Isil dadila mundu arrunta. Sartu fikzioan.

Baina nago Penac-en manifestua ez dela irakurle on edo txarraren parametroak definitzea, baizik eta irakurketa pausatuari gaur egun diogun beldur eta ezinikusia baretzeko saiakera bat. Liburuekin adiskidetzeko keinu bat akaso. Irakurle libre, lotsagabe eta burujabe izateko gonbidapena

Pantaila txiki ahalguztiduna eta gero liburuak barreiatuta izaten ditu batek mesanotxean. Lehengoak eta oraingoak, poema sortak, fikzio errealistak, errealismo fikzionatuak, manifestu zaharrak, saiakera berriak, eskuorriak, fanzineak, nobelak, nobel sariak, testu mediokreak, testu beltzak, okreak… Denak erdi hasita, denak sasi-irakurrita.

Ez da erraza estimuluen garai dopaminikootan liburu mardul batek eskatzen duen arretari eustea. Geure gorputz garaikideari edozertan irautea kostatzen zaio. Baina nago Penac-en manifestua ez dela irakurle on edo txarraren parametroak definitzea, baizik eta irakurketa pausatuari gaur egun diogun beldur eta ezinikusia baretzeko saiakera bat. Liburuekin adiskidetzeko keinu bat akaso. Irakurle libre, lotsagabe eta burujabe izateko gonbidapena. Baina, funtsean, irakurle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA