Lide Hernando.

Iritzi-emaile

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurkoan baimenduko didazue lerro artean amorru apur bat kanporatzea. Betidanik izan naiz esker oneko, eta sentimendu horri jarraika egin ditut nire ekintzetako asko, baina batzuetan ezinezkoa da alfonbra altxatu eta azpian ezkutatzen den kaka guztiari so egiteko beharrari uko egitea.

Aste honetan beste hiru proposamen jaso ditut nire iritzia emateko, dela podcast batean, dela erreportajeren baterako, dela mahai-ingururen baterako. 2026. urtea hasi denetik, hamabi proposamen jaso ditut dagoeneko. Denetan musikaren panoramaz hitz egiteko, musikan emakume izateaz, musikaren berpizkundeaz edo gainbeheraz, musikan kapitalismoak duen eraginaz. Nire iritzia nahi dute, eta horrek poztu egiten nau, onartu behar dut. Esker onekoa naizenez, eta harrotasun bezala uler daitekeen poz bat ematen didanez erakunde, kolektibo, hedabide eta abarrak nirekin gogoratzeak, gehien-gehienetan baiezkoa eman ohi dut, ohartzen naizen arte nire agenda eztanda egitear dagoela, eta ni, bizitza sozialik gabe (azkenaldian bezala, horrexegatik ari naiz batzuei uko egiten).

Esan daiteke musikarengatik egiten dudala, kezka eragiten baitit batzuetan gure kultur alor kuttun hau zein bidezidor hartzen ari den ikusteak. Baina onartu beharko nuke niregatik ere badela; azken finean, jendea gauza hauetarako zurekin akordatzeak esan nahi baitu nolabaiteko errelebantzia bat lortu duzula, zure ahotsak inporta duela eta, are gehiago, zuk esan dezakezun horrek bozgorailu txikiagoa duten horien mesederako joka dezakeela, musikaren planeta hau bizigarriagoa izan dadin musikari guztiontzako.

Kontua da, ordea, antza denez, gehiago balio duela nire iritziak nire musikak baino. Zeren, han eta hemen, egunkari zein irrati, telebista zein podcastetan nire aurpegia edota nire hitzak agertzen ari diren bitartean, nire musika proiektuak dituen gastuak ezin izan ditut oraindik gainditu. Nire kontzertu bat nahi duten antolatzaile asko ez dira gai nik eskatzen diedan katxea (ondo neurtua eta batere puztu gabea, esan beharra dago) ordaintzeko. Sarrera truke joan naizen kontzertuetan, ozta-ozta lortu dut nire musikari eta langileei eta neure buruari ordaintzea; eta hori, gehienbat, kontzertu ostean disko eta kamisetak erostera etorri diren bihotz oneko entzuleei esker izan da.

Esango nuke, nahiz daturik ez izan, euskal musikarion arteko katxe-arrakala inoiz baino handiagoa dela egun. Iraganean talde ertainek osatzen zuten Euskal Herriko musika panoramaren oinarri sendoa

Hamabi urtez luzatu den ibilbide honetan, momenturen batean errespetagarria izatea lortu dut, baina errentagarria, ez, hori ez naiz inoiz izan. Eta niri buruz hitz egiten ari naiz, hori delako zehatz-mehatz ezagutzen dudan errealitate bakarra; baina, gai honi buruz egunkari honetan hitz egiteko ausardia bildu badut, ni bezalako ehunka gaudela dakidalako bildu dut.

Esango nuke, nahiz daturik ez izan, euskal musikarion arteko katxe-arrakala inoiz baino handiagoa dela egun. Iraganean talde ertainek osatzen zuten Euskal Herriko musika panoramaren oinarri sendoa. Egun, esango nuke ez dela halakorik. Kanpora begira musikari ertainak dirudigunok ere inurri hutsak gara. Bai, noski, txikion artean ezberdintasunak daudela argi dago, eta horietan handiena, agian, kontzertu kopuruan legoke: batzuek dezentetan jotzeko aukera dugun bitartean, egia da beste batzuek ezin izaten dutela bira duin bat osatu ere egin. Baina jotzeko aukera dugun kontzertu horiekin ez dugu irabazirik lortzen; beraz, horrek gure doako lan-karga handitu besterik ez du egiten.

Orain, aldatu musikari edo talde hitza, klase hitzarengatik, eta kontzertuak, lana hitzarengatik. Ulertzen da nondik noan, ezta?

Bai, gaurkoan nire haserrea jan duzu, irakurle, eta sentitzen dut. Baina nekatuta nago. Nik musikari izan nahi dut, ez iritzi-emaile.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA