Euskal Herritik kanpora eraman gaitzakete eta ez dakigu nora. Edo, uda gero eta gertuago daukagunez, Santa Klara uhartera ere joan gaitezke itsasontziz. Berdin dio, portutik ateratzea da kontua, betiere glamour gaindosia beste ororen gainetik jartzen baldin badugu. Brillantinaz lepo bizitzea asko atsegin baitugu; noizbait artaldetik urruntzea maite dugu, eta urrun joate hori bera urrunegi iristen ari da. Bada oporraldia exotikoa egin ahal izateko bankura kreditu bila joaten denik, ongi baitaki hilabetez ordaindu beharko duena erraz samurtzen dela Instagram-en lortutako bihotz formadun atsegin dut guztiekin.
Bolo-bolo dabil azken egun hauetan Hondius itsasontzia ere. Tira, itsasontzia bera baino, barruan joan diren bidaiari eta langileak, eta harrabotsa sorrarazi duen arratoia. Ipuin eta nobela bat elikatzeko adina informazio (egiazko zein gezurrezko) izan dugu arratoiaren inguruan: igerian ba omen zekien eta litekeena zela portutik itsasontzira iritsi izana eta gero kosk egin izana bidaiariren bati; Argentinan zeudela egin omen zion kosk arratoiak bidaiariari eta horrela, adarbakarrak igerian ikusi arterainoko literatura sortu da. Baina kito, euren herrialdeetara eraman dituzte guztiak eta jolasa berriz hasten da, seguruenera eta epidemiologiaz zipitzik jakin gabe, tximino-baztangaren kasu hura bezala, ezerezean geratzeko; betiere, COVID-19a den mamu horren etengabeko presentziarekin.
Hondius itsasontzian 114 bidaiari eta tripulazioko 61 kide zihoazen. Horra hor lehenengo koska: bidaiarien kopuruak ez du eskifaiarena bikoiztu ere egiten. Azalpena, agian, egiten den bidaia-motan egon daiteke: Hondius ez da iragarkietan ikus genezakeen gurutzaontzi arrunt bat, zeinean igerilekuak jendez lepo dauden eta, autobusetan antolatu ondoren, bidaiariek egun osoko txangoak egiten dituzten portutik gertu dauden hirietara. Azken asteetan hedabideen arreta bereganatu duen itsasontzian ez dago halako masifikazio batera eramaten duen turismorik; luxuaren inguruan dabilen ontzia da hantabirus hitza ikasteko aukera eman diguna. Bidaia bereziak izaten baitira Hondius-en egiten direnak: Groenlandia parean dagoen Svalbard uhartedira egiten dutenak, esaterako, hartz polarrak ikusteko aukera ematen du. Bederatzi egun irauten dituen bidaiak 6.000 euro inguruan du preziorik merkeena eta bikoizterainoko aukerak ematen ditu. Noski, Artiko ingurura heltzeko hegaldiak ez dira salneurriaren barne sartzen.
Diruz ondo ordaindu behar diren bidaia berezi hauek horixe dute ezaugarri nagusia: naturak eskaintzen dituen hainbat gauza ikusteko esklusibotasuna izatea
Diruz ondo ordaindu behar diren bidaia berezi hauek horixe dute ezaugarri nagusia: naturak eskaintzen dituen hainbat gauza ikusteko esklusibotasuna izatea. Dirudunentzat egindako natura-txangoak, alegia.
Gure nobelaren protagonista den arratoia ez da Svalbard uharteditik etorri, Argentinaren ia azken muturrean dagoen Ushuaiatik, baizik. Hara ere joan izan da Hondius itsasontzia behin baino gehiagotan eta, datorren udazkenerako ere baditu aurreikusita hara joateko hainbat bidaia. Esklusibo izateren kontu hori lehen helburutzat hartuta, dokumentaletatik kanpo ikusteko ia aukerarik izango ez genituzkeen hegaztien hegaldia erreparatzeko aukera izaten da Patagonian. Baina, hemen dator ñabardura.
Antza denez, Ushuaia inguruan ba omen dago kontrolik gabe hazten ari den zabortegi bat eta asmatu zein hegazti joaten den hara elikatzera. Bingo. Txangoak egiten omen dituzte Hondius-etik bertara, zabortegian bertan, perfume usainarekin eta arratoiekin batera hegaztiak ikus daitezen. Egin literatura zure kabuz hortik aurrera.
Gehiago behar izateak eta esklusibo izan beharrak akabatuko gaitu. Arratoiak leku guztietan dabiltza lasai.