Inaki Galdos

Josebarena

2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Sare sozialetan jarraitzen dut, asteroko bere zutabeak gustura irakurtzen ditut eta Eusko Legebiltzarreko bere zenbait parte-hartze ere gogoratzen ditut. Baina hortik aurrera ezer gutxi. Ez dut pertsonalki ezagutzen eta ez daukat berari buruzko informazio askorik. Beraz, ez naiz gai jakiteko Joseba Diez Antxustegi EAJko Arabako zerrendaburu egokiena den, are gehiago Batzar Nagusietako alderdiaren bozeramaile izendatu berri zutenean. Halaber, ez dakit lurraldeko batzokietan egon den mugimenduan ezkutuko arrazoirik ere badagoen; baina, boteprontoan, ezin ukatu poztu egin nauela gertatu denak: EBBk luzatutako proposamenean agertzen ez zen pertsona bat, zerrendako lehen postuan jarria militantziaren bultzadari esker. Argi dezadan ez nauela poztu EAJn jazo delako, EBBri gertatu zaiolako edota protagonistak urlia, sandia eta berendia izan direlako. Alderdi baten baitan —edozein alderdiren baitan— agitu delako baizik.

Baiki, etsigarria da hauteskunde atarian gaudenetik esparru horretan gertatzen ari dena. Imanol Pradales jelkideen lehendakarigaia izango zela filtrazio baten bidez jakin zuten bere alderdikideek. Ez zen asteburu gozoa izan hura eurentzat, gero gauzak zuzendu dituzten arren. EH Bilduren kasuan, berriz, zuzendaritzak Pello Otxandianoren izena proposatu eta egun gutxira, hau da, barne prozesua oraindik hasi berria zegoenean, Bilboko Euskaldunan ekitaldia antolatu zuten; hautagaiaren aurkezpena, nolabait esatearren. Ez zen hura elegantea izan, eta ez zirudien oso zaila gutxienez formak gorde eta aipatu prozesua bukatu arte itxoitea, bilkideek iritzia eman arte. Hilabetean gehienez ere, Juana Bixenta Olaberen beste eskaera hura gogoan.

Bilbokoaren bezperan, Madrilen, Podemosek beste ekitaldi bat antolatu zuen, surrealista erabat. Hau izan zen gidoia: Ione Belarra idazkari nagusiak Irene Monterori eskatu zion aurkez zedila hauteskunde europarretako primarioetara eta Irene Monterok onartu egin zuen eskaera, bertaratutakoen txaloen artean. Pentsatzekoa, aukera berdintasunean aurkeztu nahi zuten militanteen etsipen eta haserrea. Lekutan geratu dira garai bateko asmo berritzaile haiek.

Eguneroko ogia da hori guztia, nahiz eta behin eta berriz politika egiteko molde berriak iragartzen diren. Are gehiago, badirudi okerrera doala kontua, arrazoi oso sinplea dela medio. Izan ere, gero eta gutxiago dira alderdietako kideak, are gutxiago militante aktiboak. Beraz, gero eta errazagoa kontrolatzea. Agian horregatik, lotsa puntu bat dela medio, ematen zaizkigu orain ia beti barne prozesuen emaitzak ehunekotan eta ez, garai batean bezala, zenbaki absolututan. Izan ere, ez omen da gauza bera alkategai bat militantziaren %70ek aukeratu duela saltzea edo bozketa 14-6 irabazi duela onartzea, milaka biztanle dituen herrian. Lantzean behin agertzen diren olatu berriek sortutako bozkario iragankorrak edota barne borroka oso puntualak alde batera utzita, onar dezagun horretara ohitu beharko dugula, ohitu garela. Formalismo hutsetara, batzuetan errespetatu ere ez direnak egiten gainera.

Izan dira garai hobeak, hala ere. Eta, egiaren izenean, Espainiako sozialistak izan dira kapitulu eder askoak idatzi dituztenetako batzuk, 1998ko Borrell-Almunia borrokarekin hasita. Jelkideengana itzulita, hauei ere onartu behar zaie garai batzuetan batzokiz batzoki izaten zituzten lehia eta bozketak barne bizitza oparo eta kultura demokratiko sakonaren adierazle zirela. Barrutik bizi zituztenentzat mingotsak sarri, baina kanpotik jarraitzen genituenentzat eskertzekoak oso. Entretenigarriak ere bai, goizero egunkaria bezperako batzarretako emaitzak ezagutzeko egarriz irekitzen genuenontzat. Baina ez, ez doa kontua hobera alderdietan. Horregatik poztu gaitu Araban Josebarena gertatu izanak. Eta, ezusteak ezuste, planen bat okertu bazaio ere, alderdiko zuzendaritza bera izan beharko litzateke gertatu izanarekin pozik egoten lehena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.