Maddi Aiestaran

Kaixo

2025eko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konplikatua iruditzen zait toki inportanteetan hitza hartzearena. Nori ematen zaion horietan tokia, nork hitz egiten duen non, eta zenbat, zeren inguruan, nola. Konplikatua iruditzen zait toki batzuk inportanteak direlako automatikoki gurean, eta, beraz, baita hor dabiltzanak ere. Edo, behintzat, horrela jokatzen dugula iruditzen zaidalako, zenbait ahotsi tokia, zilegitasuna eta inportantzia eman eta eman. Amorrua ematen dit batzuetan; izen-abizen jakinen bila aritzen naiz, beste batzuetan, periodikoetan.

Horietako hainbaten artean imajinatuta nire izen-abizenak, paralizatu egin zaizkit atzamarrak teklatuan. Hamalau aldiz planteatu dut zer pintatzen dudan nik orriotan; lagun minek barru-barrutik errepikatu didatenez, «pila bat, Maddi». Baina erabat sinetsi ez, eta nire zein ni erakutsi nahi dudan neurtzen topatu dut neure burua. Gairik aproposenaren bila, irudi esanahitsuren baten bila, esateko modu politen baten bila. Orrialde erdia bete, eta ezabatu. Paragrafo bat bukatu, eta ezabatu. Inoiz idatzi dudan gauzarik interesanteenaren bila-edo. Topatu nahiko banu bezala norbaiten gustura jositako testu bat. Nor jakinen gustukoa izango dena, eta nirea ere bai, bide batez. Eta amorrua eman dit, ze dena delako testua idazten pasatu behar nituen orduak pasatu ditut neure buruari zilegitasun nahikoa nola eman asmatzen; eta hor nonbait hainbat eta hainbat ariko dira, haien testua sortu ahala, haien buruari tokia, zilegitasuna eta inportantzia eman eta eman.

Ardura eskatzen du tokiak hartzeak, tokietan hitza hartzeak. Eta horrek darama bat burmuina presionatzera, egoteko unean uneko gaietara adi, jartzeko hitz zehatzak ikuspuntuei, gatazkei, iritziei. Eta presio eginda ere, nahikoa ez delako sentsazioak hartzen du gorputza askotan, entrega eguna hurreratzen denean. Eskerrak hor dauden lagunak, pisukideak, ahizpak, bizilagunak, irakurtzen dituztenak hitz horiek denak eta eskaintzen dutenak indarra egindakoa ontzat jo eta testuak bukatutzat emateko.

Ez dakit batek zenbat pintatu behar duen toki batean, hantxe egoteko. Esango nuke jende asko ari dela, askorik pintatzen ez duen tokietan, han eta hemen, hitzik askatu gabe hizketan. Eta beti gabiltzala gorputz eta ahots berberok etengabe dena zalantzan jartzen, erabakiak hartu eta hartu, hitza hartzera goazen bakoitzean. Toki inportantea dela hau, baina izan daitekeela inportantea hemen idaztera noana ere. Edo ez dela horren toki inportantea hau, eta izanda ere, neurtzeko konplikatua dela gauzen inportantziarena. Esango nuke buelta askotxo ematen ari naizela kontuari. Orduan, ba, esango dut, hemen pila bat pintatu edo ez, hitza hartzera noala, eta kaixo.

Esan nahi nituzkeen gauzak esango dituzten hitzak nahi nituzke hemen jarri. Ez inoizko gairik aproposenak, irudi esanahitsuenak eta esateko modu politenak. Ez inoiz idatzi ditudan gauzarik interesanteenak. Ez besteren gustura jositakoak. Baina bai tentuz eta esanahiz jantziak. Toki hau baliatu eta erabili egin nahi nuke gauzak kontatzeko, gauza inportanteak eta ez direnak horren inportanteak.

Konplikatuena hitza hartzearena iruditu izan zait beti. Emandako toki honetan, behin hitza hartuta, beti egongo da zer kontatua.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.