Irati Zubia Landa.

Kaleak, paretak, gauak gureak dira

2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezagutzen al dituzu galtzagorriak, irakurle? Izaki bihurri batzuk dira, ñimiñoak, jostariak, hiperaktiboak. Edonor gogaitzeko moduko energiaz imajinatzen ditut nik. Behinola, orratzontzietan bizi zirenean, gauez irteten ziren, unean-unean egokitzen zen lana edo gaiztakeriaren bat egitera. Egun, inork ez daki zehazki non, baina badakigu hor zehar dabiltzala. Goizeko ihintzarekin batera agertzen baitira haiek bart utzitako aztarnak. Aurkeztuko dizkizudan bi lagunei galtzagorri tankera hartzen diet nik.

Donostian eta inguruetan ibili bazara, ikusiko zenuen izartxo trajedun amable bat, paretaren batetik zuri irribarrez. Edota lore formako eta kolore biziko alu bat. Sarri, ortzadar koloreko bihotzak eta aldarri transfeministak lagun. Wohou Kaleko Izarra eta Aluaren Neska grafitigileen sinadurak dira.

Espazioaren okupazioak, oro har, zerikusi estua du zismaskulinitatearekin, eta grafitia ere ez da salbuespen. Grafiti hegemonikoak badu zerbait denoi ezagun zaigun gizonak elkarri zakila neurtzen horretatik. Horretaz ere badakite puska bat bi hauek. Ez dirudi kasualitatea paretetan zer-eta aluak pintatzeak. Bizi osoa pasatu dugu eskolako pasilloetan, parkeko bankuetan edota taberna zuloetako ateetan zakil zirriborratuak ikusten. Horrenbestekoa izan da zakil enpatxoa, ezen institutuan sexu heziketa klasea ailegatzen zenean inork ez zekien ganoraz alu bat nola marraztu ere. Panorama horren erdian agertu zen Aluaren Neska, eta piztu zuen zerbait gugan.

Wohou bete-betean dabil Hau gerra bat da! kanpainan. Izartxoari aldarri transfeministak gehitu zizkionean hasi ziren bere grafitiei erasotzen. Eraso LGTBIfobo, arrazista eta faxistak. Hori ere ez da kasualitatea. Udala ez da bereziki tematzen gorroto diskurtsoak ezabatzen. Grafitia ilegala den neurrian, poliziaren bitartekaritzatik at abiatu du salaketa, eta horren harira kanpaina. Kontatu du batzuetan erasoen jomuga izan den izarren bat garbitzera joan eta ezagutzen ez duen norbaitek konpondua ziola jada. Galtzagorriak existitzen dira, esan dut. Ez al da itxaropentsua?

Lerro hauetan izan dut behin baino gehiagotan espazio publiko deritzona hizpide. Kalea arautzeko eufemismo bat iruditzen zait. Ordena hegemoniko jakin bat mantendu eta hortik kanpokoa zokoratzeko balio du. Badirudi kalean baimentzen diren mezu eta irudiek zerbait saldu edo arau bat agindu behar dizutela beti. Hesiak, autobideen ertzak, markesinak, plastikozko mahai eta aulkiak. Hiriko txoko orok du iragarki bat zintzilik.«Zergatik jarri dezake Coca-colak bere sinadura hor eta nik ez?»,dio Aluaren Neskak.

Manuel Delgado antropologoak seinalatu du espazio publikoan ordena ezartzeko premia ez ezik hura txukun eta garbi mantentzekoa ere baduela sistemak. Txukun eta apain, hain zuzen, inbertitzaileei erakargarri egiteko. Bada pintada eder bat, Este graffiiti baja el precio de tu alquiler, dio Wohouk. Ezin hobeto laburtzen du nire hirian —eta ziur zurean— gertatzen dena.

Nik ez dakit posible den hiriak bukoliko izatea. Larre ederren faltan, porlan artean bizi garenok zatarra den hori erromantizatzeko joera dugu, akaso. Ordenaren pretentsio horrekin nire hiriak gero eta gehiago du Ikeako katalogo baten tankera. Dena garbi, inpoluto. Dena de serie, dena aspergarri. Grafitia ez zen etorri kalea apaintzera, ez behintzat horretara bakarrik. Janzten ditu kaleak identitatez. «Kaleak, gauak eta paretak gureak dira», esan zuen Tarde Y Mal fanzinean Aluaren Neskak. Neroni ume obedientea izan naiz ia beti (ai, feminitatea...), baina gogoan dut eskolako mahaian konpasaren punta zorrotzaz idatzi nuela Irati <3 bat. Pentsatu nahi dut, nire txikian, ezarri zidaten ordena zartatzeko ahalegintxo bat izan zela.

Ados, irakurle, kalea ez da inorena, baina zer nahi duzu esatea... Plazak jabe bat izatekotan, nahiago ilunabar aspertu batez banku hartan Maria eta Maddi betiko idatzi duten bi lagunena izan dadila, une batez bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.