Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Kentzen, hartuten, batuketan

2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ondradu izatea dohainik aspertzea da», zioen Jardiel Poncelak, eta haren antzezlan bat balitz legez, zergak ordaintzen ez dituztenen insolidaritatearen kontrako borrokatzailea, iruzur fiskala egiten zutenen kontrako kanpainen errege eta ia-ia Gobernuko presidentea izan zitekeena, lotsagabe-tzat tratatzen duten telebista eta irratiko mikrofonoetatik. Gai judizial zein politikoen adituek diotenez, Gobernuak antolatutako komedia izan da Ratoren inguruko guztia. Antza denez, epaile, fiskal eta antzerkiaren beste aktoreak zuhurtziaz aukeratuak izan dira, Ratoren pelikula grabatzeko bertaratutako mila kamerak eta argazkigileak bezala; den-dena, PPoncelaren lan fina omen. Gauza da oposizioaren kontrako harrizko berbak botatzen ohituta gauzkan Montoro ministroa indarrak eta kemena galduta ikusi ahal izan dugula; berari otu zitzaion Estatuak diru gehiago eduki zezan, Estatuari iruzur egin zutenei ezkutatutako zati baten ordez, beste guztia zuritzea, buelta barik, lasai asko; baina bere harrotasunean ez zuen aurreikusi gainera zer zetorkion; eta oraindik, harri txokorrak baino ez, zeren itxura guztia baitu etxea goitik behera etorriko zaiela.

Bitartean, Euskadin Ratoren alderdi berekoek, Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren kontra sutsu: dirua publikoa dela, eta ez dagoela eskubiderik, nahiz eta dirua Ratok oporretan gastatutakora heldu ez. Atzo bertan, egunkari batekDSBEren onuradunak nongoak (nazionalitatez) eta non bizi diren (herrialde edo eskualdea) diren azaltzen digu, eta, datuen artean, hirutik bi espainar nazionalitatekoak direla dio, eta erdiak baino gehiago emakumeak. Talde handi batean 65 urtetik gorakoak, eta horretan, minimora heltzen ez diren emakume alargunak nagusi. Iruzurra oihukatzen dute, sinadurak biltzen ari dira, beharrizanak dituztenak behartsuen kontra jarriz. Bitartean, euren eredu izan denak 2013an ezin izan zuen 2.884 euro baino deklaratu, Berlinen %44ko jabetza duen hoteletik17 milioiko kanona kobratzen zuen arren. PPren hondamendia dela diote batzuek, edo Estatuarena? Edo hiritarrena? Abraham Lincolnek esaten zuen: «Herri zati bat tarte baten engainatu ahal bada ere, ezin da Herri guztia denbora oro engainatu». Egia biribila.

PP berbera, egunokaz zabaltzen dabilena Euskara gaiztoari adarrak irten zaizkiola. DSBEren antzera, herritar batzuek beste batzuei bizimodua kentzeko tresna bilakatu dela dio. Berriz ere «herrialde saltzaileek», mendekua hartu nahian, Euskadiko buru den Herrialdea menderatu nahi dute, eta arma sofistikatu bat erabiliz lanik onenak kendu. Euskararekiko eskumena aldarrian dabiltza, onartezina delako orain arte euskararen sustapenerako emandako diru kopurua, euskara inposatzeko, arabarrak mespretxatzeko. Arabarrak?! Ene ama! Segur aski hauek ez dute jakingo euskaraz egin zen lehenengo dotrina, lehenengo almanaka, lehenengo antzezlana edo euskaraz egindako lehen komikia arabarren eskutik izan direla eta Araban eman zirela, 1832an, Euskararen akademia sortzeko lehen pausoak, gaurko Euskaltzaindiaren oinarri. Joan den astean, Bizkaian, Labayru fundazioa eratu da bizkaieraren onurarako, ondo baitakigu euskalkien osasuna dela euskararentzako oinarrizko bermea. Bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera, eta Araban? Pujana arabarrak egindako ikerketa bat arabarrez egon daitezkeen aztarnak bilatzen saiatu da. Bertan, eta hainbat idazki eta datuak bilduz, ematen du badagoela euskalkiaren adierazgarria izan daitekeen -ketan aditz atzizkia, zeren oraindik ere Leintz haranaren inguruan, esate baterako, gipuzkeraz garbitzen eta bizkaieraz garbituten esaten den bitartean, garbiketan esan ohi da. Zalantzak ote? Ni badaezpada ere, zatiketan gure gaituenetatik arineketan alde egin eta batuketan gaituena indartze aldera Araban ere bagarelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.