Aner Peritz.

Kirola: misoginia eta transfobia eskutik

2026ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txarra izan naiz beti kirolean. Saiatu nintzen. Utzi egin nuen, nahiko amorratuta. Ziurrenik ez da kasualitatea. Aurten futbol talde bat sortu dugu Zarauzko plaieroetan, futbol talde kuir bat. Harri denen azpian dago bollera futbolzale bat, eta gero beste batzuk. Nesken ligan ari gara. Oraingoz ez dugu kexa edo irain transfoborik jaso, uste dut txarrak garelako dela. Eskerrak.

Ezin du gauza bera esan Imane Khelif boxeolariak. Askok oroituko du 2024ko Olinpiar Jokoetako polemika. Haren aurka galdu zuen tipa bat kexatu egin zen, funtsean, Khelifek fuerte jo zuelako. Boxeoan. Olatu transfobo handia sortu zen, mediku txostenak exijitu zizkioten Khelifi X-ko incel anonimoek, debate mediatikoak izan ziren haren gorpuzkera aztertuz... iaz kirola utzi zuen. Oharra: ez baduzu kolperik jaso nahi apuntatu xakean.

Antzeko kasu gehiago ere agertzen dira aldian-aldian transfobia zabaltzeko bide gisa. Balirudike kategoria bitarrak gainditzen ditugunok garela arazoa, eta ez epistemologia bitarra bera. «Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu...»; nola zen?

Hala ere, kirol kategoria generizatuen arazoen oinarria ez da transfobia, misoginia baizik. Gizon eta emakumeek lehiaketa bereizi eta azpikategorizatu gabeetan parte hartzeak jende asko uzten du kanpoan, ez transak eta ez-bitarrak bakarrik. Saskibaloitik kanpo baxuak, atletismotik kanpo hankamotzak, sumotik kanpo argalak, balletetik kanpo lodiak. Era berean, emakumeak gizonei gailendu izan zaizkien kirol mistoetan emakumeak kanporatu izan dira, edo kategoriak banatu.

Emakumeengan ahultasuna naturalizatzen dutelako dira misoginoak gizon eta emakume kirol-kategoriak. Esan nahi baitute: emakumeak izatez direnez txarragoak baina haiei ere leku egin behar zaienez liga sekundarioetan jarriko ditugu, eta lehia daitezela ahulen artean. Ahultasun hori, ordea, produzitua da, eta oso produktiboa erregimen heteropatriarkalarentzat: emakumeak txarragoak dira kirolean, ez dezatela horretan astirik gal (ea bestela nork zaintzen dituen haurrak).

Inoiz gimnasio batera sartu denak ongi daki zergatik den produzitua ahultasun hori. Zein tresna dituzte emakumeek haien gorputzak gizonek bezala indartzeko (denbora, espazioa, dirua...)? Zein baldintza ekonomikotan ari dira prestatzen zure eskualdeko emakume kirolariak? Eta gizonak? Zein espazio propio dauzkate? Zenbat emakume profesional daude eta zenbat gizon? Noiztik ari dira emakumeak kirolean, zein baldintzatan eta zein helbururekin? Zerekin egiten dute amets 14 urteko neskek eta mutilek? Zenbat mendetan zehar errepikatu da hau? Zertara egin da gorputz bakoitza eta zertara egiteko aukera ematen zaio egun? Galdera hauei erantzun gabe determinismo biologikoaz, gaitasun fisiologikoez eta esentzialismo unibertsalaz hitz egitea txapuza patriarkal bat baino ez da.

Kirolerako, beste alor guztietarako bezala, okerrak dira gizon-emakume kategoriak. Hitz egin dezagun, sinplekeria historiko konbentzionaletara jo gabe, benetan eragiten duten faktoreez: altueraz, pisuaz, indarraz, ez dakit. Egiten da, gainera, eta hargatik dirudi hain arbitrarioa ustez zehatza eta unibertsala omen den kirol arautuak. Boxeoan pisuaren araberako kategoriak daude, adinaren eta herrialdearen araberakoak kirol guztietan, hipikan batera lehiatzen dira gizonak eta emakumeak, eta ez dago gizonen kategoriarik igeriketa artistikoan. Arrazoiak hainbat izan daitezke, noski, baina kategorizazioak ezberdinak dira. «Hemen bakoitzak nahi duena egiten du», esango luke gure amak.

Eta hau kirol profesionalaz, baina zertan ari gara 12 urteko haurrak banatzen? Patxangak eta torneo herrikoiak segregatzen? Ez da, noski, elkartu eta kito izango. Sor ditzagun kategoria berriak, giza errealitatearen konplexutasunari erantzungo diotenak. Pentsatu beharko da kirol motaren araberako formulak nola aldatu, arauak berregin, egiturak diseinatu. Horrek, ordea, indarrean dauden paradigmak hautsi eta berriak sortzea eskatzen du, eta lan egin behar da horretarako. Baina horrek ezin du aitzakia izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.