Larunbatean, Iruñeko alkate ohi Enrique Mayak deigarria egin zitzaidan artikulua plazaratu zuen Cordovillako berripaperean: Ernegazioa Iruñeko udaletxean? Kontatzen zuen lagun batek berriki galdetu diola ea zergatik dabiltzan erregionalistak horren suturik herriko etxean, eta jarraian sumindura horren zergatia azaltzen saiatzen zen.
Excusatio non petita... Lagunaren galderaren figura erretoriko nahikoa primarioak nekez ezkutatzen zuen udalburu ohiaren bistako aitortza: oposizio faltsuki ernegatua egiten ari dira, eta haien jendea nekatzen hasi den beldur dira. Argudio anabasa luzeak jarrera itxuratia justifikatzeko zailtasunak uzten zituen agerian: AHTa, Aralarko aingerua, Nafarroako Ubidea, ikurrinaren inposizioa, entzierroaren etorkizuna...
Maya madarikazioka irudikatu nuen haren artikuluak argia ikusi zuen egun horretako arratsaldean, Iruñean kale istiluak hasi zirelarik, kale borrokalarien kontra, baina ez istiluak eragiteagatik beragatik, baizik eta harri jaurtiketa saioa lehenago ez egiteagatik: buru erregionalistak meningeak askoz gutxiago zukutu beharko zituen artikulu autojustifikatzailea izkiriatzeko, baldin eta indarkeriaren komodina eskura eduki izan balu.
Erregimen zaharraren zaleek argi dute apustua: hurrengo hauteskundeak irabazteko haien boto-emaileak mobilizatzea aski zaielakoan daude, laukoarenak berez desmobilizatuko direlakoan. Hartara, marko aldaketarik, diskurtso berririk, autokritika zipitzik ez.
Azken hamarkadotan hegemonia kulturala bermatu dieten bi zutabeei eusten diete: kudeaketa eta identitatea. Lehengo goiburuak, UPN kudeatzailerik hoberena daeta badatoz baskoak;oraingoak, laukoak gaizki kudeatzen du eta laukoak Euskal Herrian urtu nahi gaitu.
Eskuin mediatikoak horiek zabaltzeko makineria ederki koipeztaturik du. Cordovillako erredakzioan gozatzen ari dira, behingoz kontrara jokatuz, Nafarroan beste inon baino eskuindarragoa den irrati espainiarra, zein tokiko telebista bat lagun. Interneteko lokatzetan sartzeko, webgunea berria sortu dute Espainiako ereduari jarraituz. Eta aurrerakoiak nagusi diren sare sozialetan jarduteko, troll saldo (dialektikoki) bortitza sortu dute, edonor kikiltzeko modukoa.
Markoa, diskurtsoa, bitartekoak, estrategia osoki koordinaturik dauzkate. Ezin gauza bera esan aldaketaren aldekoez. Itxura guztien arabera, Gobernuak uste du kudeaketa ekonomiko txukun batek salbatuko duela. Ez du potentzialtasun hegemonikoko errelatorik sortu. Ezta, sikiera, argumentario txukun bat. Aldaketaren aldeko lau indarrek ere ez. Eta horrela oso zaila da eragile sozialak engaiatzea, boto-emaileen desmobilizazioa ekiditea.
Ez dago aldaketaren aldeko gehiengo sozialari begirako estrategia komunikatibo amankomunik. Bakoitzak bere aldetik jokatzen du. Dauden komunikabide urriak ahul daude, eta horiek indartzeko edo berriak sortzeko zeuden bitarteko eta indar apurrak telebistetan xahutu dituzte, azken esleipenean UPNko gobernuak hain justu xede horrekin oparituriko lau lizentzien amua barru-barruraino irentsita. Interneten, eskuin mediatikoaren lokatzari eta troll saldoari aurre egiteko estrategia argirik ez. Hori guztia, legealdiaren erdibidera iristen ari garen honetan.
Bistan da egun erakundeetan boterea eskuratzea ez dela nahi bezain eraldatzailea. Inertzia ustelak dituzte. Botere mugatua dute. Botere instituzionalaz landara, ezinbestekoa da hedabide propioak garatzea, sare ekonomiko kooperatiboak sortzea, jendeari lorpen ukigarriak ekarriko dizkioten defentsa egiturak eraikitzea. Baina, edonola ere, erakundeetan boterea eskuratzea lorpen historikoa da, doike. Ea lorpen historiko bati ez zaion hanka sartze historikoekin erantzuten.

ARKUPEAN
Komunikazio amankomuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu