Tiroak. Hitz ttipi eta esaldi motz. Hau da gure jendartean kausitzen ahal dugun zapalkuntza xume bat. Jende handien ttipikeriek dituzte indartzen. Gaur egun, bestearen zapaltzeak baitu indar geure buruei leku bat egiteko. Esaldi zuzenak baliatu gabe, azpi entzunak baliatuz, hor sorrarazten da duda bestearen baitan. Gure gorputzean, duda horrek geroz eta toki gehiago hartuko du. Geure buruak erotu arte. «Baina hori erran duenean, halakoa erran nahi zuen?». Etengabeko barneko solas hori dugu etsai. Gure barneko konfiantzari uko egiteko bide zuzena darama.
Susmoa. «Ber tokian ikusiko zenuke zeure burua zonbait hilabeteren buruan?»; «zintzoki, nola sentitzen zara». Berez esaldi normalak dirudite. Hala ere, kontestuaren arabera ez du ber eragina. Problema igorlearen intentzioaren baitan kokatzen da. Galdera desbideratu horiek gure barnak korapilatzen ahal dituzte. «Erran nahi du ez nintzela ene tokian?», «ez naizela zilegi hemen izateko»; edo alderantziz «nahi dute ni hor egotea?». Zalantzaren munduan, kezka sorrarazten digu bestearen erranak.
Sareak. Geroz eta argiago dugu elkarren babesak lotura azkarrak sortzen dituela zapaldu nahi gaituztenen aurka. Lotura afektiboek, ideologikoek, baita ere zirkunstantzialek, desegite saiakera horri buru egin diezaiokete. Hitz neurtu eta lagungarriei esker, kontrako joera indartuz. Horretan, sareek giro bat sortzen ahal dute: joera zapaltzaile batetik sanoago batera joz.
Zaintza. Besteari kasu egitea ez baita erraza konkurrentzia mundu honetan. Bata bestearen kontra jarri dugu elkar besteari zeozer hartzeko. Bistan dena, sistema kapitalistak zapalkuntzen bidez indartzen du bere burua. Geroz eta gehiago ekoizteko, geroz eta hobekiago produzitzeko bidea batzuen monopolioan oinarritzen baita. Modelo kooperatibista anomalia bezala irudikatzen ahal dugu espazio horretan. Sustut kooperatiben gobernantza oinarritzen bada egiazko kolektibo orekatu baten oinarrian.
Arazoa dugu gatazkaren gibelean zapalkuntza nagusitzen dela, eta ez eztabaida. Zaintzak, berez, ez du eztabaidaren bidea ukatu behar. Oreka horretan dago: besteari desadostasuna adierazi bere pertsona tirokatu gabe
Kolektiboa. Bat gehi bat berdin bi. Aliantza afektiboak, ideologikoak edo zirkunstantzialak oinarri, kolektibo gisakoak sortzen dira. Elkar entzun eta babesteko sareak. Ikusezinak diren harreman horiek, berez, mugitzen dute mundua. Hasteko, hala pentsatu nahi genuke.
Konfiantza. Ezinbestekoa den elementua. Sistema instalatu baten egiteko manera elkarri hitz emate zintzoak eta babesak erakustea litzateke. Hau litzateke mundu ideala. Zuzentasunez, baina ez beti goxotasunez elkarri erranbeharrekoak plazaraztea. Gatazkarik gabeko jendarte batek ez duke etorkizunik. Arazoa dugu gatazkaren gibelean zapalkuntza nagusitzen dela, eta ez eztabaida. Zaintzak, berez, ez du eztabaidaren bidea ukatu behar. Oreka horretan dago: besteari desadostasuna adierazi bere pertsona tirokatu gabe.
Egoa. Hau da desegin behar duguna? Desegiten gaituen munduan, egoa bazter uztea dela bide bakarra ez da hain sinple. Guk gurea elikatu behar baitugu ezberdintasunak eta desadostasunak biziarazteko gai izanik. Non ezarriko dugu muga, beraz, gatazkaren eta zapalkuntzaren artean? Agian bestearen kontrolatzeko nahikerian.