Ahaztu gizatasuna: egin dirua!
Ene beribil zaharrean ez da bluetoothik eta ez da spotifyrik eta ez dago cdrik eta ez dago musika jartzerik, ez bada irratian. Ederrekin noanean hizketan joaten gara eta irratia atzetik aritzen da, goata jartzen nire marmarrari. Bakarrik nindoan ordea egun hartan, eta irratia altu samar neraman, azkarrago joaten naiz ozen jarritakoan.Â
Irratian entzun nuen beraz liburua bazela heteroaraua praktikatzen dutenentzat ere, bueno, batez ere horiexentzat zela. Mckenzie Warckena uste dut zela, Katakrakek orain argitaratu duena; Hedoi Etxarteren ahotsa zen, aurkezpeneko hitzak izango zirela pentsatu nuen. Eta pentsatu nuen, hara, hori ere praktikatzen dut. Padelean hastea bakarrik falta zait.
Ze, bestea, kapitalismoa, hori bai praktikatzen dugula denok.Â
Beharbada horixe da egin beharrekoa, heteroaraua ez praktikatu, kapitalismoa ez praktikatu, saiatu behintzat, saiatu behintzat tartean behin –ez?Â
Ahaztu gizatasuna: izan jende, izan lagun, izan beste
Berdin dio zer pentsatzen duzun, zein ideologiatakoa zaren: komunista, anarkista, artista; berdin dio zer ikasi duzun, zer izan nahi zenuen txikitan, zer izan nahi duzun orain; berdin dio, kontrakoa balirudike ere, zure gurasoek zenbat diru, zein ondasun dauzkaten (eta zenbat anai-arrebaren artean banatu beharko duzuen harrapakina); berdin dio behar-beharrezkoa nahikoa duzun, ez duzun arropa berria erosteko beharrik sentitzen, ez zaituen kezkatzen kontuak, edo egunero ari zaren kontu korronteari begira, ura, zaborra, argindarra, telefonoa. Berdin dio. Berdin-berdin dio: diruaren gatibu zara, eta izango zara hil artean –zu hil ondoren beste batzuk izango dira diruaren mirabe: nork ordaindu behar du hileta, hilkutxa, lore sorta, eskela…Â
Beñat Sarasolak azkeneko artikuluan «giza bizitzen dominazio kapitalista» deitzen zion, eta «erraietaraino dugula sartuta» gehitzen zuen, «imajinazioa ere kolonizatzeraino». Bernardo Atxagak beste modu batera dio Miel Anjel Elustondok Argia-rako egindako elkarrizketan: «gizarte honetan dirua da gauzen neurria erabakitzen duena».
Eta beraz, utzi diozunez erretzeari, ahaztu duzunez gizatasuna, eta beste helburu bat behar duzunez zeri heldu edukitzeko, hona nire aholkua: egin dirua!
Ikaragarria baita: berdintasunik eza sortzen duen diru horrexek berak berdintzen gaitu denok –berdin balio dute zure euroak eta nireak–, eta ematen digu denoi neurria. Eta berdin balio badute zure euroak eta nireak, alde bakarra bakoitzak zenbat euro dauzkan da, ez? Ze berdin-berdin dio pertsona ona zaren, zertan ematen duzun denbora, errazagoa egiten duzun bizitza ingurukoentzat, edo atsegina zaren mundu guztiarekin (bai baitakizu denok daramagula gerra izugarri bat geure baitan –denbora hobeto aprobetxatu ez izana da neure buruari botatzen diodan bonba atomiko txikia), edo euskara irakaslea zaren, literatura gustatzen zaizun, asko dakizun perretxikoez, Koreako zinemagintzaz, Mexikoren historiaz, edo arteaz, demagun –merezi duen bakarra da: ars longa, vita brevis.Â
Berdin dio: inork ez du galdetzen nondik atera duzun dirua etxebizitzaren sarrera eskura eta beltzean ordaintzeko. Inork ez du galdetzen batere axola zaizun munduan zer gertatzen den edo zeure baitara bildua, barnebildua, kiribildua eta laburbildua bizi zaren, oraintxe gehienok bezala, –bete hutsunea: _______ gehienak bezala–, zeure zereginetan itota, zeure pantaila txikiari begira, tartean zeure kontu korronteari, mundua dirutan bakarrik neurtuz.Â
Gary Stevensoni egindako elkarrizketa batean zetorren, ez berak esana: XXI. mendean zutik geratzen den ondasun kultural ia bakarra dirua da. Belaunaldi gazteek ez dute beste erreferentziarik, Elon Musk eta enparauak bezalakoak izan nahi dute.Â
Beharbada horixe da egin beharrekoa, heteroaraua ez praktikatu, kapitalismoa ez praktikatu, saiatu behintzat, saiatu behintzat tartean behin –ez?Â
Ahaztu gizatasuna: izan jende, izan lagun, izan beste.Â