Irakurtzen ari zaren hizki hauek linbo moduko batean egoten dira zain, gure ordenagailutik bidali, Enekoitzek jaso eta zuzendu, eta paperean bizi berri bat hartzen duten artean. Testua lugorri horretan dagoen bitartean, zeharkako begirada eskaintzen diogu idatzitako gaiari, aktualitatea aldatu eta zentzurik gabeko zerbait idatzi dugun beldur. Beraz, hemen doa gaurkoa.
Sindikatuek deialdia eginda, bihar egun osoko greban egongo gara irakaskuntzan. Hizkien lugorritik idazten ari naizen honetan, ez dakit zertan ariko diren Israel eta Palestina, edota bake akordioak aurrera egin eta Trumpek gertuago izango duen hainbeste desio duen datorren urteko Bakearen Nobel saria. Ala, azken aldian bezala, Israelek trikimailuren bat sortu, arrakalaren bat bilatu eta zilegitasun osoz beste milaka lagun hilko ote dituen. Azken batean, ez dakidala irakurtzen ari zaren une honetan bertan biharko manifestazioen informazioa jasotzen ari naizen edo bihar ikaslez inguratuta jarraituko ote dudan, halako batean greba bertan behera geratu delako. Denborak ematen duen kreditu apur horren arriskua da.
Kreditua ez baita diruaren inguruan mugitzen den kontua soilik; geure burua maiz banku bat baita, eta batari zein besteari kredituak eskainiz, emanez eta oparituz pasa genezake bizi osoa. Hala, istorio txiki bat kontatu nahiko nizuke, duela astebete Donostian jazo zena, eta, kasualitatez, neronek entzun nuena. Tabernetan izaten diren elkarrizketak ondoko mahaikoen belarrietatik sartzen zaizkiguneko unea izan zen. Ondoko mahaian biharko lanuzte edo greba orokorrari buruz ari zen bikote bat. Mezua argi eta garbi askatu zuen bietako batek: hiru orduko lanuztea onartzen zuen baina egun osoko greba, ez. Oso argi esan zuen baita ere, martxoaren 8 hartan egin zen greban, lantegira beharrera joan zen bakarra izan zela eta ja! Jokaldia borobil atera zitzaiola: antza denez, nagusiak lantegira joan zen behargin bakarra bera izan zela jakin zuenean, etxera joateko esan omen zion. Soldata osoa jaso zuela ere esan zuen, jakin-minez geratu bazara.
Pertika jauzia egiten duen atletaren listoia gora eta behera irudikatu nuen. Elkarrizketaren protagonistari gehiegizkoa iruditu zitzaion greba hura eta harrotasunez betetako bere diskurtsoan bota zuen zoritxarrez askoren buruetan dagoen hitz magikoa: urrun. Palestina urrun baitago, urrunegi beharbada. Egunkarietako eskelak irakurtzen gosaltzera ohitu garen bezala afaldu izan dugu azken bi urte hauetan palestinarrekin eta euren muturreko egoerarekin. Berdin dio, urrunegi dago eta hango garrasiak ez dira sekula honaino iristen: gure zilborrak inoiz baino ederrago izaten jarraitzen du. Dirudienez, besteengatik greba egitea ez baita zilegi. Azken batean geure buruak eskaintzen baitio besteari behar duen arreta-kreditua: hiru ordu emango dizkizut, baina egun guztia ezta pentsatu ere. Hala ere, zer nahi duzue esatea, nahiago dut egia esaten duten horiek artaldean egotea bai, Palestinan gertatzen ari denaren inguruan ezer ez dakiten horiek baino. Egon, hamaika daudelako. Hori bai, badaezpada galdetu dute ea zer egin behar ote dugun bihar, dirudienez Netanyahu eta Trump izeneko batzuk mundua salbatzen ari baitira. Ahaztu zaie, salbatzaileez ari garela, Machadoren izena.
Ostegunak ere argituko du bi egun barru eta hirugarren astez aterako gara jolaslekura urriaren 25ean Bilbon egingo den manifestazioaren bezperak osatuz, Palestinako haurrak gure haurrak ere badirelako. Horretarako krediturik egongo da, azken batean dirurik galtzen ez dugulako eta argazkia dohainik delako.