Herriko alternatiba izatetik talde terrorista izatera pasatu zen. KAS, garai batekoa. Eta, beraz, atzera lerroburuetan ikusi nuenean KAS, «ai dios», pentsatu nuen, «revival iraultzailea!». Baina ez, Kale Afari Solidarioen sigla da orain. Eta hau, aldiz, pasatu da alter-Caritas laiko bat izatetik talde kriminal bat izatera. Ez hainbeste, bale, Donostiako alkateak ez die talde kriminal deitu. Baina ia.
Talde kriminal manteroei deitu ziena Bilboko alkatea izan zen. Ordenaren apologeta gailena ez da diskurtso hiperlegalista horretan (arautik at dagoena debekatu, arauaren kontra egon gabe ere; eta arautu gabea ere debekatu) esaldi debaldekoa, momentuan eskapatu zaion hiperbolea. Ondo daki talde kriminal esaten duenak horrek zer musika daukan, hori nola entzuten duen belarri askok, eta beraz horrek zer eragin izan dezakeen. Makina bat urtetako kartzela-zigor baten mehatxupean egon ziren luze Aroztegiko ekintzaileak, hain zuzen ere salaketa horren kausaz.
Bilbo eta Donostia zer bihurtzen ari diren ikusita, talde kriminalen errolda askoz eremu gehiagotara zabaldu beharko litzateke, ene mayor jaunak, herritar eredugarri asko kide lituzketen taldeak barne.
Kale-saltzaile eta afari-eskaleena baino arazo puskaz garrantzitsuagoak dauzkate bi hiri horiek. Ezagunak dira arazook: herentzietatik kanpo dauden herritarrek nekez lor dezakete etxe bat hiriotan, eta gero eta zailagoa zaie aldameneko herrietan ere. Eta erosteko nahi edo ahalmenik ez daukanak mila eta luze euro utzi behar ditu alokairuan —gelaka alokatzen diren ikasle-pisuena eskandalu bat da; hau bai, ene ustez, Zigor Kodean sartzeko modukoa—. Herritarrak bizi daitezen hiri izateari utzi, eta jendeak bisita ditzan hiri bihurtu dira. Dirua eta like asko utzi, eta aurrera. Alde Zaharrak parke tematiko bilakatuak dira, pintxoaren edo argazkiaren ehizan dabiltzan bisitariez beteta, eguneroko bizimodua auzoetara egotziz, edo zuzenean ezabatuz. Komertzio txikia, bertakoa, desagertzen ari da eta frankiziek kolonizatu dute merkataritza. Jarraitzen dute, gainera, autoentzat diseinaturiko hiri izaten, autoei ere politika migratorioak ezarriz: goi klasekoak bakarrik.
Hirien arazo nagusiek bere horretan diraute kaleak isun eta debekuen erratzez garbituta ere, baina, aizu, festak primeran pasatu dira, arrakasta erabatekoz, milaka lagunek gozatuta, suak apartak, hotel berriak irekitzera goaz, high class, eta udaren balantzea bikaina da
Jakina, honen guztiaren erantzuleak ez dira udalak eta haien eskifaiak, ez dira alkateak. Eta gertatzen da beste hirietan ere, beste alderdiek gidaturiko hirietan ere. Arazoa estrukturala da, mila aldiz esana dago. Eta norbanakoen erantzukizuna ere badago maiz: inertzia kapitalistaren gurpilean jende asko jausten da, eta beste askok propio jauzi egiten du.
Kontua da kriminalizazioaren eta segurtasunaren komodinak ezin duela bestea ostendu. Bilbotarrak eta donostiarrak bizi ahal izango diren hiriak irautea da erronka: iraunkortasuna, hiriarena berarena, hiritarrena ere izango bada. Erronka latza, zaila, bizimodua aldatu beharko baitugu bizitzeko modua izaten jarraitzeko.
Eta horretan traba eta eragozpen txikiak dira, oso txikiak, kale-saltzaileak eta afari-eskaleak.
Hirien arazo nagusiek bere horretan diraute kaleak isun eta debekuen erratzez garbituta ere, baina, aizu, festak primeran pasatu dira, arrakasta erabatekoz, milaka lagunek gozatuta, suak apartak, hotel berriak irekitzera goaz, high class, eta udaren balantzea bikaina da. Urterik urte bikaina, mahats uzta bezala.
Okupazioa %100ekoa izan dela esaten dute albistegiek, datu esanguratsu gisa, eta «hala balitz!», pentsatzen dut nik; %75arekin ere konformatuko nintzateke.
Eta agian udaberrian boto gehien jasoko dituzte «Zatoz eta konta!»-ko proselitistek, eta neurea gutxiengo zalapartari baten lantua izango da. Onartuko dut porrota. Baina gauza batez seguru nago: kriminalak beste batzuk dira.