Jende tipo bat dago jendeak urteak noiz betetzen dituen akordatzen dena. Eta beste jende tipo bat dago jendeak urteak noiz betetzen dituen akordatzen ez dena. Gero, batzuetan ahalegin handiagoa egin daiteke maiteenen urteekin akordatzeko eta, baina bueno.
Ni gehien-gehienekin akordatzen ahalegintzen naiz; akordatzen naiz, eta bestela egutegiak txibatzen dit. Ondoan izandako jende guztiaren artean, buruan iltzatuen ditudan urtebetetze egunak dira LHn gure gelakoak ziren kideenak. Galdetzen badidazue LHko 5. mailako gure gelako zerrendako hamalau zenbakia zenak urteak noiz betetzen dituen, erantzungo dizuet «ekainak 9». Eta berdin, galdetzen badidazue noiz betetzen dituen seigarrenak, hamargarrenak, 21.ak. Oraindik gaur egun, urteko 24 egun random horietan 24 pertsona horiekin akordatzen naiz, eta zera arraro xamarra iruditzen zait beti; jada ez diot zorion mezurik idatzi ohi ia inori. Lagun harreman sendo eta hautsezin haietako askotatik, horixe besterik ez da geratzen: urteak betetzen dituztela akordatzea, eta ahaztea, segidan.
Gogoan gordeta ditugu lagun ohi mordo baten urtebetetze egunak, etxeko telefonoak, helbideak. Ez dakigu non ibiliko diren, norekin, zertan, baina argazki galerian agertzen zaizkigu batzuetan haietako batzuen aurpegiak. Begiratzen diegu tarte batez nostalgia pittin batekin —edo ez—, eta listo; mobila blokeatzen dugu, edo Instagramen beste auskalo noren bideoetan katigatzen gara. Eta gero, bat-batean, gutxien espero denean, astearte goiz lanbrotsu batean etxepeko dendara erdi pijaman arrautza bila jaitsi, eta tapa!: instian irakasleek taldeak egiteko aipatzen zutenean beti-beti korrika zuregana jotzen zuen lagun min ohia ikusten duzu kalean gora. Duda egiten duzu bera ote den edo bere antz handia duen beste norbait; arraroa iruditzen zaizu toki horretan ikustea, lehenagoko insti inguru haietatik hain urruti; bera ere urduri jartzen ari dela sumatzen duzu; urduri jartzen zara zu ere; ez zaizu etortzen gaur egungo bere bizitzaren inguruko erreferentziarik burura.
Elkarrengandik hiruzpalau metrora zaudetela, «kaixo» esaten dizu; elkarrizketa hasten-edo egiten dituzue elkarrengana heldu arteko pauso deseroso denak; harridura adierazten diozue elkarri; juntatu izanaren poza ere bai, «ze ilusioa»; norbaiti buruz jakin behar izaten omen diren hiru gauza inportanteenei buruz galdetzen diozue elkarri: lana, bizitokia eta «zer moduz bestela?»; sorbalda ukitzen diozue elkarri, hitzak gastatu ahala agurtzen hasteko —jende tipo bat dago kariñoa horrela adierazten duena—; «ea berriz juntatzen garen»; eta «aio», «aio»; norbere egitekoetara alde egiten duzue biok, hezur-haragizko déjà  vu-ak utzitako tripetako azkuraz.
Noizbait izandako lagun harreman sendo eta hautsezin bakoitzak bere arrastoa uzten du. Hautsezin diot, bizien dauden momentuan hala irudikatzen direlako askotan; horixe hausten direla. Lagun ohiekin juntatzea horregatik da, niretzat, berezi xamarra; arrastoek eragin egiten dute. Niri, noizbait elkarrekin bizi izandako eszena esanahigabeak nahasten zaizkit tripan, gauzak ez ahazteko grina baten antzeko zeozer etortzen zait. Poza ematen dit sentitzeak, urtebetetze egunaz harago, zerbait geratzen dela harreman haietatik; kariñoa deitzen diot nik.
Elkarrizketa behartu eta urduri horietatik, ni, gehien-gehienetan, haien urtebetetze egunean zorion mezu bat bidaltzeko gogoarekin bueltatu ohi naiz nire egitekoetara. Eta lagun min aktualei kontatzen dizkiet, nostalgia pittin batekin —edo ez—, lagun harreman haiei buruz oroitzen ditudanak.