«Kaixo, reinas, zemuz astea? Gauza bat, lehengoan komentatu genun komeni dela oporrak lotzen jutea, egunak eskatzeko ta hori. Rayanerren kriston txolloa dao: Bartzelona-Sizilia 60 euro. Abixatu aber animatzen zeaten, muxuuu». Taldeko batzuek birritan pentsatu gabe eman dute baiezkoa; sartu beharko dituzten ordu extren balantzea egin ondoren batu dira beste batzuk. Eta erru eta lotsa artean tekleatu dute ezetza betikoek, aurten ere ez direla animatuko. Segundo gutxiren buruan sortu da Whatsappeko talde paralelo bat: Sizilia 2026<3. Zatikatu da, udaberriko sagardotegiarekin gertatu zen bezala, ustez beti batera ibiliko zen kuadrilla.
Pupitreen bueltan batu eta bata bestearekin mimetizatuta konpartitu dituzue lehen aldiak. Nerabetako argazkietan zaila da kide bakoitza non hasi eta non amaitzen den asmatzea, hain dirudizue berdinak. Egia da orduan ere denok ez zenutela Blackberry bera jaso opari 2010eko gabonetan. Institututik eskiatzera egindako txangoan elkarrekin eseri zineten autobuseko azken ilaran. Batzuk maldan behera zisne baten elegantziaz jaisten ziren bitartean, ordea, besteek mozkortutako ahateak ziruditen, deabruaren arrastre horietan kateatuta. Egun, batzuk ingeniari eta beste batzuk ostalari, batzuk irakasle eta besteak langabetu, gero eta ebidenteagoa da lehendik ere hor zena. Plastikozko mahai zuri beraren bueltan zaudete. Erreskatatzen dituzue anekdota zaharrak eta egiten duzue barre soilik zuek ulertzen dituzuen txisteekin. Alabaina, ohartzen zara gero itzelagoa dela arrakala. Laguntasuna eta klasea, a ze mobida. Indibidualki, hainbatek aitortu didate kontu hau minetik bizi dutela. Taldean, ordea, ez diogu sekula heldu. Eta gizarte mailan tabu bat den susmoa dut.
Juanpe Sanchezek maitasun erromantikoaren ezaugarritzat jo zuen mundu sozialaren omisioa. Alegia, maitasuna tarteko bada, botere harremanei eta zapalkuntzei entzungor egin ohi diegula. Badakizu, Pretty Woman eta Titanic. Berdin du treintañero baten eta neska gazte baten arteko asimetriak, aberats eta pobrearen arteko klase gatazkak, baldin eta benetan elkar maite badute. Orain, lagunekin ere hala al da? Laguntasunak bizirik iraun diezaieke klase arrakalei?
Garaiak ez du pronostikoa errazten. Desberdinkeria esponentzialki hazten den munduan habitatzen ditugu kuadrillak. Adibidez, aditu dut datozen urteetan Transferentzia Handia deritzona —bai, letra larriz, ez esan izenak ez duenik rollo txarra ematen— gertatuko dela. Alegia, jabetza mordo bat igaroko dela aurreko belaunalditik gurera, herentzia bidez. Eta herentziak dira desberdinkeriaren erantzule nagusietako bat, %70 batean, P. Salas-Rojo eta J. G. Rodriguezen arabera. Zer egiten da egun batetik bestera betidanik bestie-ak izan direnetako batek etxea jaso eta bestea Emantzipa amaituko zaiolako angustiatuta dagoenean? Poztu, lotsatu, erresumindu?
Bestalde, apenas dugu zirrikiturik lagunekin plan gozagarriak kontsumotik at imajinatzeko. Lekutan geratu dira petril batean bata bestearen gainean eserita igarotzen genituen arratsaldeak. Ez da soilik ahalmen material kontua, desirak ere badu bere papera. Nire inguruko kuadrilla gehienak ez ditu jende zinez aberatsak osatzen. Gehiago gara klase ertain deritzon fikzio politiko horretakoak. Gehiengo zabal bat identifikatzen da klase ertainarekin, E. Rodriguezen arabera, baina amankomunean dutena ez da errenta edo jabetza: bizi eta kontsumo eredu batzuekiko aspirazioa baizik. Pobre izaeratik aldendu garela sentiarazten diguten landetxe, furgoneta eta jatetxeak. A. Pachecoren arabera, munduan soilik %4k gurutzatzen ditu mugak aisiaren izenean. Alabaina, askoz ere jende gehiagok sinesten du badela hor zehar gu baino okerrago bizi den eta koktel bat zerbitzatuko digunik. Merezi ditugula eskapada horiek.
Ez ditut kulpatzen ene lagunak, genuinoki, bihotzez maite ditut. Ez da Benjaminen klase erresumina nik sentitzen dudana. Gehiago da inbidiaren, lotsaren eta erruaren arteko nahaste-borraste bat. Beren arrakasta txikiekin poztu nahiaren eta urruntzeak sortutako penaren arteko zerbait. Tartean inbidia eta amorrua ere baduen enpatia motaren bat. Eta ez dakit nola askatu korapiloa, irakurle. Ez zaitez inoiz aldatu, horixe idazten genion elkarri agendan. Zer diozu, eutsi dakioke BF4ever promesari lagunak eta klasea gurutzatzen direnean?