Has gaitezen jolasean, izanek, izenek eta abizenek joko izugarria ematen baitute gurean ere. Lehenengoak hartu du bere lekua, ongi merezitakoa, kontzertu batean lehenengo ilara erdietsi eta tinko lekuari eusten diona bezala. Ez da balentria, ez da zorte ona, urteetan egindako lanaren, esfortzuaren eta prestakuntzaren ondorio izan da.
Izena ere badu: Marie-Louise Eta. Europako gizonezkoen futbol-txapelketa nagusienetan pasa ez dena erdietsi du: lehen mailako talde bateko lehenengo emakumezko entrenatzailea izatea. Taldean emango duen denbora, hala ere, mugatua izango da: datorren denboraldian emakumezkoen taldea zuzenduko du. Gainera, hainbat komunikabidek adierazi duten bezala, aste honetan bertan estreinatu duen karguak ez dio arriskurik ekarriko taldeari: sailkapeneko 11. lekuan dago, Europako postuetatik urrun eta mailaz jaisteko arriskurik gabe. Hau da, ondo baino hobeto azpimarratu dute egiten duena eginda ere, taldeak ez duela askorik sufrituko; alegia, bigarren mailakotzat hartu dutela berdeguneko hamaikakoaren zuzendaritza hartu aurretik. Izango du lan-gida bat, txukuna, milimetratua eta erabat landua. Lehenengoa izango da Marie-Louise Eta, egurra jasoko du edozer eginda ere eta beste behin errepikaraziko du aspaldian ikasi genuen esaldi hura: erru guztia Etak du.
Lan-gida bat du baita ere kulturaren inguruan mugitzen den orok, musikari batek, adibidez. Proiektuak, melodiak, letrak, kontzertuak eta irudimenetik ihes egiten dizkidaten hamaika kontu. Lan-proiektuak, lan-gidak eta lĂ¡nguida-k. Horixe baita, ustezko kazetari baten esanetan Olaia Inziarte: makala, edo ahula, edo gogorik gabeko artista bat. Nahiko lan du okertu egin zaiolako bizkarra aurkezten delako beti ttikia, orain halako laudorio sorta jaso behar izateko. Ez omen zen bezperan Anje Duhaldek eta Niko Etxartek eman zuten mailara iritsi.
Gogoan dut nola galdetu zidan kazetari batek ea gai gogorregiak ez ote nituen idazten emakumezkoa izateko. Makalak ez bagara, septum-a dugu edo guk ez idazteko moduko gai gogorrak. Eta errua beti, Etak izango du oraingoan ere
Bilbon izan zen, Alhondigan. Bikain mamitutako lan-gida duena lĂ¡nguida agertu omen zen eta ez bera bakarrik: kazetariak abiada hartu eta diru-laguntzen erreinuan bizi omen direnen izenak gehitu zituen, izan Olatz Salvador, Izaro edo Idoia Asurmendiren septum-a (bere ile-orrazkera izan zen salbu geratu zen bakarra). Bezperako kontzertuaren kronika irakurtzea merezi du: ez du Duhalderen edo Etxarten gorputzen edo ile-orrazkeren berri ematen. Gaineratzen du, besteak beste, kostako zela bertaratutako ikusle kopurua errepikatzea, kontzertuaren hasieran izan ziren akustika-arazoak eraikinaren berezitasunagatik izan zirela eta inork ez zuela alde egin kontzertua amaitu aurretik.
Olaia Inziartek lortu zuen iparraldeko bi kantariek baino jende gehiago biltzea; ez diot nik, kazetariak dio. Baina, Marie-Louise Etaren kasuan gertatu bezala, ñabardurek beren lekua hartzen dute: helduak eta haurrak elkarrekin egon omen ziren edo gazteak lurrean eserita, eszenatokitik hurre. Bezperakoen kasuan, talde homogeneo bat, inondik inora. Inziartek bikain egingo zuela ez dut zalantzarik, beste emakumezko kantari guztiek egiten duten bezala, baina ñabardurak handitu egiten dira zenbait kasutan, lupa bikoitza jarrita, gutxienez; eta zer hoberik, eskanerra ondo pasa eta euskaraz abesten duten emakumezkoak ezerezaren hurrengo modura jartzea baino. Baina kontuan izan akustika arazoak eraikinarengatik direla.
Hau ez da me too bat, baina memoriak ostikoak jotzen ditu noizean behin eta gogoan dut nola galdetu zidan kazetari batek ea gai gogorregiak ez ote nituen idazten emakumezkoa izateko. Makalak ez bagara, septum-a dugu edo guk ez idazteko moduko gai gogorrak. Eta errua beti, Etak izango du oraingoan ere.