mikel elorza

Lapurretak

2026ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Louvreko bitxien lapurretak oihartzuna izan zuen 2025ean, filmek hainbatetan erakutsia benetako irudietan ikusi genuen (baldin eta «benetako irudi» gaur egun baliozko kontzeptua den!). Garai batean dudarik ez dut lapurren alde egongo ginela gehienok (esmeralda eta zafirodunak ez, noski), baina batek daki, edozer espero liteke polizien jardun errealari buruzko telebista saioak egiten diren garaiotan.

Ez ei zen, hala ere, urteko lapurreta izan. Urteko, agian urteetako lapurretaren berri 2025aren amaieran izan genuen: Spotifyren katalogoaren kopia bat egin zuten hackerrek. Kulturaren zirkulazio librearen aldeko ekintzaileek (milaka e-liburu eskaintzen dituztenak Anna’s Archive plataformaren bidez) 80taka milioi kantu ebatsi dizkiote erraldoi teknologikoari, eta jendearen eskura (belarrira?) jarri. Kantuak eta haien inguruko datuak, seguruenik informazio baliotsuena dena, dirutan neurtuta. Datuak: zer entzuten den gehien, noiz, non… Alugoritmoa gizentzen duen informazioa, alegia.

Sionisten lagun izateagatik merezi duela dioenik izango da, izorra dadila Spotify, baina bada eztabaida bat ebazten hain erraza ez dena hor atzean, egile eskubideen eta hauen ustiaketaren ingurukoa. Beste film baterako utziko dut gaia, baina lapurrekiko nire sinpatia ezin dut ezkutatu.

Handiarekin amaitu, eta handiagoarekin hasi. Mendeetako lapurretarekin. Mendeetakoa ez gizaldi batzuetan handiena izan delako, azken hiru mendeetan errepikatu delako baizik: AEBek auzoei (eta ez hain auzoei) baliabideak lapurtzea, armaz egindako ebasketan.

Eta hemen ezin ebasleekin enpatizatu.

Filma, kasu honetan, western bat da, western klasiko bat. Gaiztoak azal beltzarana du eta gaizki egiten du ingelesez, eta lurralde oso aberats baten jabe da, The Big Country-ko Hannaseyren tankerako morroi bat. Baina txintxoa ez da Gregory Peck ondo hezi eta berdinzale bat, gehiago da Errol Flynn tipoko xerifa, kasaka urdindunen laguntzaz Maduro maltzurraren atzaparretatik askatu dituenak lurralde horretako biztanleak, eta askatu batez ere aziendak eta haziendak. Filma ez da western moduan egingo, ez dago boladako generoa, baina ziur naiz ikusiko dugula marine zainart eta ausarten azioa ekran handian. Marineak izanik txintxoak, noski.

Terribleena da, noski, lapurreta honek fikziotik ez duela deus, 100 lagun inguru hil zituztela misioan, Maduro jauna eta Flores anderea New Yorkeko espetxe batean daudela, grilloak esku eta hanketan, Venezuela esku hartua eta Trump abaila bizian. Beltzera irudiak, oso beltzera.

Gainera, Etxe Zuriko imperator berritu hau Kaskazuri bertsolariaren kontrako dabil, «amantea franko, gutxi du kontrario», akaso beldurragatik asko, baina egintzak txalotzen dizkion abesbatza oso bat ere bai («jan-txakur» erabili du Iñigo Aranbarrik, ze ona!). Eta historiaren mugarri honetan, kontinentearen historia mendebaldarrean gertatu bezala, euskal herritarrak presente izan gara, Espainiaren eskuadroiko kide gisa Trump jaunari eskerrak ematen lapurretan parte hartzen uzteagatik. Hirukoiztu egingo ditugu gure inbertsioak!, esan du Zumarragako kimikariak, ugazabari eskua ematean erreberentzia eginez. Inbertsioak hirukoiztu, olrait. Eta irabaziak, Josu Jon? Zenbatekoa izango da harrapakina?

Ez dira lirikarako aroak, ezta epikarako ere. Drama eta tragedia dira nagusi. Saia gaitezen, hala ere, eusten, erresistitzen. Eta, batik bat, lapurtzen eta hiltzen ari direla kontziente izateko gaitasuna ez diezagutela ebatsi. Diskurtso eta bizimodu atsegin hurko hori da arriskutsuena, gu guztion hobe beharrez ari direla sinetsarazi nahi diguna. Hori da lapurreta sotilena, eta gure ondasunik baliotsuenetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.