«Ez, ez da nire lekua». Zenbat aldiz entzun edota pentsatu dugun hori. Hain kateatuak diren eremu politiko sozialetan espazio jakin batzuekiko bakoitzak sentitzen duen urruntasuna egunero sentitzen dugu. Edo sentiarazten digute. Ontsa sortuak direnak eroso, eta besteak menpe. Arau sozialen menpe. Lekuz leku joko sozialaren arauak aldakorrak badira ere, bizkarrezur bera aurki daiteke eskuin-ezker. Hangoa honen semea baita eta hori horren alaba. Enpresa horretan lan egiten du. Edo, Ipar Euskal Herrian hauteskunde garaia denez, halakoen menturak badira: «Badakixu, hala ere hau hemengoa duxu; ta ze gerta laike Izturitzen sortu den bati bozka emanen baginakoke Donamartirin?».
Ongi sortua izateaz gain, bada ere oraindik gizona izatea. Hauteskunde giroan, parekidetasuna derrigortu baita mila biztanle petiko herrietan. Hots, kasik Ipar Euskal Herriko barnealde guzian. Irratia piztu eta, gure herri ttikian lege berria aplikaraztea zaila dela entzuten dugu han-hemenka. «Ulertzen duzu, emazteek ez dute denborarik inplikatzeko», «jadanik bi emazte bagenituen hamar hautetsien gain; ez da gaizki, ez?» edo «emazteak zailagoak dira konbentzitzeko zerrenda batean sartzeko, argumentuak behar dira eta denbora anitz ematen dute pentsatzen erantzun bat emateko; gizon batekin bizpahiru trago ostatuan, eta egina duzu!». Ai, ze miseria gurea!
Lehen emazteen gaitasunak zalantzan ezarriak ziren. Orduan, herriko etxeko pesta edo ekimen komisioan izendatuak ziren deus galdegin gabe. Orain gehiegi pentsatzen eta zalantza gehiegi sortzen dutelako haien tokia ez litzateke bermatu behar? «Konplikatuegia da» emazteekin egitea. Ai ze miseria (bis)! Gainera, «gizon batzuek beren lekuak utzi behar dituzte emazte batzuk herriko kontseiluan izateko»; hots, gizonak lirateke kanporatuak. Haien tokitik kanpo emanak. Pentsa ezazue bi segundo: gizonek ez zutelako utzi nahi zozketan behar izan zuten trenkatu. Demokraziaren tresnak eta eskasiak aipatzean, erabakiak zorteari uzteak ez du graziarik falta. Hain zuzen ere antidemokrata bezala kontsideratzen duzularik parekidetasunaren inposaketa herriko bozetan.
Noiztenka, egoera jakin batzuek aterabide edo jokamolde aurrepentsatu ezinak sortzen dituzte. Nork irudikatzen ahalko zuen, Buztintzen, 2026ko zerrenda eraikitzeko baliatuko zutela zortea ordezkariak hautatzeko prozesuan? Politikan, zortearen sistemak posible egiten du elkarren artekoa bazter uztea. Sistema inperfektua bada ere, sistema guziak bezala, ez ote da aterabide hoberena? Edo gaitz guttien dituenak? Hala ere, gure adibidean erabakiak hartzeko gaitasunik eza erakusten du, bakoitzaren interes pertsonalak ez duela uzten biderik kontsentsuari. Kontsentsua edo hautsi-mautsia bide hoberena ote da? Segun. Baina gizonek emazte batzuei tokia uzteko erabaki ezinak patriarkatuaren erroetara garamatza. Poderea ez baita errexki partekatzen.
Plisti-plasta lohian gabiltza. Baliteke aipagai horietan mugatzea herriko bozen eztabaida Ipar Euskal Herri barnealdean: parekidetasuna eta zerrenda osoen osaketaren behartzea. Holakoetan, interes orokorretik urrun; klase jakin bateko gizon xurien pribilegioak galdezkatuak diren seinale? Menturatuko zaretenei abisua: kaskoa eta begi lagunak jantzi, hau izanen baita esperientzia zikina.