Ezin da baina, une batez bederen, ahaztu dirua.
Ahaztu dirua, ahaztu dena, ahaztu den-dena. Jarri Ruper Ordorikaren azkeneko diskoa bueltaka B aldea gora dela, eta jarri orratza aurreneko eta bigarren kantuen arteko ildoan. Eta jarri zain, noiz hasiko Hogeita hamabosgarren kantorea. Ahaztu dena eta eman arreta kantuari, itxi begiak eta erreparatu hitzei. Eta ez egin beste ezer kantuak irauten duen bitartean.
Nahi baduzu, entzun bigarren aldiz. Kaskoekin oraingoan. Etzan eta entzun. Eta erreparatu hitzei.
Non daude ipuinak, kandela itzaliek argitzen ez gaituzten honetan? Non da Denbora astegun guztiekin, bizirik dirauten ordu eta segundo guztiekin?
Atera biniloaren zorroan dagoen orri tolestua. Irakurri musikarien izenak, gaztetan egin ohi zenuen gisan. Orain segituan ahazten zaizkizu, bete egin zaizu burua, ez zaizu gehiago izenik kabitzen. Non daude egun haiek, non daude ilarrak lekatik ateratzen zituen emakumearen hatzak? Non zaude, ama?
Hildakoek ere urteak betetzen dituzuela konturatu naiz, ama. Bi modutara, gainera. Aurten 89 urte beteko lituzke, esaten dugu, eta esaten dugu, halaber, gaur 5 urte gure ama hil zela. Eta holaxe betetzen dituzue urteak hildakook, bi norabidetan, isilik eta zoriontsu eta libre, guri urteak husten zaizkigun bitartean. Beharbada Lisboan ikusiko zaitut egunen batean, parke bateko bankuan eserita, John Bergerrek bere ama bezala. Beharbada ez zaitut gehiago ikusiko, ez bada begiak itxitakoan, ilarrak aletzen sukaldeko mahai zuriaren gainean, paretako baldosa zurien gainean semeak margotutako akuarela bat zintzilik dela.
Ama, lehen ere banuen errezeloa, orain seguru nago: bada bizitza bat, fisikoa, gertaerena, ez dakit nola esan –gordeta neukan aipua baina bota egin nuen neure hitzez esan behar izateko–, bada bizitza bat besterekin eta besterentzat bizi duguna, hor kanpoan, eta bada beste bizitza bat, besterekin eta batzuetan besterentzat ere izan arren geure baitan bakarrik bizi dena, bizi duguna, bizi gaituena. Eta honetaz ere seguru nago: bata zein bestea, biak ala biak galduko dira. Gaur ozarki mintzo naiz: badakit dena galduko dela, baina ez dit penarik ematen. Irauten duen bitartean heltzen saiatuko naiz.
Eta ni non nago? Non dago ni delako hori?
Erreparatu hitzei: libre. Zer esan nahi ote du, orain eta hemen?
Orain Santarcangelo di Romagnan nago, Tonino Guerraren jaioterrian. Berea da Ruper Ordorikak hain ederki musikatu duen Hogeita hamabosgarren kantorea. Ez nuen ezagutzen. Sarean katramilatu naiz: Wikipediara joan naiz, zerbait jakin nahi dut bere bizitzaz, dena galduta izan arren, heldulekuren bat. Antonionirekin ibili zen gidoilari, Fellinirekin, Angelopoulosekin, Tarkovskirekin. Ez nuen ezagutzen, kantuarekin batera agertu zaidan arte.
Zuk txirrindulari karrerak ikusten zenituen inoiz iritsiko ez zinen lekuak ezagutzeko –eta joan beharrik ez izateko, bide batez. Ni Google Mapsen ibiltzen naiz, orduak emango nituzke, orain bezala: Santarcangeloko kaleetan barrena noa, ez dakit non jaio zen Tonino Guerra, eta ez dakit nolakoa izango zen herria 1920an, jaio zenean.
Eta lehen ere behin baino gehiagotan pentsatu izan dudana etorri zait: ez gara hain desberdinak. Santarcangelon nabil, baina berdin izan zitekeen Zerain. Banakako etxeak daude ilaran; batek eskailerak albo batetik dauzka; ondokoak, berriz, aurretik, antena paraboliko erraldoi batekin, eta arropak daude eskegita –ixigitte esaten zenuen zuk; halaxe esaten dut nik.
Herrialdearen berri ematen diguten seinaleak enkoadrez kanpo utzita, Europako edozein lekutakoak izan litezke etxe hauek, kale hauek. Antzekoa izango da Dürres, Albania, etorri zait nahi gabe bezala. Lea Ypi idazlearen Libre ari naiz irakurtzen.
Erreparatu hitzei: libre. Zer esan nahi ote du, orain eta hemen?
Diru gehiago baneuka, libreago izango nintzateke?